Zinemirak sekula baino euskal produkzino gehiago aurkeztuko ditu aurten

Bizkaie! 2016-08-29 08:29   Zinemea

Euskal Herrian produzidutako 17 film batuko ditu sail horrek, Donostiako Zinemaldiak azaldu dauenez, tartean Irizar saria irabazteko zortzi hautagaiak. Zinemira Saria Ramon Bareari emongo deutsie.

Aitor Aspe Fiden 'Baskavigin. Euskal baleazaleen hilketa' filmeko irudi bat (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal zinemeari buruzko panoramikan, Zinemiran, 17 film ikusi ahal izango dira 64. Zinemaldian. Horreetatik zortzi Irizar saria irabazteko lehiaketan sartuko dira: Zazpi dokumental eta fikzinozko lan luze bat.

Patxo Telleriak zuzendutako Igelak izango da fikzinozko lan hori. Ihesean doan bankari ustel baten istorioa da. Telleriak hirugarrenez aurkeztuko dau film bat Donostiako Zinemaldian, aurretik La maquina de pintar nubes eta Bypass aurkeztu zituan eta.

Irizar saria irabazteko beste zazpi hautagaiak dokumentalak dira: Baskavígin. Euskal baleazaleen hilketa (Aitor Aspe Fid), Chillida: Esku huts (Juan Barrero), ETAren amaiera (Justin Webster), Gutik Zura (Maria José Barriola Baraibar), Iragan gunea Berlin (Maider Oleaga), Pedaló (Juan Palacios) eta Rocknrollers (Juanma Bajo Ulloa).

Lehiaketatik kanpo, baina Zinemira atalaren barruan, beste film esanguratsu batzuk be ikusi ahal izango dira aurtengo Zinemaldian. Esate baterako, Helena Tabernaren Acantilado. Sekta baten talde-suizidioa ikertzen hasiko da protagonistea, arrebea bertan sartuta egon dalakoan. Bestetik, Euskaldunon Egunkariaren historia batzen dauen Gaur irekiko ditu ateak dakar Eriz Zapirainek.

Fermin Muguruza musikaria New Orleans aldean ibili da hango musikea eta giroa ikertzen eta esperientzia horretatik sortu dau Nola? filma. Bestetik, Georgian kokatu dau Besteen etxea Rusudan Glurjidzek.

Zinemirako ganerako filmak honeek dira: Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda), Mara mara (David Aguilar), Oihalak adarretan (Juanmi Gutierrez Márquez), Pelota II (Olatz Gonzalez Abrisketa eta Jorgen Leth) eta Bosgarren solairua (Mikel Rueda). Ganera, profesionalentzat eta akreditazinoak daukiezenentzat, Zinemira Kimuak proiekzino bereziak egongo dira, Kimuak 2016 programatik aukeratutako film laburrakaz.

Beste alde batetik, Donostiako Zinemaldiak Ramon Bareari emongo deutso Zinemira saria. Bilbon 1949an jaiotako aktore eta errealizadorearen ibilbidea gogoan hartuko dabe modu horretara. Gaztetatik sartu zan Barea antzerkigintzan eta 1970eko hamarkadan hasi eban bere ibilbide profesionala.

Obra ezagun askoren zuzendari izan da Ramon Barea: Bilbao-Bilbao musikala, Oficio de Tinieblas 5, Hoy última función... guztira ehun obra baino gehiago. Zineman, Segoviako ihesa filmean hasi eban ibilbidea, 1981ean. Aktore ibilbide oparoa be badauka. Zinemira sariaren aurretik, beste errekonozimendu asko be egin deutsiez: Euskal Aktoreen Batasunaren saria, Max saria, Antzerkiko Sari Nazionala eta abar irabazi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu