Jose Mari Zabala zinemagileari eskainitako zikloa, irailean Azkuna Zentroan
2016-08-22 08:41 ZinemeaAxut eta Cuba Corazón filmak proiektauko ditue Bilboko Azkuna Zentroko zinema-aretoan, irailaren 13tik 15era bitarteko ziklo horretan.
Jose Mari Zabala gipuzkoarra zinemagilea baino gehiago da. Film eta bideo ugari egin ditu baina, ganera, musikan eta argazkigintzan be ibilitakoa da, besteak beste. Bere lanetan esperimentazinorako jokerea dago, irudiagaz, koloreagaz eta testureagaz jolasteko gogoa.
Axut filma 1970eko hamarkadearen hasikeran grabau eban Zabalak, 35 mm-an. Baliabide gitxigaz egindako filma izan zanez, ia urte bi behar izan zituan amaitzeko. Azkenean, 1976ko Veneziako Biurtekoan erakutsi zan filma, euskal zinemagintzeari eskainitako atalean.
Cuba Corazón, ostera, 2000. urtean egindako bideo-dokumentala da. Kuban bertan grabau eban Zabalak. Ordubete pasautxuko lana da, Axut baino laburragoa, beraz.
Bilboko Azkuna Zentroko Golem aretoetako ziklorako horreek film biak aukeratu ditue. Ganera, lehenengo egunean, irailak 13, Jose Mari Zabalaren film labur batzuk ikusi ahal izango dira. Izan be, batez be 1980ko hamarkadan, bideo labur ugari grabau zituan Zabalak, gehienak Euskal Herriko herri edo gertakarietan oinarrituak eta beste adierazpide artistiko batzukaz nahastautakoak. Juan Perez Agirregoikoak berbaldia eskainiko dau Azkuna Zentroan eta Jose Mari Zabala bera be han izango da.
Hurrengo egun bietan, irailaren 14an eta 15ean, Axut eta Cuba Corazon proiektauko dira. Egun bietan izango da film biak ikusteko aukerea. Saio bakotxerako sarrerea 4,50 euroan erosi leiteke, 3,50 euroan AZ txartela daukienek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!