Valentin J. Diment argentinarraren 'El eslabon podrido' filmarentzat FANT jaialdiko saria
2016-05-13 11:33 ZinemeaBilboko Fanatasiazko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiak, FANTek, saritu egin ditu, ganera, C. Marcowicz-en eta F. Salloum-en Edificio Tatuape Mahal (film laburrik onena) eta G. Todria-ren Lost Village (euskal film laburrik onena). Sari banaketa ekitaldia gaur, 20:00etan, BBK Salan.
Nazinoarteko epaimahai batek erabagi ditu aurtengo FANT jaialdiko sari nagusiak. Laurence R. Harvey ingelesa, Fiona O'Shaughnessy irlandarra eta Jose Maria Clemente espainiarra izan dira epaileak. Film irabazlea aukeratzeko orduan, bat etorri dirala azpimarratu dabe, El eslabon podrido pelikula bikaina dala uste dabe hirurek. Jaialdiak, orokorrean, maila oso ona euki dauela ganeratu dabe.
El eslabon podrido film argentinarrak herrialde haretako persona batzuen egunerokoa kontetan dau, modu berezi eta tragiko baten. Valentin J. Diment zuzendariagaz batera, Sebastian Cortes eta Martin Blousson dira gidoilariak. Laurence R. Harveyren arabera, sari nagusia hartzeko hau aukeratu dogu, film oso ona dalako baina, ganera, hiru epaimahaikideon bihotzetara heldu jaku. Jose Maria Clementek ganeratu dau, FANTen 22. edizinoko irabazlea aukeratzeko bat etorri dirala hirurak berehala.
FANT Laburrean sailean, ostera, Brasilgo lan batek lortu dau film labur onenaren saria. Carolina Markowicz eta Fernanda Salloum zuzendariek Edificio Tatuape Mahal pelikulan eregitako istorioak hurreko mundu bat erakusten dau baina, era berean, giro original baten sartzen gaitu, Fiona O'Shaughnessyren esanetan. Euskal film laburrik onenaren saria George Todriaren Lost Village-k irabazi dau. Poema zinematografikoa da, Jose Maria Clementeren berbetan.
Hiru epaimahaikideen ustez, aurten maila oso oneko filmak ikusi ahal izan dira. Maila ederra egon da, nik uste dot aukeraketea egin dabenak zoriondu behar doguzala, adierazo dau Harveyk. Ingelesez ez diran filmak nabarmendu ditu O´Saughnessyk, baina orokorrean be maila oso ona egon dala zehaztu dau. Clementeren ustez, nabarmentzekoa da jatorri askotako filmak egon dirala ikusgai, horrek jaialdia aberastu egiten dauelako. Euskal film laburren maila bikaina azpimarratu dau Clementek, horrek esan nahi dau euskal zinemeak etorkizun ona daukala.
Epaimahaiak aukeratutako sari nagusiez gan, beste batzuk be sartu dira palmaresean. Esaterako, aurten lehenengoz, Panorama ataleko sariak banatu dira: Film luzerik onenaren ataleko irabazlea Andre Cruz-en L´Altra frontera izan da eta, film laburren arloan, Gigi Saul Guerreroren Madre de Dios. Phone Fantastikoa atalean, Aritz ET-ren Latas izan da onena.
Euskal Gidoilarien Alkarteak emoten dauen gidoi onenaren saria Teemu Nikki finlandiarrak irabazi dau, Lovemilla filmean egindako lanagaitik. Zuzendari barritzaileenaren saria, Fas Zineklubak emondakoa, Ben Wheatley britainiarrarentzat izan da, High Rise filmagaitik. Fantrobia ohorezko saria Can Evrenol zuzendari turkiarrari emon deutsie aurten. Film labur onenaren ikus-entzuleen saria, Oscar Bernacer-en Apolo 81 lanak irabazi dau.
Sari-banaketa ekitaldia gaur, barikua, arratsaldeko 20:00etan izango da, Bilboko BBK Salan. Irabazleak omentzeaz ganera, Can Evrenolen Baskin filma ikusi ahal izango da ekitaldi horretan. Beste alde batetik, maiatzaren 19an, El eslabon podrido, aurtengo irabazle nagusia, proiektauko dabe, Golem Alhondiga zinema-aretoan (20:00).
FANT 22ko palmares osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!