Sustrai Colina nagusi Xilabako lehenengo finalaurrekoan

Bizkaie! 2016-10-10 09:06   Bertsolaritzea

Baigorrin jokatutako saioan, indartsu dagoala erakutsi eban Colinak. Bigarren Odei Barroso izan zan eta Miren Artetxe, hirugarren.

Sustrai Colina Baigorrin (argazkia: Bertsularien Lagunak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Giro ona egon zan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako txapelketako, Xilabako, lehenengo finalaurreko saioan. Baigorriko Plaza Xoko aretoa bertsozalez bete zan zapatuan eta gustura hartu eben sei bertsolarien jarduna. Umorerako tarte ugari egon ziran, baina bertso serioagoak be kantau zituen. Bixente Hirigarai izan zan gai-emolea.

Kanporaketak amaituta, finalaurrekoetan erabagiko da zemendiaren 12ko Xilabako finala nork jokatuko dauen. Halandabe, luzea izango da finalaurreetako lana, itzuli bitan jokatuko da eta. Ibilbide luze horretako lehenengo geltokia izan zan Baigorrikoa. Sustrai Colina zan faboritoa eta berak lortu zituan puntu gehien.

Xilaban parte hartzea etxera bueltetearen modukoa dala adierazo eban Colinak saioaren hasikerako bertsoan. Egia esan, eroso, etxean legez kantau eban urruñarrak. Epaileek 388,5 puntu emon eutsezen, bigarren sailkatutik nahiko urrun. Odei Barroso izan zan Colinaren atzetik onena, 361 puntugaz. Hirugarren Miren Artetxe izan zan (358,5 puntu).

Sailkapenean beherago etorri ziran Xumai Murua laugarrena (333 puntu), Egoitz Zelaia bosgarrena (331,5) eta Aitor Servier seigarrena (306).

Hurrengo finalaurreko saioa urriaren 15ean izango da, Izturitzeko herriko gelan, arratsaldeko 17:00etan. Bertan izango dira kantari Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Maddi Sarasua, Nahia Sasco eta Ramuntxo Christy.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu