Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide jaialdiak urriaren 14an zabalduko dau bere programazinoa

Bizkaie! 2016-09-23 10:51   Zinemea

BilbaoArte aretoak jantza garaikideari eskainitako zinema zikloa jasoko dau urriaren 14tik 24ra, hamaika film eskainiz (dokumentalak, koreografiak eta bideo-sorkuntzak).

Bilboko Udalak antolatzen dauen eta urriaren 20tik 29ra uriko sei agertokitan izango dan XVIII. BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak urriaren 14an zabalduko dau bere programazinoa, jantzearen inguruko zinema ziklo bereziagaz, Bilboko Institutu Frantsesagaz eta BilbaoArtegaz lankidetzan.

BilbaoArte Fundazinoaren Art House Zinema aretoak jantza garaikideari eskainitako zinema zikloa jasoko dau urriaren 14tik 24ra, hamaika film eskainiz (dokumentalak, koreografiak eta bideo-sorkuntzak). Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte. Aldi berean, eta programa horrek irauten dauen bitartean, BilbaoArteko Kristalezko Patioak, Frantziako jantza garaikidearen historiari buruzko kartel erakusketea jasoko dau.

Eskainiko diran filmen artean ondokoak dagoz: Wim Wendersen Pina (2011), Pina Bausch jantza garaikide koreografoari buruzko dokumentala; Angelin Preljocalen figureari buruz fikzino lez berba egiten dauen Pierre Couliboeufen Pavillon noir (2006); edo Agusti Torresen Paso doble, Josef Nadjren eta Miquel Barcelóren performance harrigarria. Aukeratutako izenburuak mundu mailako jantzearen beste figura batzuetan oinarrituko dira, Odile Duboc, William Forsythe, Josef Nadj edo Meg Stuartengan, besteak beste.

Programazino berezi hori urriaren 24an zarratuko da, film laburren proiekzinoagaz, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiagaz (ZINEBI) lankidetzan. Tartean, ¡Que nos quiten lo bailao! Cuerpos, música y danza en el cine contemporáneo zikloaren edizino berria aurkeztuko da. Ziklo horrek Alemania, Frantzia eta Belgikako sei lan eskainiko ditu, jantzearen eta Chillidaren eskulturearen arteko alkarrizketea proponiduten dauen Mikel Subiza zinemagile nafarraren film laburraz gan.

Saioa, ZINEBIren azken edizinoan izena emona daben lan bereziek osotzen dabe. Holan, alkarren artean oso desbardinak diran hainbat genero eta estetika ikuspegitatik, danen ezaugarri lez mobiduten hasten dagoan gorputzaren aukera ikonografikoak eta horrek jantzeagaz dauen loturea aztertzeko film laburrak dira. Jantzea, lengoaia eta adierazpen modu propioak dituan adierazpen artistiko legez ulertzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu