Donostiako Zinemaldia eta euskal artistak alkarlanean hasi dira
2016-08-11 08:43 ZinemeaIsabel Herguerak eta Izibene Oñederrak Perlak sailaren eta Euskal Zinemearen Galearen atze-oihalak sortu ditue, hurranez hurran. Obra gehiago sortu ahala, bildumea osotu nahi dau Zinemaldiak.
Euskal artistakaz lankidetzeari ekiteko lehenengo pausua igaz egin eban Donostiako Zinemaldiak. Isabel Helguerari enkargua egin eutsan, Euskal Zinemearen Galako atze-oihala sortzeko. Victoria Eugenia antzokian izango da ospakizun hori. Ondoren, Izibene Oñederra batu jako egitasmoari. Perlak sailak aurkezteko erabiliko dan irudia egiteko ardurea hartu dau.
Obra biak 8 metro altu eta 13,80 metro zabal dira. Isabel Herguera itsasoko tximurrak izeneko fenomenoan oinarritu da bere lana sortzeko. Urumea ibaian sortzen dan efektu natural bat da hori. Izibene Oñederra, ostera, Pina Bauschen Blaubart koreografiatik abiatu da.
Isabel Herguera animazinozko lanen errealizadorea da eta nazinoarteko hainbat jaialditan erakutsi dira haren film laburrak. Izibene Oñederra be animazinoaren munduan dabil lanean, filmetako eszenak marrazten. Hain zuzen be, Herguerak eta Oñederrak egindako Kutxa Beltza filma Donostiako Belodromoan ikusi ahal izango da aurtengo edizinoan. Donostia 2016ren Kalebegiak proiektuaren barruan sortu dabe film hori.
Dagoeneko enkargu bi egin ditu Donostiako Zinemaldiak eta, hurrengo urteetan, euskal artistakaz hasi dauen lankidetza horretan sakontzeko asmoa dauka. Holan, obra guztiakaz bilduma bat osotutea da Zinemaldiko arduradunen helburua. Bilduma horren bidez, Zinemaldiak euskal arteagaz dauen konpromisoa indartu gura dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!