Maren Ade-ren 'Toni Erdmann' filmak irabazi dau aurtengo FIPRESCI saria
2016-08-24 08:40 ZinemeaZinema Kritikarien Nazinoarteko Alkarteak pelikula hori izentau dau urteko onena, eta Donostiako Zinemaldian jasoko dau saria.
Mundu guztiko 475 kritikarik parte hartu dabe sariduna aukeratzeko botazinoan, FIPRESCI alkarteak azaldu dauenez. 2015eko garagarrilaren 1etik aurrera estreinautako film guztien artean aukeratu behar izan dabe zein izan dan onena.
Botazinoan, finalista geratu dira Jim Jarmusch-en Paterson eta Duke Johnson eta Charlie Kaufman-en Anomalisa. Azkenean, baina, boto gehien Maren Ade-ren Toni Erdmann filmak jaso ditu. Horrenbestez, Maren Ade alemaniarra da FIPRESCI saria irabazi dauen lehenengo emakumea (1999tik emoten da).
Ines izeneko emakumea da Toni Erdmann filmeko protagonistea. Bukaresten dabil lanean, enpresa alemaniar baterako, eta bere bizimodu lasaia hankaz gora jarriko da, aitak zoriontsua ete dan galdetzen deutsanean. Bere irudimenetik sortutako Toni Erdmann pertsonaiaren laguntzinoagaz, bere bizitzeari zentzua emoten ahaleginduko da Ines.
Maren Ade, zuzendaria ez eze, gidoilaria eta produktorea be bada. Sundance jaialdian irabazi eban lehenengo sari garrantzitsua 2005ean, Der Wald vor lauter Bäumen filmagaz. 2009an Alle anderen aurkeztu eban Berlinalen. Toni Erdmann hirugarren film luzea dau.
FIPRESCI 2016 saria Donostiako Zinemaldian emongo deutsie Maren Aderi. Irailaren 16an, barikua, izango da hori, inaugurazino galearen barruan. Era berean, Perlak sailean ikusi ahal izango da Toni Erdmann.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!