'Bere bizitzetako bat' film laburrak irabazi dau IX. Huhezinemako sari nagusia

Bizkaie! 2016-03-21 11:28   Zinemea

Bere Bizitzetako Bat laburra zuzendu dauen Aitor Gametxo lekeitiarrarentzat izan da IX. Huhezinemako sari nagusia, Goiena saria, hain zuzen be. Zuzendariaren izenean, arrebeak jaso dau saria Oihane Agirre Goiena Komunikazino Taldeko telebista zuzendariaren eskutik.

Bere Bizitzetako Bat laburra zuzendu dauen Aitor Gametxo lekeitiarrarentzat izan da IX. Huhezinemako sari nagusia, Goiena saria, hain zuzen be. Zuzendariaren izenean, arrebeak jaso dau saria Oihane Agirre Goiena Komunikazino Taldeko telebista zuzendariaren eskutik.


IX. Huhezinemaren azken eguneko sari banaketarako arratsaldeko 16:50ean zabaldu zituen Arkupe kultur etxeko ateak eta minutu gitxitan bete zan aretoa. Jende ugari hurreratu zan Sail Ofizialeko 10 finalisten lanak ikustera. Filmen zuzendari nahiz produktoreak lehen ilaretako jeserlekuetan egozala, Break In dokumentalaren zuzendari den Mikel Aristregik, eta Hartz txiki filmeko Ruben Sanchez aktoreak igon eben eszenatokira. Proiektuen inguruko gorabeherak jorratu zituen eta txalo zaparrada handi bategaz agurtu ditue ikusleek.

Berehala, film bakotxeko partaideetakoren baten berbak entzuteko aukerea izan da: Axier Salazar (Dantzariak), Aitor Oñederra (I said I would never talk about politics), Ander Duque eta Rosalinda Galan (Napoleon y yo) eta Tucker Dávila (Duellum). Bere Bizitzetako Bat film laburraren zuzendariak, Aitor Gametxok, bideo bidez azaldu ditu bere lanaren nondik norakoak, izan be, ezin izan dau Arkupe Aretora hurreratu. Azken film laburra ikusi ondoren, onena zein izan dan erabagi behar izan dabe zinemara hurreratutakoek.

Ikuslearen botoa emoteko momentuaren ondoren, sari banaketea hasi da. Ander Gostin Mondragon Unibersidadeko Ikus Entzunezko Komunikazinoa Graduko koordinatzaileak emon dau sarituen barri: Basque Culinary sailaren barruan, saria Menzzi Txispas (Ander Mendizabal eta Jon Garate) lanarentzat eta lehiaketa honetako ikusleen saria Nahikua eta Soberan (Jon Campo) lanarentzat. MUko fikzinozko film labur onenaren saria Zurea (Jon Garate eta Xabier Aztiria) lanarentzat, MUko dokumental onenaren saria Amaren Izenean (Irati Elortondo) lanarentzat eta lehiaketa honetako ikusleen saria, Triangeluak (Ibai Iregi) lanarentzat. Vertigo saria, barriz, Dantzariak (Axier Salazar) lanarentzat izan da. Amaitzeko, Sail Ofizialeko sari nagusia, Goiena Saria, Aitor Gametxoren Bere Bizitzetako Bat lanak eroan dau; ikusleen saria, barriz, Axier Salazarren Dantzariak lanak jaso dau.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek eurek antolatzen dabe Huhezinema jaialdia, Iban del Campo koordinatzailearen gidaritzapean, eta urtez urte ospea irabazten doan ekimena da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu