Eneritz Zabaletak irabazi dau Xilabako bigarren kanporaketako saioa

Bizkaie! 2016-10-03 08:27   Bertsolaritzea

Zabaletaren atzetik, Xumai Murua, Aitor Servier eta Maddi Sarasua be Xilabako finalaurreetarako sailkatu dira. 

Muskildiko saioko bertsolariak. Eneritz Zabaleta irabazlea ezkerretik bigarrena da | Ikusi handiago | Argazki originala

Muskildiko Posonpesenea gelan 150 bertsozale batu dira, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako txapelketako bigarren kanporaketea entzuteko. Sei bertsolari izan dira oholtzan: Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate eta Xumai Murua, Xan Alkhat gai-emolearen aginduetara.

Ariketa guztietan, baten izan ezik, puntuazinorik onena emon deutsie epaileek Eneritz Zabaletari. Ondorioz, bera izan da saioko irabazlea. Guztira, 359 puntu batu ditu Zabaletak. Bigarren izan da Xumai Murua, 339,5 puntugaz. Hirugarrenak, Aitor Servierrek, 328,5 eskuratu ditu. Laugarren lekuan Maddi Sarasua geratu da (319), bosgarren Battitt Crouspeyre (314,5) eta seigarren Ortzi Idoate (313,5).

Kanporaketa bi izan ditu Xilabak, Muskildiko hau eta aurreko asteburuan Donibane Lohizunen jokatutakoa. Beraz, finalaurrekoetan kantauko daben bertsolari guztien zerrendea erabagita dago. Urriaren 8an, Baigorrin, honeek izango dira: Aitor Servier, Egoitz Zelaia, Miren Artetxe, Odei Barroso, Sustrai Colina eta Xumai Murua. Urriaren 15ean, Izturitzen, honeek izango dira protagonista: Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Maddi Sarasua, Nahia Sasco eta Ramuntxo Christy.

Onenak finalaurrekoetako bigarren itzulira pasauko dira eta finala zemendiaren 12an jokatuko da, Baionan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu