Zinegoak Festibalak Euskadiko hogeita zazpi udalerritara eroango dau sexu aniztasuna jorratzen dauen zinemea

Bizkaie! 2016-02-29 16:48   Zinemea

Zinegoak Hedapena programeak salto nabarmena emon dau, eta igaz 14 udalerritan eskaini bazituen filmak aurten 30etan eskainiko dira, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Berdinduk, LGTB kolektiboari arreta emoteko zerbitzuak eskaintzen dauen laguntza sendoari esker, posible izan da herri gehiagotan egotea eta filmak euskerazko azpitituluakaz emotea.

Bilboko Gaylesbotrans Zinema Festibala, Zinegoak, astegoienean amaitu da irabazle izandako film luze eta laburrak proiektauta eta horregaz 13. edizinoa zarratu da. Baina sexu aniztasunarekin hitzordua ez da honegaz amaitzen, izan be, festibaleko film luze, dokumental eta film laburren hautaketa bat egin da eta hogeita hamar bat herritara zabalduko dira martian, herri bakotxean antolatutako saioetan. Helburua da ahalik eta leku gehiagotara zabaltzea afektu aniztasunaren gaineko hausnarketea, ez bakarrik herri giroko LGTB komunidadeari erreferentziazko kulturea eskaintzeko asmoz, baita jendarte osoa sensibilizetako ekintzak atontzeko asmoz be, azaldu dau Pau Guillének, festibaleko zuzendariak.

Edizino honetan, Zinegoak Hedapena programeak salto nabarmena emon dau, eta igaz 14 udalerritan eskaini bazituen filmak aurten 30etan eskainiko dira, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Berdinduk, LGTB kolektiboari arreta emoteko zerbitzuak eskaintzen dauen laguntza sendoari esker, posible izan da herri gehiagotan egotea eta filmak euskerazko azpitituluakaz emotea. Saio bakotxean, aurkezpena egongo da, zinema festibaleko kideren baten eskutik edo Berdinduren eskutik, eta herri bakotxak berarentzat atondutako materiala izango dau (posterrak eta eskuko egitarauak). Emonaldi arrunta alboratu, eta emonaldi erakargarria eta entretenigarria egin nahi dogu, adierazo dabe antolatzaileek.

Lanen hautaketan, hurreko filmak, publiko guztientzat aproposak diranak sartu ditue. Honakoak dira filmak: The Amina Profile, siriar-amerikar iraultzaile bati buruzkoa; En la gama de los grises txiletarra, Sebastiane Latino Sariaren irabazlea, edota honako film laburrak: Aitona Mantagorria, Kepa Errastirena, Lo que nos une, Mattin Garikanorena edota Semeak, Iker Azkoitiarena.

Saioak gaur bertan, hilak 29, abiatuko dira Donostian, 19:30ean Antzoki Zaharrean, eta marti osoan izango dira, 27 euskal udalerritara zabalduko baitira. Proiekzinoak zein lekutan eta ze ordutan eskainiko diran festibalaren webgunean ikus daiteke.


Udalerri parte-hartzaileak:

- Araba: Zuia.

- Bizkaia: Bakio, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Berriz, Durango, Galdakao, Gernika, Getxo, Igorre, Leioa, Mungia, Ondarru, Portugalete, Sestao, Sopela eta Urduña.

- Gipuzkoa: Arrasate, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Donostia-San Sebastián, Lezo, Ordizia, Tolosa eta Usurbil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu