Askotariko proposamen kulturalak Bilbon, Blas de Oteroren mendeurrena gogoratzeko
2016-03-01 13:35 Kulturea1916ko martiaren 15ean jaio zan Blas de Otero poeta bilbotarra eta mendeurrena gogoratzeko ekitaldi piloa antolatu dau Bilboko Udalak, kultur eragile eta artistakaz alkarlanean. Irakurraldiak, antzezlanak eta lora eskaintzak egingo ditue. Ganera, Andres Urrutiak euskerara itzuli dau Oteroren Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak, prosa poetikoan idatzitako liburua.
1916ko martiaren 15ean jaio zan Blas de Otero poeta bilbotarra eta mendeurrena gogoratzeko ekitaldi piloa antolatu dau Bilboko Udalak, kultur eragile eta artistakaz alkarlanean. Irakurraldiak, antzezlanak eta lora eskaintzak egingo ditue. Ganera, Andres Urrutiak euskerara itzuli dau Oteroren Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak, prosa poetikoan idatzitako liburua.
Blas de Otero 20. mendeko Bilboko idazle ezagunenetako bat izan zan arren, euskerara itzulitako haren lehenengo liburua da Andres Urrutia euskaltzainburu eta Blas de Otero Fundazinoko kidearena. El Gallo de Oro argitaletxea arduratu da liburua plazaratzeaz.
Kuban egoala idatzi eban Blas de Oterok Historias fingidas y verdaderas, 1966tik 1968ra. Andres Urrutia aspaldi hasi zan liburua euskerara itzultzen, Andolin Eguzkitza eta Gotzon Lobera lakoen laguntzinoagaz. Sabina de la Cruzek, Blas de Oteroren alargunak, animau eban lan horri ekitera. Liburu harrigarria da, liluratu egiten nau, dino Urrutiak.
Itzulpena baino, bersinoa da Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak, Andres Urrutiak zehaztu dauenez. Prosa poetikoan idatzitako liburu bat itzultzea gatxa da, batez be gaztelaniaren eta euskerearen arteko desbardintasun linguistikoak kontuan hartuta.
Blas de Otero omentzeko modua da liburua, Urrutiaren ustez, baita euskereari ekarpena egitekoa be. Gabriel Arestik Blas de Oteroren olerki batzuk euskerara ekarri zituan eta Urrutiak uste dau, Arestiren heriotza goiztiarragaitik izan ez balitz, gehiago be egongo zirala euskeraz. Euskerazko lehenengo itzulpena orain ataratea ez dala beranduegi dino euskaltzainburuak: Blas de Oteroren prosa poetikoa euskerearen ikuspegitik emoten asmau badot, ez da beranduegi izango. Zubigintza lana egiten dau liburuak, autore handi bat euskerara hurreratuta.
Blas de Oteroren mendeurrenagaz bat eginaz, beste ekitaldi asko be antolatu dira Bilbon. Martiaren 15ean, mendeurrenaren egunean, ekitaldi bi egongo dira. Batetik, goizean, ekitaldi instituzionala egingo da, Bilboko Egaña kalean idazleak daukan oroigarrian. Juan Mari Aburto alkatea bertan dala, poemak irakurriko ditue. Bestetik, arratsaldean, Bidebarrieta liburutegian irakurraldia egingo dabe. Bernardo Atxaga izango da han.
Ganera, martiaren 21ean, Poesiaren Nazinoarteko Egunean, Historia (casi) de mi vida antzezlana estreinauko da Azkuna Zentroan. Ramon Bareak zuzendutako lan horretan, Felipe Loza, Jose Luis Estrada, Mikel Losada eta Irene Bau aktoreek parte hartuko dabe, Naiel Ibarrolaren musika eta irudiakaz.
Historias fingidas y verdaderas lanetik abiatuta egokitu dabe antzezlana. Ramon Bareak azaldu dauenez, antzezlanaren oinarri dan testua helduaroan idatzi eban Blas de Oterok. Nik irakurraldi literario baten ezagutu neban idazlana eta harrituta geratu nintzan, maitemindu egin ninduan. Bareak dino antzerkirako testu aproposa dala.
Era berean, maiatzean eta bagilean literatureagaz lotutako topaketak egongo dira Bidebarrietan, Blas de Oteroren lana aztertzeko. Ohiko moduan, Blas de Otero poesia saria be antolatu dau Bilboko Udalak. Martiaren 15ean zabalduko da aurtengo ekitaldirako lanak entregetako epea. 2008tik antolatzen dabe sariketea Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazinoak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!