Nafarroako 2008ko azterketa soziolinguistikoa I: hizkuntza-gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2009-06-16 10:48   Bertsolaritzea

Euskerearen lurraldeetan euskerearen egoereari eta bilakaereari buruzko daturik esanguratsuenak eta osotuenak inkesta soziolinguistikoak emoten deuskuz. Eusko JaurlaritzEak 90eko hamarkadan sortutako behaketa-tresna honen bidez, eta beronen metodologia, galdera eta abar luze bati eutsiz, bost urterik behin batutako datuak erkargarriak eta jarraipenerako baliogarriak dira, baita hizkuntza politikea finkatzeko be. Behaketa-tresna horrezaz gan, EAEn erroldako edo zentsuko datuak erabilita mapa soziolinguistikoa be egin da. Lehenengo behaketa-tresna inkesta bat da, hamabost urte baino gehiagoko biztanleak aintzakotzat hartzen dituana. Bigarren tresnea, barriz, biztanleria osoa hartzen dau kontuan.

Inkesta soziolinguistikoak eskaintzen dauen argazkia are osotuagoa izatea ahalbidetzen dau, neurri batean, hiztun kopuruak-eta emendatuz. Erroldan edo zentsuan hizkuntzeari buruz egin ohi diran galderak desbardinak dira Nafarroan eta EAEn. Iparraldean, ostera, halakorik ez da galdetzen. Beraz, euskerearen lurraldeetan euskereak bizi dauen egoereari eta bilakaereari buruz eskuartean daukagun tresna bakarra inkesta soziolinguistikoa da. Hori halan izanda be, 2006. urteko III. Inkesta Soziolinguistikoa prestatzeko lanei ekin jakenean, azterlan horri jarraibidea emotea ezinezkoa gertatu zan; izan be, orduko Nafar Gobernuko agintariek ez eben nahi izan azterlan hori Eusko Jaurlaritzagaz burutu. Horreek holan, IV. Inkestea Eusko Jaurlaritzak burutu eban Nafarroako eta EAEko azterketa osorik bere kargu hartuz.

Iparraldeko zatia, ostera, hango agintariakaz lankidetzan burutu eban. Orain dala gitxi, Nafar Gobernuko Euskarabideak 2008ko urriaren 16tik zemendiaren 20ra bitartean burututako azterketa soziolinguistikoaren emoitzak aurkeztu barri ditu. Inkesta hamabost urtetik gorako herritarrei egin jaken: 3.596 inkesta, guztira. Gaiak eztabaidarako aukerak emoten dituelakoan, datozan egunotan inkesta honen daturik esanguratsuenak zuoi hurreratzen ahaleginduko naz. Esan daidan, lehenengoz, 2008ko azterketa honen eta 2006ko inkesta soziolinguistikoan batutako datu nagusien artean kontraesanik ez dagoela. Euskarabideak egindako azterketaren emoitzek baikorrago egoteko arrazoi gehiago emoten dabe inkesta soziolinguistikoaren datuek baino.

Edozelan be, joera nagusiak komunak dira, izan be, hizkuntza-gaitasunari erreparetan badeutsagu, biztanle gazteenek askoz hizkuntza-gaitasun handiagoa daukie galdetutako gainerako pertsonek baino. Jazoera hori, EAEn be aurkituko dogu, eta hezkuntza sistemearen ekarriari zor jako batez be. Halan, Iparraldean be galtze-joereari etorkizunean eskapo egiten bajako horri esker izango da. Nafarroan, lau gaztetatik 1ek ondo edo oso ondo ulertzen dau euskeraz. Eta, 5etik 1ek maila ona dauka gainerako trebetasunetan: mintzamenean, irakurmenean eta idazmenean. Halanda be, gainerako lurraldeetan ohikoa danez, Nafarroako zonalde batetik bestera aldeak dagoz. Izan be, eremu euskaldunean, galdetutako biztanle gehienek (adin-tarte guztietan) ondo ulertu eta berba egiten dabe euskeraz. Horreek holan, eremu euskaldunetako biztanle gehienek berezko hizkuntza-gaitasun handia daukie, baina, 35 urtetik aurrera, behera egiten dau ehunekoak alfabetatzea beharrezkoa dan trebetasunetan: irakurmenean eta idazmenean. Eremu mistoan (Iruñea barruan dagoan eremua), 15-24 urte bitarteko pertsonek hobeto dakie euskeraz gainerako biztanleek baino, eta % 20 dira hizkuntza-trebetasun guztietan maila altua daukienak. 25 urtetik aurrera, adinean gora egin ahala hain zuzen, jaitsi egiten da gaitasuna. Eremu ez-euskaldunean dagoz jakintza ehunekorik txikienak adin-tarte guztietan. Eremu horretan, 25 urtez azpiko biztanleek daukiez portzentajerik altuenak trebetasun desbardinetan. Adinean aurrera egin ahala, ostera, jaitsi egiten da orobat gaitasuna (65 urtetik gorakoen hizkuntza-trebetasunak oso apalak dira).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu