Apirilaren 15ean hasiko da Plazatik Gaztetxera bertsolari gazteen txapelketea

Bizkaie! 2016-04-07 14:17   Bertsolaritzea

Eibar, Ondarroa, Soraluze, Bergara, Deba eta Markina-Xemeinen izango dira saioak, eta Mutrikun final handia, maiatzaren 21ean. Danetara, 32 bertsolarik parte hartuko dabe.

Eibar, Ondarroa, Soraluze, Bergara, Deba eta Markina-Xemeinen izango dira saioak, eta Mutrikun final handia, maiatzaren 21ean. Danetara, 32 bertsolarik parte hartuko dabe.

Txapelketearen helburuak bi dira: alde batetik, bertsolari gazteei jentaurrean kantetako aukerea eskaintzea. Eta, bestetik, bertsoa gazteei hurreratzea, horretarako tresna lez gaztetxeak erabiliz. Zazpi gazte asanblada dabiz alkarlanean dana antolatzen, eta, aurten, Bergara eta Ondarroakoak be sartu dira.

Eredu barriak abiarazotea da asmoa, eta baztertu egiten dabe eredu formal lehiakorraren planteamendua, nahiz eta txapelketea  izanik lehia egon badagoan. Helburu hori lortzeko aurten barrikuntzak izango dira saioak epaitzeko sisteman. Bertso bakotxari epaile talde batek puntuazino jakin bat emon beharrean, publikoko talde aukeratu batek (5-7 lagunez osotua) gehien transmitidu dauen bikotea aukeratuko dau. Horrezaz gan, txapelketetan ohikoak ez diran ariketa barriak be sartu ditue, saioak bizi-biziak eta umoretsuak izan daitezan.

Ohikoa dan legez, bikoteka hartuko dabe parte bertsolariek. Lehenengo fasean lau kanporaketa jokatuko ditue, eta saio bakotxetik bikote bi pasauko dira finalerdietara. Bigarren fasean, finalerdi bi jokatuko ditue, eta logika berbera erabiliko dabe finalistak hautatzeko: saio bakotxetik bikote bi pasauko dira.

Kanporaketetan eta finalerdietan gaztetxeetan afaltzeko aukerea egongo da 20:30ean, eta saioak 22:30ean hasiko dira. Joan ezin dabenentzat Topatu.eus eta Bertsoa.eus atarien bidez jarraitu ahal izango da txapelketea.


Kanporaketak

- Apirilak 15, Eibar. Manex Astigarraga - Maddi Sarasua; Ane Zuazubiskar - Maria Izaga; Aissa Intxausti - Malen Amenabar; eta Aitor Salegi - Antton Aizpurua.

- Apirilak 16, Ondarroa. Markel Baroja - Txaber Altube; Aitor Irastorza - Koldo Gerezuaga; Eñaut Martikorena - Imanol; eta Arrate Ilaro - Beñat Torres.

- Apirilak 22, Soraluze. Mikel Goiriena - Gorka Maiz; Eli Pagola - Iñigo Zubiaurre; Mikel Lasarte - Saioa Alkaiza; eta Maider Arregi - Jon Pinedo.

- Apirilak 23, Bergara. Aitzol Iturbe - Unai Aranzabal; Aitor Servier - Paula amilburu; Josune Arakistain - Ander Zulaika; eta Asier Galarza - Aratz Igartzabal.


Finalerdiak 

- Apirilak 30, Deba. Eibarko eta Soraluzeko hautatuak + Ondarroako eta Bergarako entzuleek hautatuak.

- Maiatzak 7, Markina-Xemein. Ondarroako eta Bergarako hautatuak + Eibarko eta Soraluzeko entzuleek hautatuak.


Finala

- Maiatzaren 21ean, Mutrikun. Egun osoko egitaraua atontzen dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu