Ingurumenari ekarpen handia egiten deutson proiektua: GUtik ZURA

Bizkaie! 2016-09-13 10:19   Zinemea

GUtik ZURA proiektuaren barruan da GUtik ZURA filma, egurra eta euskal gizartearen arteko hartu-emon eta balioen lehena, oraina eta etorkizuna herriratzen dauen filma.

Atzo aurkeztu eben GUtik ZURA proiektua Donostiako Tabakalera zentroan. Bertan ziran Mari Jose Barriola Baraibar proiektuaren zuzendaria, Jon Maia Soria GUtik ZURA filmaren zuzendaria eta proiektuaren babesle nagusi diran instituzinoetako ordezkariak: Peli Manterola (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun ordezkaria), Jorge Arévalo (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuordea, Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazinoko eta Ingurumeneko kontseilaria) eta Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputadua).

Mari Jose Barriola proiektuaren zuzendariak eskertu egin dau instituzinoen aldetik jasotako babesa eta batez be Jorge Arévalo sailburuordearen laguntzinoa azpimarratu dau. GUtik ZURA proiektuaren sustatzailea da Barriola eta Euskal Herrian dogun inguru emonkorrari behar dauen garrantzia emotea danon esku dagoala adierazo dau.

Jon Maia filmaren zuzendariak erronka hau ederra eta gogorra izan dala esan dau eta Donostiako Zinemaldirako aukeratua izateak asko esan nahi dauela, pieza artistiko eta aberats bat lortu dogu.  

Peli Manterola Elikagaien kalidade eta Industria zuzendariak egurra eta basoa 5500 familiaren sostengua dala azaldu dau eta egurraren industria hau bere horretan mantendu eta indartu egin behar dogula. Ingurumenari ekarpen handia egiten deutsie GUtik ZURA lako proiektuek gizarteratzen dituen balioek, alde paisajistiko, aire kalidade eta natureagazko izan behar dogun errespetua indartuz.

Jorge Arévalo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuordeak Mari Jose Barriolaren lana goraipatu dau, GUtik ZURA proiektuko zuzendaria, Tknikako egur arloko arduradun eta irakasle dan aldetik; holako egitasmoek ekarpen handi eta aberatsa egiten deutsie Lanbide Heziketa eta orokorrean euskal gizarte osoari.

Ainhoa Aizpuruk egurraren sektoreari errekonozimendua egin eta holako proiektuek aurrera egin deien euren konpromisoa erakutsi dau. Orain dala 20 urte baino hobeto dagozala Gipuzkoako basoak eta horretan jarraitu behar dogula azpimarratu dau.

Isabel Elizalde Nafarroako kontseilariak basoa gure identidadea dala esan dau. Emakumearen papela goraipatu dau euskal gizarte eta landa guneetan batez be, eta dokumentalak be argi erakusten dau euskal emakumeek egindako lana.

GUtik ZURA proiektuaren barruan da GUtik ZURA filma, egurra eta euskal gizartearen arteko hartu-emon eta balioen lehena, oraina eta etorkizuna herriratzen dauen filma. Aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinauko da, Zinemira atalaren barruan. Sarrerak salgai jarri eta ordu gitxiren buruan agortu ziran guztiak pasa dan domekan. Irailaren 23 eta 24an estreinauko da filma Principe zinemetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu