Jaime Chavarriri emongo deutsie Zinebiren Ohorezko Mikeldia

Bizkaie! 2016-09-29 08:32   Zinemea

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiko, Zinebiko, arduradunek azaldu dabenez, Jaime Chavarrik nortasun handiko lanak egin ditu zineman.

Jaime Chavarri (argazkia: Zinebi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zuzendaria, gidoilaria, antzezlea eta kritikaria da Jaime Chavarri. 1943an jaio zan, Madrilen, eta Zuzenbidea ikasi eta gero, Zinematografiako Eskola Ofizialean hasi zan zinemeagaz dauen hartu-emona. Gazterik hasi zan kritikak idazten Film Ideal aldizkarian. Trabestiakaz film labur bat egin nahi izan eban Chavarrik eta, irakasleek zentsurau egin ebenez, grebea egin eben ikasleek.

Ikasketak amaituta, Carlos Sauraren eta Victor Ericeren laguntzaile izan zan eta aktore be ibili zan. 1970eko hamarkadearen amaieran, Elias Querejetagaz alkarlanean ibili zan. Sasoi haretakoa da El Desencanto film dokumentala, Chavarriren obra gorenetako bat. Harrezkero, gidoien moldaketak egiten ibili da eta generoko film batzuk be zuzendu ditu. Antzerkigintzan ibili izan da lantzean behin.

Zinebi jaialdiaren 58. edizinoan, beraz, ibilbide oparo hori kontuan hartzea erabagi dabe antolatzaileek. Espainiako zinemagintzeari egindako ekarpenagaitik, Ohorezko Mikeldia emongo deutsie Chavarriri. Bera barik, gaur egungo ikus-entzuleek ez leukeez ulertuko Espainiako zinema garaikideko funtsezko alderdi batzuk, dino Bilboko Udalak, sariaren barri emoteko kaleratu dauen oharrean.

Chavarriren obrea guztiz personala dala ganeratu dabe antolatzaileek, hau da, nortasun handikoa. Sorkuntzako askatasun parebakoagaz, ondo eta txarto dagozan gauzen aurrean erakutsitako argitasunagaz eta begirada irribarretsu eta eszeptikoagaz, giza izakerea eta personen jokera intimoenen txoko emozional ezkutuenak aztertzen jakin dau. Bide batez, El Desencanto estrainau zanetik 40 urte bete dirala gogoratuko dau Zinebik.

Zemendiaren 18an, Zinebiren inaugurazino ekitaldian, emongo deutsie Chavarriri Ohorezko Mikeldia. Arriaga antzokian izango da ekitaldia. Ez da izango bere lehenengo Mikeldia: 1971n urrezkoa irabazi eban, Zinebiren 13. edizinoan, Estado de sitio pelikuleagaitik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu