EAEko 15 urte eta gehiagoko lautik hiru Internet erabiltzaileak dira
2016-09-21 10:47 KultureaEAEn 15 urtetik gorako 1.370.800 Internet erabiltzaile egozan 2016ko lehen hiruhilekoan, Eustaten datuen arabera.
Herrialdeka, Bizkaian gehitu da gehien erabiltzaileen kopurua (% 2,9 puntu), eta EAEn bigarren jarri da; lehenengoa Araba da (% 76,0); Gipuzkoan % 73,3 da portzentajea. Uriburuetan, Gasteizen herritarren % 76,0 da Internet erabiltzailea, Bilbon % 72,7 eta Donostian % 72,1.
Eskualdeei jagokenez, Bizkaian, Plentzia-Mungia (% 78,7) da lehenengoa, Araban Gorbeiako Inguruak (% 78,4) eta Gipuzkoan Urola-kosta (% 75,4); erabiltzailerik gitxien, barriz, Arabako Mendialdean (% 70,2), Debabarrenan (% 71,8) Gipuzkoan eta Markina-Ondarroa (% 73,1) Bizkaian dagoz.
Euskal gazteen (15-24 urte bitartekoen) % 99k Interneten jarduten dau, eta 55-64 urte bitarteko erabiltzaileen gehikuntzea nabarmendu da (% 7,2 puntu); 45-54 urtekoen artean, % 5,8 puntu gehitu da erabiltzaileen kopurua.
Bestalde, generoen arteko aldea % 8,3 puntu zan 2015ean, eta 2016ko lehen hiruhilekoan % 5,9 puntura txikitu da. Holan, 15 urte eta gehiagoko gizonen % 77,1 Internet erabiltzaile da, eta emakumezkoen kasuan % 71,2. Aurtengo Internet erabiltzaile guztien artean, % 50,2 gizonak eta % 49,8 emakumeak dira.
Era berean, ikasleen arteko % 99,2k Internet erabilten dau, eta persona okupatuen artean % 94,2k; ez aktiboen eta lanbakoen artean % 46,9k erabilten dau. 2015ekoaren aldean hazkunderik handiena (% 4,4 puntu) ez aktiboen eta lanbakoen artean izan da.
Interneten sartzeko leku nagusia (% 97,3) norberaren etxea da oraindino be, eta lantokitik eta beste lekuetatik egindako sarbideak zeozertxu gitxitu dira, % 3,5 eta % 1,3 puntu, hurranez hurran. Ikastegitik eginiko sarrerak aurreko urteko lehen hiruhilekoaren mailan dagoz.
Interneterako sarbideaz, 646.000 familia pasatxu dira (% 74,1) etxean zerbitzu hori dabenak, 2015eko lehen hiruhilekoaren aldean 40.000 familia barri (% 3,9 puntu). Sarera sarbidea dauen 15 urte baino gehiagoko biztanleria 65.000 personatan gehitu da 2015eko lehen hiruhilekotik. Familia etxeetako % 94,8an eskuko telefonoren bat dago, eta 15 urteko eta gehiagokoen % 96,8k badauka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!