Euskal batailoietako gudarien argazkiak ipini ditue Batzar Nagusien egoitzan, Bilbon
2016-03-02 13:05 KultureaMauro Saravia txiletarrak ataratako argazkietan 1936ko gerratik bizirik geratzen diran gudariak agiri dira. Intxorta 1937 alkarteagaz batera antolatutako erakusketa hori Bilbon egongo da martiaren 29ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. Gudari gehienak gizonak ziran, baina emakumeek be gerrea sufridu ebela gogoratzeko, omenaldia egingo jake apirilean eta hareei buruzko argazki erakusketea datorren urtean aurkeztuko dau Saraviak.
Mauro Saravia txiletarrak ataratako argazkietan 1936ko gerratik bizirik geratzen diran gudariak agiri dira. Intxorta 1937 alkarteagaz batera antolatutako erakusketa hori Bilbon egongo da martiaren 29ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. Gudari gehienak gizonak ziran, baina emakumeek be gerrea sufridu ebela gogoratzeko, omenaldia egingo jake apirilean eta hareei buruzko argazki erakusketea datorren urtean aurkeztuko dau Saraviak.
Gerran ibilitako miliziano euskaldun eta katalanen ilobea da Mauro Saravia. Etxean entzuten zituan istorioak hobeto ulertzeko hasi zan gudariei argazkiak ataraten. Historia zatika ezagutzen neban eta ikertzen hasi nintzan, dino Saraviak. Bien bitartean, Intxorta 1937 alkarteak omenaldia egin eutsen bizirik geratzen diran milizianoei igaz. Behin alkar ezagututa, proiektuan bat egitea erabagi eben argazkilariak eta alkarteak.
Holan jaio da Azken batailoia erakusketea. Zuri-baltzezko eta koloretako argazkiak, batzuk analogikoak eta besteak digitalak, tartekatzen dira. Mauro Saravia protagonista guztien etxeetara joan da, banan-bana, gerrea bizi izan eben azkenengoen irudizko lekukotzea jasoteko. Argazkiak ataraten hasi zanetik denporatxu bat pasau danez, erakusketako sei gudari hil egin dira dagoeneko.
Txilekoa dan arren, Euskal Herrira ezkonduta dago Saravia eta horrek lana erraztu deutso. Halandabe, gorabehera batzuk izan ditu teknikearen aldetik: Etxe bakotxean argia desbardina da eta, horregaitik, argazki batetik bestera desbardintasunak dagoz. Batzar Nagusietako erakusketan, argazkiakaz batera, protagonisten testigantzak eta gudarien agiri zaharrak ipini ditue.
Argazkietan agiri danetako bat, Luis Ortiz Alfau, erakusketearen aurkezpenean egon da. Pozik dago, urte askoan egia ez azaleratzeko ahaleginak egon dirala uste dauelako. Interes politikoakaitik gauza asko ezkutau dirala dino.
Martiaren 29ra arte ikusi ahal izango da erakusketea, Batzar Nagusiek Hurtado Amezaga kalean daukien egoitzan. Guztira, 54 argazki dira, 27 gudarirenak. Memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean beste pausu bat dala azpimarratu dabe antolatzaileek.
Intxorta 1937 alkartekoek nabarmendu dabenez, proiektu hau ez da erakusketa honegaz amaituko. Izan be, argazki ia-ia guztietan gizonak agiri dira, gudari gehienak gizonezkoak ziralako, baina emakumeen parte-hartzea ez dabe ahaztu nahi. Frentean, erizaintzan eta abar andra asko ibili ziran. Era berean, biktima izan ziran.
Apirilaren 24an, beraz, omenaldia egingo deutsie gerran parte hartu eben edota Francoren diktadurapean biktima izan ziran emakumeei, Elgetan. Ganera, Mauro Saravia argazkiak ataraten dabil dagoeneko, emakumeei eskainitako erakusketea antolatu ahal izateko. Asmoa da, erakusketea datorren urtean egitea. Emakumeak be kontuan hartuta, hau guztia aberastu egiten da, azaldu dau Intxorta 1937ko Juan Ramon Garaik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!