'Akabuko Martxea' dokumentala aurkeztu dabe

Bizkaie! 2016-06-07 08:39   Zinemea

Akabuko Martxea ordubeteko dokumentala da, eta Dominica, zortzi minutukoa. Datorren zapatuan, bagilaren 11n, 20:00etan, Getxoko Biotz Alai plazan proiektauko ditue biak.

Transhumantziaren ohiturea, Gipuzkoako Urbiako mendietatik Uribe Kostara beren artaldeak neguan ekarten zituen artzainen zeregina gogoratzen dauen Akabuko Martxea dokumentala aurkeztu dabe Getxon, Getxoko, Zegamako eta Idiazabalgo udalen, Uribe Kostako Mankomunidadearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz. Aurkezpena Donostiako Tabakaleran izan da, Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Uriburua efemeridearen ospakizuna aprobetxauta. Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxotarrak zuzendaritza eta gidoi lanetan ibili dira eta lanak erakusten ditu Mikel Etxezarreta artzainak, umetan egindakoa gogoratuz, pasa dan urrian artaldeagaz Urbiatik Getxora egindako ibilbidean hartutako irudiak, beragaz proiektuaren egileak joan baitziran.  

Ekitaldian Dominica dokumentala be aurkeztu da, artzaintzan emakumeek izan daben egitekoa ikustarazo eta aldarrikatu nahi dauena.

Ondorea eta memoria historikoagaz zerikusia dauen proiektua 2006an Uribe Kostako kultur eta hizkuntza ondarea berreskuratzeko martxan jarritako proiektuaren haritik sortu zan. Dokumentalak artzainen ogibidea eta baita horreen garrantzia inguruak jagoteagaitik be gogora ekarten dau. Aldi berean, herrialde desbardinetako biztanleen arteko hartu-emonen aberastasuna be itxi dau agirian dokumentalak, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko hartu-emon horreen memoria berpizteaz gan, argi geratu dalako erakunde eta herritar ugariren partaidetzeari esker aurrera atera dala, azaldu dau egileetako batek, Fredi Paiak.  
 
Ekitaldian dokumentala ikusi ahal izan da eta bertan agertzen dira Mikel Etxezarreta artzaina eta bere emaztea Eli Arrillaga, beste artzain laguntzaile batzuekaz batera. Lehenengoarentzat oso hunkigarria izan da esperientzia errepetidu ahal izatea eta  gustauko litxakio gazteak lanbide honetara sartu daitezan animetako balio izatea. Eli Arrillagak emakumeek lanbide honetan daben zeregina aldarrikatu dau, betidanik ibili dalako eta ez dalako errekonoziduten.  Horixe da egileek Dominica dokumentalagaz egin nahi izan dabenaa.  


Getxon zapatuan

Akabuko Martxea ordubeteko dokumentala da, eta Dominica, zortzi minutukoa. Datorren zapatuan, bagilaren 11n, 20:00etan, Getxoko Biotz Alai plazan proiektauko ditue biak. Ekitaldian Aitor Gisasola, zuzendarietako bat, eta  Eli Arrillaga izango dira, bi lanotan protagonista. Sarrerea librea izango da eta tokien kopurua mugatua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu