Ethan Hawkek jasoko dau 64. Zinemaldiko Donostia saria

Bizkaie! 2016-08-29 08:23   Zinemea

Aktorea lautan izan da Oscar sarietarako hautagai. Irailaren 17an jasoko dau bere lan-ibilbide bikaina omentzen dauen Donostia Saria; ondoren, haren azken filmaren emanaldia egingo da The Magnificent Seven.

Ethan Hawke 'The Magnificent Seven' filman | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 17an, Ethan Hawkek (Austin, Texas, 1970) 64. Zinemaldiko Donostia Saria jasoko dau. Haren lan-ibilbide luzearen omenezko ekitaldian emongo deutsie saria, The Magnificent Seven filmaren gala-emonaldiaren aurretik.

Hawkeren lan-ibilbideak hiru hamarkada eta lau Oscar hautagaitza hartzen ditu barne. Hari esker, artista benetan polifazetiko lez nabarmendu da: gidoilari, zuzendari, idazle eta aktore lanetan -antzerki nahiz zineman-.

2015ean Hawkek bere lehen dokumentala zuzendu eban: Seymour: An introduction, Seymour Bernstein piano-jotzaile eta -irakasle famatuaren bizitzearen ganeko film intimistea. Boyhood (2014) filma Richard Linklater zuzendariagaz lankidetzan egindako zortzigarren lana izan zan. Antzezpen horregaitik, sari honeetan antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren kategoriarako izentau eben: Oscarrak, Aktoreen Sindikatukoak, Urrezko Globoak, BAFTA, Independent Spirit, Kritika Zinematografikoarenak eta Gotham.

Linklaterregaz batera egindako beste proiektu txalotu batean, Hawke, Julie Delpyregaz batera, protagonista izan zan Before Sunrise film goraipatuan eta haren bi sekueletan: Before Sunset eta Before Midnight. Hirukoteak alkarregaz idatzi zituan Before Sunset eta Before Midnight filmen gidoiak, eta Oscar eta Independent Sarietarako izentapen bana jaso zituen bi gidoi horreengaitik. Hawke, Linklater eta Delpyk Louis XIII Genius Award saria jaso eben BFCAren Kritika Zinematografikoaren sarietan, Before proiektuan egindako lan zinematografikoagaitik.

2002an lehenengoz izenrtau eben Hawke antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Oscar sarietarako, sari horixe irabazitako Training Day filman (Antoine Fuquarena) Denzel Washingtonegaz batera egindako lanari esker. Horreez gan, lan honeek be egin ditu: Dead Poets Society, Good Kill, Reality Bites, Great Expectations, Hamlet, Gattaca, Brooklyn's finest, The Purge eta Before The Devil Knows You're Dead.

Hawkek beti bateratu ditu bere aktore-zereginak idazteko eta istorioak kontetako zaletasunarekin. Lau nobela idatzi ditu: The Hottest State (1996), Ash Wednesday (2002), Rules for a Knight (2015) eta Indeh (2016) nobela grafikoa; azken hori indarrez sartu zan New York Times egunkariko bestseller-zerrendako lehen postura.

The Magnificent Seven Antoine Fuquagaz egin dauen azken lana da. Veneziako zinema-jaialdiari amaierea emon ondoren proiektauko da Donostian. John Sturgeren 1960ko filmaren remake bat da (Akira Kurosawaren Shichinin no Samura / Seven Samurai lanean oinarritua), eta John Lee Hancock-ek (The Blind Side) eta Nic Pizzolatok (True Detective) idatzi dabe gidoia. Hawkek Denzel Washington, Chris Pratt eta Vincent D’Onofriogaz batera antzezten dau filman.

Aurten, kritikak gehien laudatutako eta txalotutako antzezpenetako bat egin dau Hawkek: Chet Baker zana hazurmamitu dau Robert Budreauren Born to Be Blue filman. Rolling Stone aldizkariaren arabera, 'Ethan Hawke aparteko aktore bihurtzen dauen guztia batzen dau antzezpen horrek: energia, enpatia, bildurrik eza eta personaia baten mutur guztiak miatzeko pasinoa handikeriarik bakoa'. Bestalde, Variety aldizkariak Hawken bizitzako antzezpen onenetarikoa zala adierazo eban. Born to Be Blue eta The Magnificet Seven ez eze, urte honek Hawkeren beste lan batzuk be ekarriko deuskuz. Askotariko proiektu erakargarriak batzen dituan zerrenda bat da: The Phenom, Maggie’s Plan eta In a Valley of Violence.

Igaz Alejandro Amenábarren Regression filmak emon eutson hasierea zinemaldiari. Hawke zan protagonista; zoritxarrez, ezin izan eban etorri, The Magnificent Seven filmetako konpromisoak tartean. Zinemaldiak pozarren omenduko dau Hawke aurten Donostia Sariagaz, orain aktorearen errepertorioak, betibe hazibidean, zikloa zarratzea ahalbidetzen dauelako.

Ethan Hawke gazteak gogotik hartu eban Batu eizuez larrosak ahal bitartean esaldia Dead Poets Society filmau bitartean. Oscar saria irabazi eban drama horrek bultzada indartsua emon eutson haren antzezle-lanari. Hogeita hamar urte eta Tony eta Oscar sarietarako hainbat izentapenen ondoren, artista polifazetiko lez nabarmendu da.

Azkenekoz Robert Budreauren Born to Be Blue filman agertu da. Chet Baker tronpetari famatua hazurmamituz egindako antzezpen ha gogoz goraipatu eben Torontoko zinema jaialdian. IFCk 2016ko martiaren 25ean estreinau eban. Maggie’s Plan filma be igaz estreinau zan, Torontoko zinema-jaialdian. Noah Buschel’s-en The Phenom obran be ikusi dogu. Filma 2016ko bagilean estreinau zan.

Horrezaz gan, Grand Central Publishing etxeak Hawkek Greg Ruth ilustratzailearekin alkarlanean egindako Indeh nobela grafikoa argitaratu eban 2016ko bagilaren 7an. Indeh-k gerran dagozan nazino biren kontakizuna dakar: garai nahasi batean, bakea eta parkamena lortzen saiatuko dira. Zuzenean New York Times egunkariko Bestseller List for Hardcover Graphic Novels zerrendearen lehen postura sartu zan nobelea.

Hawke The Magnificent Seven filman agertuko da laster, Antoine Fuquaren zuzendaritzapean. MGM dabil film ikoniko horren remakea egiten, eta Denzel Washington, Chris Pratt eta Peter Sarsgaard be agertuko dira obra horretan. Torontoko 2016ko nazinoarteko zinema-jaialdian izango dau munduko estreinaldia; jaialdia inaugurauko dau, gainera. Sonyk 2016ko irailaren 23an eroango dau zinema-aretoetara. Ondoren, Blumhouse eta Ti West-ren In a Valley of Violence filman agertuko da. 2016ko SXSW zinema-jaialdian estreinau zan, eta 2016ko urriaren 21ean egingo dau zinema-aretoetan debuta.

Orain gitxi Hawkek bere lehen dokumentala zuzendu eban, Seymour: An introduction. Tellurideko 2014ko zinema-jaialdian estreinautakoa, nazinoartean erakutsi eben ondoren, Torontoko nazinoarteko zinema-jaialdian. Proiektuak Seymour Bernstein piano-jotzaile eta -irakasle famatuaren bizitzearen errepasoa dakar. IFCk 2016ko martiaren 13an estreinau eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu