Donostiako Zinemaldiak UPV/EHUko lau irakaslek zuzendutako pelikulak proiektauko ditu

Bizkaie! 2016-09-20 11:03   Zinemea

Aukeratutako piezak Irrintziaren Oihartzunak, Pelota II, Beti bezperako koplak eta Hileta dira, danak Zinemira sailekoak.

Donostiako Zinemaldiko Zinemira saileko programazinoak bere pelikulen artean ditu UPV/EHUko lau irakaslek zuzendutako lau film. Nazinoarteko zinema jaialdiak euskal zinemea omentzen dau sail honen bidez. Zinemirak film luzeak zein Kimuak katalogora batutako film laburrak emongo ditu. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak martxan jarritako programea da eta euskal film labur nabarmenen zabalkundea dau helburu.

Zinemaldiaren 64. edizinoko Zinemira sailean emongo diran filmak Iratxen Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak, Olatz Gonzalezen Pelota II, Begoña Vicarioren koordinazinopean Ageda Kopla Taldeak egindako Beti bezperako koplak eta Kepa Sojoren Hileta dira, Azken biak Kimuak katalogokoak dira.

Horrezaz gan, The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzera begirako tematikoak Itsasoaren alaba dokumentala berreskuratuko dau, UPV/EHUko ikertzaile den Josu Martinezek 2009an zuzendutakoa eta orduko Zinemaldiko Zinemira sailean proiektautakoa.


Irrintziaren Oihartzunak

Irailaren 23an estreinauko da Zinemaldian eta Mirentxu Loyarteren sorkuntza-erbestearen erretratua da. Loyarte 1938an Iruñean jaiotako eta anonimotasunean dirauen Europako zinemako emakumezko aitzindaria da. Film hau topaketa baten kontakizuna da, hazur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketea, zinemagile nafarraren memoria eta obra miatzea bilatzen dauen begiradatik kontatua. Loyartek zinema zuzendaritza ikasi eban Frantziako Zinema Konserbatorioan. Bere lehen film laburra, Irrintzi (1978), Espainiako Zinematografiako Zuzendaritza Orokorreko Sari berezia irabazi eban eta 1981. urtean Ikuska 12 egin eban. 80. hamarkadan Euskal Herritik alde egin behar izan eban arrazoi politikoakaitik, baina beti egon da kultureari lotua.

Proiektu honen zuzendaria eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko Ikus-entzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea Saileko irakaslea dan Iratxe Fresnedak azaldu dau dokumental hau publikoaren aurrean Donostiako Zinemaldian aurkeztea Mirentxu Loyarteren lana ikusgarri egitea eta orain arte itzalean egon dan emakume sortzaile baten lanari merezidu dauen lekua emotea dala. Ilusinoz egin dogu lan, gure indarrak proiektuan jarriz, eta honek zeozelako esker ona jasotea be badakar, gaineratu dau. UPV/EHUren laguntzinoa ezinbestekoa izan dala azpimarratu eta eskertu egin dau film bat euskeraz egin dauen lehenengo emakume zuzendariari buruzko istorioan sinistu izana.


Pelota II

Pelota II Olatz Gonzalezek Jørgen Leth-egaz batera zuzendutako pelikulea da. 2015ean estreinau zan dokumental honek pilotearen beste ikuspegi bat jorratzen dau. Gonzalez antropologoak muturreraino eroan ditu etnografiaren zehetasunak Lethen zineman, sekuentziak ahalik eta gehien luzatuz eta ikuslea jokoaren uniberso intimoan, piloten eta protagonisten banakotasunean barruratuz.

Jørgen Lethek 60ko hamarkadaren amaieran ikusi eban lehenengoz euskal pelotako partidu bat eta 1983an Pelota filmau eban, frontoien eta pelotarien munduari buruzko dokumental ospetsua, besteak beste, Zinebi jaialdian saritua. González, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadeko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea dana, 2005ean Pelota Vasca: un ritual, una estética liburua argitaratu eban eta 2013an, ganera, AIBR Antropologia Iberoamerikarrari buruzko artikulu onenaren I. saria emon eutsien Cuerpos desplazados: Género, deporte y protagonismo cultural en la plaza vasca lanagaitik. Ikus-entzunezkoak produziduten be ibili izan da, 2007an bere lehenengo dokumental luzea produzidu ebalarik: Jørgen Leth on Haiti.

Zuzendariak azaldu dau dokumental hau berezia dala arrazoi bigaitik; alde batetik, protagonismoa objektu bati emon jako, peloteari, eta personaiak, pelotariak, bere inguruan agertzen dira pelota perfektuaren bila. Bestetik, pelikulea extemporala da eta ez dirudi gaur egungoa danik, beraz, gatxa da noiz egin dan jakitea. Bigarren berezitasun honek Pelota II ganerako dokumentaletatik desbardindu egiten dau, izan be, gaur egungo zinema dokumentalean aktibismoa gailentzen da eta argi geratzen da noizkoa dan eta zein testuingurutan egin dan.

Gonzalezentzat topaketa hau oso garrantzitsua da bertako zein kanpoko publikoa batzen ditualako. Dokumental honen kasuan, filma bi ikuspuntu desbardinetatik landuko da: bertako ikusleek pelota partiduak emoten dituen kameren atzean zer gertatzen dan ezagutuko dabe eta, kanpokoek, pelota kirol moduan ezagutuko dabe, baita peelotak aukeratzeko sistemea bere.


Kimuak katalogorako hautatuak

Begoña Vicariok koordinautako Beti bezperako koplak eta Kepa Sojoren Hileta izan ziran 2016ko Kimuak katalogoa osotzeko hautatutako film laburrak, deialdira aurkeztu ziran 63 proposamenen artean, eta Zinemaldian aurkeztuko diranak.

Beti bezperako koplak animazinoko film laburra da eta bertan Maialen Lujanbiok Euskadi Irratian Agate Deuna bezperan botatako bertso bat interpretetan da. Bertsoan Lujanbiok emakumeakanako indarkeria salatzen dau. Hogei gaztek osotzen daben Ageda Kopla Taldeak sortu dau film hau alkarlanean eta Begoña Vicario arduratu da proiektua koordineteaz. Zinemagile honeek Vicarioren ikasle edo ikasle izandakoak dira eta bertsoak dituan hamairu estrofetarako animazino bana sortu dabe. Horrezaz gan, estrofen arteko transizino eta lotura lana egiten daben irudiak be sortu dira.

Begoña Vicariok Kimuak egitasmoaren lehen edizinoan be parte hartu eban Pregunta por mí film laburragaz, aurrerago Goya saria irabazi ebanagaz. Handik urtebetera, 1999an, barriro parte hartu eban Haragia lanagaz. Gaur egun, Vicario UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko Arte eta Teknologia Saileko irakaslea da.

Hileta Kepa Sojoren proposamena da eta lehen aldiz parte hartzen dau Kimuak egitasmoan. Halan da be, Goya sarietarako izentau eben Loco con ballesta film laburragaz eta hainbat sari irabazi ditu bere ibilbide zinematografiko oparoan zehar. Hileta 1925ean kokatzen da, Euskal Herriko herri txiki batean, eta Martikorena familiak ospatzen dauen Ingeren hiletea kontetan dau, bat-batean hil dan gazte bat. Lanak Carl Theodor Dreyerren 1955eko Ordet filma dau oinarri. Sojok lan handia egin dau zuzendari honen inguruan eta askotan erabili dau Danimarkako pelikula hau bere eskoletan. Hileta filman ekintza Euskal Herrira ekarri dau, hondartzea mendiagaz ordezkatu dau eta film luzea baztertu eta laburrera pasau da, baina sinopsia antzekoa da.

Sojo UPV/EHUko Letren Fakultadeko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea da, zinema zuzendari eta gidoigile izateaz gan. Kimuak katalogoan sartzea gatxa da eta zinemea egiten 19 urte emon eta gero lortu dot, beraz, niretzako prestigio handia da hori, azaldu dau.


The Act of Killing

The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzera begirako tematikoak zinema onaren bitartez munduan bizi diran indarkeria egoera batzuen analisia egiten laguntzea dau helburu, egoera horreek erakusten dituen filmak eskainiz.

Testuinguru honetan, Zinemaldiak barriro proiektauko dau Josu Martinez UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko kideak 2009an zuzenduriko Itsasoaren alaba dokumentala. Bertan Haizeren istorioa kontetan da; haren aita eta aitak bizitako garaia deskubriduko ditu, ha ezagutu ebenen testigantzak lotuz. Bada, Haizek bi urte bete baino lehen GALek bere aita hil eban, Mikel Goikoetxea Txapela errefuxiatua. Hogeita bost urte ondoren, aitaren oroitzapenik izan ez arren, Haize galdezka hasi zan.


Euskal zinemearen hazkundea

Donostiako Zinemaldia, duda barik, euskal zinemagileek egindako lanentzako erakusleiho ezin hobea da, Iratxe Fresnedak azaldu dauen moduan: produziduten dan guztiarentzako lekurik egon ez arren. Euskal zinemea loraldian dago aspaldi, eduki eta estetikeari jagokonez planteamendu izugarri interesgarriak jorratuz. Fresnedak Koldo Almandozen lana, Laida Lertxundirena, Asier Altunarena, Jose Maria Goenaga eta Jon Garañorena aitatu ditu, besteak beste, eta ganeratu dau baratza badagoala, baina frutuak lortzeko egiturak sendotu behar dirala. Zinemea gure jaubetza kultural eta industrialaren parte garrantzitsua dala sinistu behar da.

Bestalde, Olatz Gonzalezek uste dau orain arte euskal zinemeak Espainiako zinemearen dinamikak jarraitu dituala, eta horrek sormena murriztu dauela. Gonzalezen eretxiz, inportanteagoa da protagonistak eta tresna zinematografikoa garatzea. Jokera hori aldatzen doala gaineratu dau, besteak beste, medioak merkatu egin diralako eta euskal zineman agente barriak agertu diralako, berbarako, emakume zinemagileak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu