Zientzian egindako lana eta dibulgazino-jarduerak autortu deutsiez DIPC erakundeari

Bizkaie! 2016-09-26 10:56   Kulturea

Pedro Miguel Etxenike da buru Donostia International Physics Center ospetsuan.

Europako Fisika Alkarteak (EPS) Donostia International Physics Center (DIPC) sarituko dau, zientzian egindako lana eta dibulgazino-jarduerak autortzeko. EPSk Donostiako ikerketa-zentroa aintzatetsi dau Materia Kondensatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen parebakoagaitik, baita antolatutako askotariko dibulgazino-jarduera arrakastatsuakaitik be.

2000. urtean sortu zan DIPC, materialen fisikako oinarrizko ikerketan jarduten dauen erakundea, eta euskal zientziaren erreferente bihurtu da, tarte laburrean. Ikerketa-zentro bardinbakoa da, bai haren egitura instituzionalagaitik bai funtzionamendu-ereduagaitik be. Bestalde, ikerketan bikaintasuna bilatzeaz gan, ezagutza zientifikoa gizarteratzeko erantzukizuna hartzen dau beregan. Hain zuzen be, DIPCk hirugarrenez antolatzen dauen zientzia-dibulgazinoko Passion for Knowledge jaialdiaren amaiera-ekitaldian autortuko deutso bere lana DIPCri EPSko presidente Christophe Rosselek, plaka ofizial bat emonez.

EPS 1968. urtean sortu zan, eta Europako zientzia-alkarte garrantzitsuenetako bat da. Alkarteko kide dira, besteak beste, Europako 42 fisika-alkarte nazional, fisikearen arlo guztietako kideak eta Europako ikerketa-erakundeak. Danetara, 130.000 lagunek osotzen dabe alkartea. Zientzia-alkarte legez, EPSk fisikearen aurrerapena bultzatzen, Europako fisika-komunidadearen interesak defendiduten eta nazinoarteko lankidetzea sustatzen ditu. Arduradun politikoen eta herritarren aurrean fisikako ikerketeak egiten dauen ekarpen esanguratsuaren alde egiten dau, elementu garrantzitsua baita Europaren aurrerabide ekonomiko, teknologiko, sozial eta kulturalerako. Aitatzekoa da, esaterako, EPSk Europako erakundeen zientzia-politikeari buruzko eztabaida eta erabaki foroetan parte hartzen dauela.  

Pedro Miguel Echenique DIPCko presidenteak adierazo dauenez, ohore handia da guretzat EPSren eskutik holako aintzatespena jasotea, izen handiko erakundea baita EPS, eta lanean aurrera egiteko adore handia emoten deusku, DIPC ikerketan eta zientziaren komunikazinoan mundu mailako erreferente bilakatzeko. Era berean, adierazo dau saria garrantzitsua izateaz gan, oso garrantzitsua dala Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren testuinguruan EPSk bere Batzorde Ejekutiboaren urteko bilerea DIPCren Donostiako egoitzan egitea irailaren 30ean eta urriaren 1ean. EPSko presidenteak nabarmendu dauenez, bat egiten dogu, bete-betean, jaialdiaren helburuagaz, hau da, zientzia gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenari laguntzen deutson funtsezko kultura-jarduera legez sustatzea. Helburu hori beteteko, jarduera-programa zabala antolatu dau Bilbo, Donostia eta Bordele egoitza izango dituan Passion for Knowledge 2016 jaialdiak, irailaren 27tik aurrera, herritar danari zuzendua. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean dago ikusgai.

Aitatu egitarau betean, berbaldiak izango dira mundu mailan izen handiko ikertzaileen eskutik (tartean, hainbat Nobel saridun); gai nagusia sormena izango dauen mahai-inguru bat; Bertsolarien sormen-prozesua zertan datzan azaltzeko formatu barritzailea erabiliko dauen saioa; edo dagoeneko ezagunak diran Naukas saioak. Argazki-erakusketea be izango da Aquariumean. Ganera, jaialdiaren inaugurazinoan, Breaking Boundaries ikuskizuna aurkeztuko da, zientziaren eta artearen arteko mugea gainditu nahi dauen ikuskizuna eta jantzak, eskulturak, soinua eta irudiak batera hartuko dituana.

Edozelan be, publiko orokorrarentzat pentsautako jardueretatik harago helduko da Passion for Knowledge 2016. Aurreko edizinoen arrastoari jarraituz, bigarren hezkuntzako ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko topaketa bi antolatu dira, Donostian eta Bilbon: top@DIPC - Zientziagaz solasean!.

Ganera, zapatuan, goizez, Zientzia Kluba izango da Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Gazteentzako zientzia-jaialdi txiki honek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri batuko ditu: zuzeneko esperimentuak, ipuin-kontalari zientifikoak, bakarrizketak, eta abar.

Bestalde, Passion for Knowledgeren edizino honek nazinoarteko zientzialari gazteei zuzenduriko udako nazinoarteko eskola bat be izango dau. Eskoleak doktoregoko ikasleak eta doktorego ondoko ikertzaileak batuko ditu. Dynapeutics eskoleak farmako molekularrak optimizetako aparteko garrantzia daben biomolekulak aztertzeko konputazino-metodoak izango ditu ardatz. Besteak beste, jaialdiko hizlari nagusietako batek hartuko dau parte eskolan: Martin Karplusek, 2013ko Kimikako Nobel saridunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu