Hemen dira Zinexit Topaketak eta Zinexit

Bizkaie! 2016-10-04 13:58   Zinemea

Zinexit Topaketeak aurrea hartu deutso Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak antolatzen dauen  Zinexit, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketeari.

Ocatavio Gonzalez eta Carlos Olalla | Ikusi handiago | Argazki originala

Oraingo honetan, siriar errefuxiatuei eta Espainiatik deserriratutako immigranteen egoereari helduko deutso A Syrian love story dokumental luzea eta Express film laburraren proiekzinoagaz. Film biak ikusi ondoren, ikusleek barriketaldi batean parte hartu ahal izango dabe Iñigo Asensiok aurkeztu eta Carlos Olalla, film laburreko zuzendarikide eta aktorea eta Maryam Fathi, iraniar Kurdistaneko errefuxiatu eta Newroz Euskal Kurdu Alkarteko kideagaz batera. Proiekzioa arratsalde honetan izango da, 19:30ean Golem Alhóndiga zinemetako 1. aretoan (Azkuna Zentroa). Sarrerea dobakoa da eta konbidapenak zinema-aretoan bertan jasoko dira.
 
Zinexit Topaketak gaur goizean aurkeztu ditue Bilbon Octavio Gonzalez, Zinexit-en programazino zuzendariak eta Carlos Olalla, aktore eta idazleak. Olallak ehun bat telesailetan eta hogei bat filmetan hartu dau parte eta, besteak beste, T. Willimas, J.P.Sartre, T. Bernhard edo B. Brecht, lako idazleen hainbat antzezlanetan be.
 
Express film laburra da zuzendaritza lanetan izan duen  lehendabiziko esperientzia. Film hau, espainiar estatuan migratzaileek bizi duten jazarpena salatzeko Madrileko CIE direlakoak ixteko plataformaren proiektu bezala sortu zen. Bertan, emaztea eta seme-alabekin batera Espainian bizi den senegaldar baten  bizipenak azaltzen zaizkigu, zeinek langabezian geratzean bizileku-baimena galdu eta deserriratu egin zuten etxekoek eta abokatuak hori eragozteko denborarik izan ez zutelarik.  Film honek, berehalako deserriratzea jasaten dituztenen ezintasuna erakusten digu,  hau da, 72 orduz atxikita egon ondoren, jatorrizko herrialdeetara automatikoki itzultzen dituzten migratzaileen egoera.  
 

Carlos Olalla, aktore konprometitua

2015eko zezeilean, antzerkigintza alorreko baldintza kaskarrak salatzeko asmoz, kulturearen BEZa merkatu bitartean, agertokiak ixteko hartutako erabagia egin eban publiko Carlos Olallak. Beraz, ordutik zinema eta telebistan baino ez dau lan egin. Urteak daroaz antzerki tailer solidarioak emoten gizarte-bazterketa arriskuan dagozan personentzako eta bere aktore lana literatureagaz konpartiduten dau: hiru nobela ditu argitaratuta; badira zazpi urte kultura blog bat dauela (La placenta del universo) eta zenbait hedabideetan kolaboretan dau eretxi artikuluakaz. San Carlos Borromeo (Entrevías) eleizea tarteko dala antolatu ditu, ETA eta GAL-eko biktima eta ETA-ko kide ohien partaidetzeagaz, 2014 eta 2015ean Madrilen egindako Euskal Herriko bakea eta bizikidetzearen aldeko topaketa biak.  
 

Milioika siriarren historia egun

A Syrian love story dokumental luzeak, orain hamabost urte atxilotuak izan ziranean elkar ezagutu eben Amer eta Raghda, Bashar-en erregimenaren kontrakoen historia kontetan deusku. Egun, ezkonduta eta hiru semeren guraso dira, eta gerrea piztu zanetik euren etxea atzean itxi behar izan daben hiru miloe siriarretakoak dira. AEB, Frantzia, Libano eta Siriaren arteko koprodukzinoa dan dokumental hau bost urtean zehar egin da, eta horrek Sean McAllister zuzendariari, film politiko hutsaren mugak gainditu eta gatazka honetako biktimen bizipenen kontakizun intimoa eta hurekoa egiten lagundu deutso. Sheffield Documentary Festivaleko epaimahaiaren sari nagusia jaso eta British Independent Film Awards, European Film Awarads eta The Critic’s Circle Film Awards-ean izan da proposatua.
 

VII. Zinexit, zemendiaren 14tik 17ra bitartean

Zinexit Topaketak igaz jaio ziran Zinexit, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketearen atariko legez. Ekimen biek aldarrikatzen dabe desbardintasunaren errespetutik eztabaidea erraztu, eta euskal gizartean bakearen kulturea sustatzeko gauza dan zinema hezkuntza tresnea. Beraz, gizakiaren duintasuna eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetzea sustatzea dau helburu Zinexit-ek, alkarregazko errespetutan oinarritutako ideak, nahiak, printzipioak eta baloreak kontrajarri eta eztabaidatu ahal izateko herri eta gizarteari zuzendutako guneak sortuz.
 
Hezkuntza eta gizarteratze tresna sendoa da zinemea, ikuslea errealidade desbardinetara bideratu, eta era berean, bertan sortzen diran bidebakokeria eta inguruari buruzko eretxi kritikoa sortzeko gai. Esangura horretan, bizikidetzearen ikuspuntutik bideratutako bakean hezi, eta giza eskubideen ezagupena, hausnarketa eta sustapenaren helburua lortzeko jarduera egokia da Zinexit. Aurreko ekitaldietan lez, gizarte pedagogia proposamena dan erakusketearen helburua Giza Eskubideakaz eta Bizikidetza Demokratikoagaz zerikusia daben gai desbardinen inguruan ikusleakaz eretxiak trukatu, eta eztabaidarako gune bat sortzea da.
 
Heziketarako tresna sozializatzaile eta eraginkorra da zinemea, ikuslea errealidade desbardinak bizitera eroan eta gizarteko injustizien aurrean jarrera kritikoa sortarazoten dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu