'Amerikanuak’ eta ‘Lotura materiala’ erakusketak aurkeztu ditue Bilbon

Bizkaie! 2016-09-19 16:03   Kulturea

UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek egindako artelanek osotzen ditue bi erakusketok.

Ezkerretik eskumara: Manuel Diego Sánchez, Leire Baztarrica, Oihane Sánchez eta Teresa Jareño. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur goizean aurkeztu ditue Bilbon Amerikanuak eta Lotura materiala erakusketak; UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek egindako artelanek osotzen ditue bi erakusketok eta bien edegiera publikoa astelehenean bertan izango da, 18:30ean.

Amerikanuak erakusketea Arte Eder Fakultadean ikasten daben artistentzat 2009an hasitako egonaldi-programa baten emoitzea da. Ordutik, urtero ikasle bik proiektu artistiko bat garatu dabe, egonaldia gauzatzen zan ingurune kulturalari lotuta. Egonaldi-programak baliogarriak izan dira aitatu ikasleen unibersidade-prestakuntzea osotzeko, baita praktika artistiko bat garatzen hasteko be, egonaldi artistiko profesionalen baldintza bardinetan.

Kontuak kontu, 2015/2016 ikasturtean, Nevadako Unibersidadeak Renon dauen Center for Basque Studies, Euskal Ikasketen Zentroan, egonaldi bi gauzatu dira, azken hiru urteetan egin dan legez, eta beste bat Antartida argentinarreko base zientifiko batean. Erakusketa honek esperientzia horreetako emoitza batzuk erakusten ditu. Zehatz, ikusgai dagozan lanak Teresa Jareño, Leire Baztarrica, Manuel Diego Sánchez eta Oihane Sánchezenak dira. Amerikanuak Bizkaia Aretoan bisitau ahal izango da irailaren 26a arte.

Leire Baztarrica, Manuel Diego Sánchez eta Oihane Sánchezek Renon egin eben egonaldi artistikoa. Leirek eta Oihanek 2015ean jaso eben bekea, Manuel Diegok, barriz, 2014an. Leire Baztarricak betidanik liluratu daben Nevadako kasinoen irudi turistikoen giro kitsch-ean oinarritutako argazki-bildumea aurkeztu dau. Manuel Diego Sánchezek, bere aldetik, irudi-artxibo bat sortu dau, Renoko egonaldian egindako dokumentu desbardinak eta beste erregistro batzuk abiapuntutzat hartuz eta migrazinoari lotutako desterritorializazinoaren inguruko memoria historikoa landuz. Azkenik, Oihane Sánchezek jatorrizkoaren (Bilbo/Euskal Herria) eta egonaldi artistikoaren (Reno/Nevada) inguruneen arteko konparakeeta planteau dau: identidadea eregitea eta berreregitearen inguruko gogoeta bat.

Teresa Jareñok, Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatibo masterreko ikasleak, Argentinako Dirección Nacional de la Antártidak esleitutako beka bati esker Antartikan egin eban egonaldi artistikoa. Sortzez Donostiakoa eta musika ikasketak egindakoa, Jareñok Antartikako artea eta soinua zelakoak izango litzatekezan imajinau eban. Donostiarrak bertako soinu naturalak aztertu eta horreetan oinarritutako musika-tresnak sortu eta inoiz existidu ez zan zibilizazino baten artea imajinau eban.

Lotura materiala erakusketea, barriz, UPV/EHUko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterreko 2015/2016 ikasturteko ikasleena da. Erakusketa honen loturea da materiala eta haren formak. Proposamen bakotxa era erradikalean barruratzen da bere desio narratiboetan eta bape bateratua ez dan munduaren adierazpen formaletan. Erakusketan materialaren agerpen fisikoa oinarri garrantzitsuenetako bat izan da eta haren gainean ikasleek artelanak eregi ditue. Horreetako batzuek azalera formalean ezarri ditue euren hizkuntza materikoaren oinarriak, pertzepzinozko hurreratze batera konbita eginez ikusizko hartu-emon bereziak sortzeko. Lotura materiala erakusketea urriaren 4a arte bisitau ahal izango da Bizkaia Aretoan.

Aurkezpenean izan dira: Arantza Lauzirika, UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko dekanoa; Natxo Rodríguez, UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko Unibersidade Hedapeneko dekanordea; Juan Gómez, UPV/EHUko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterreko arduraduna; eta erakusketan artelanak dituen artistak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu