'Ama lur' filmaren egile Fernando Larrukert hil da
2016-10-21 09:06 ZinemeaZinema zuzendaria, editorea eta gidoigilea zan Fernando Larrukert (Irun, 1934). Nestor Basterretxeagaz batera, Ama Lur zuzendu eban 1968an.
Euskal zinemagintzearen historian mugarri izan diran hainbat filmetan parte hartu eban Larrukertek. Ama Lur da ospe handiena lortu dauena, euskal ohituren ganeko pieza berezi bat. Adituen esanetan, balio etnografiko handia dauka. 1960ko hamarkadan, euskal nortasuna aldarrikatzeko eta bertoko zinemagintzeari bultzadea emoteko balio izan eban film horrek. Donostiako Zinemaldian estreinau eben.
Pelotari filma be, 1964an, Nestor Basterretxeagaz batera zuzendu eban. Larrukertek zuzendutako beste film batzuk honeek dira: Alquezar (1965), Euskal Herri musika (1978) eta Agur Everest (1981). Zuzendu zituan film askotan, gidoigile be ibili zan. Larrukertek eta Nestor Basterretxeak Frontera Films produkzino etxea sortu eben.
Zinemaz ganera, kulturgintzako beste arlo batzuetan be ibili zan. Esaterako, gaztetan, Alaiki abesbatzea sortu eban. Irungo Ganbera Abesbatzeagaz Europa guztitik ibili zan gero. Everestera igoteko asmoz 1974an eratutako Tximist espedizinoko kide izan zan. Azken hamarkadetan argazkigintzan be ibili zan irundarra.
Zinemagintzan eta abesbatzetan egindako lanagaitik sari eta aitamen asko jaso zituan Larrukertek. 1962an, Frantziako Kulturearen Merituaren Urrezko Dominea emon eutsien eta, 1995ean, Argizaiola saria. 82 urtegaz hil da Fernando Larrukert.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!