Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdirako 84 film aukeratu ditue

Bizkaie! 2016-08-03 08:51   Zinemea

Urriaren 13tik 20ra bitartean egingo da jaialdiaren 8. edizinoa, KCD alkarteak antolatuta. Gai sozialak, aniztasuna eta alkartasuna lantzen dituen pelikulak erakutsiko dira.

Hainbat ataletan banatu ditue antolatzaileek aukeratutako 84 filmak: Giza Eskubideak, garapen iraunkorra, genero bardintasuna, kulturartekotasuna, emakumeek egindako lanak eta euskeraz egindakoak. Mundu guztitik heldutako filmak dira, gehienak Espainiakoak eta Latinoamerikakoak. Euskeraz zazpi film egongo dira. Fikzinoa zein dokumentala, biak ikusi ahal izango dira jaialdian.

KCD, Kultura Communication Desarrollo alkarte antolatzaileak azaldu dauenez, aurtengo edizinoan parte hartzeko 800 film inguru aurkeztu dira, igaz baino 200 gehiago. Halandabe, sail ofizialean lehiatuko diran filmak eta emongo dan sari kopurua bere horretan mantenidutea erabagi dabe.

Giza Eskubideen Saria, Bizkaiko Foru Aldundiak emondakoa, da Film Sozialak jaialdiko sari nagusietako bat. Emakunderen eskutik, emakume batek egindako pelikularik onena be sarituko da. Beste hainbat sari be badagoz, adibidez ikasleen saria eta publikoarena. Baita euskeraz egindako film sozial onenarena be, Kafe Antzokiaren babesagaz. Guztira, hamar sari dira, Invisible Express sailekoak kontuan hartuta.

Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko jaialdiaren proiekzinoak 18 lekutan izango dira, tartean hainbat eskolatan. Bilbon ez eze, Barakaldon, Portugaleten, Erandion, Getxon, Mungian, Leioan, Iurretan eta Elorrion egongo dira egoitzak. Igazko edizinoko 8.716 ikusleetatik 5.500 inguru, ikasleak izan ziran.

Jaialdiaren helburua gizarteagaz konpromisoa daukien lanak zabaltzea da. Garapenerako kooperazinoa, kulturen arteko hartu-emonak, bardintasuna eta abar lantzen dira. Publikoari gogoetarako eta eztabaidarako aukerea emotea da asmoa, batez be Bigarren Hezkuntzako ikasleei, ikusleen zati handi bat edade horretako gazteak dira eta.

Aurtengo edizinorako aukeratutako filmen zerrendea, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu