Pastoral bihurtuko dabe Katalina de Erauso monja abenturazalearen bizitzea

Bizkaie! 2016-02-25 09:59   Kulturea

Maite Berrogain egilearen zuzendaritzapean, Katalina Pastorala Alkartea izeneko taldea lanean dabil Katalina Erauso personaia ezagunaren bizitzea taula ganean erakusteko. Taldea Iparraldeko musikari, jantzari, kantari eta aktore amateurrek osotzen dabe eta aurtengo bagilean estreinauko dabe pastorala.

Iparraldeko musikari, jantzari, aktore eta herritar talde batek Katalina Erauso euskal monja gudariari buruzko pastorala sortu dau. XVII. mendean Erausok komentutik iges egin eta Ameriketara joan zan, gizonez mozorrotuta eta hamaikatxu abentura eta burrukatan parte hartu eban bertan. Pastoralak haren bizitza gorabeheratsua taula ganera ekarriko dau eta horretarako finantziazinoa eskuratzeko kanpainea jarri dau abian munduko euskaldunen artean. Pariseko, Paueko eta Suitzako euskal etxeek babesa emon deutsie dagoeneko; antolatzaileek Diasporako ganerako alkarteei be deia egin deutsee.

Pasa dan 2014ko zezeiletik, Maite Berrogain egilearen zuzendaritzapean, Katalina Pastorala Alkartea izeneko taldea lanean dabil Katalina Erauso personaia ezagunaren bizitzea taula ganean erakusteko. Taldea Iparraldeko musikari, jantzari, kantari eta aktore amateurrek osotzen dabe eta aurtengo bagilean estreinauko dabe pastorala.

Katalina Erauso donostiarraren bizimodu gorabeheratsua da pastoralaren haria. Erauso 1685 aldera jaio zan Donostian. Hiru urtegaz monja sartu zituen bera eta bere hiru ahiztak, baina 15 urtegaz Katalinak komentutik iges egin eta gizon jantzita Ameriketara joan zan. 1600. urtea zan eta, gizonezkoz jantzita, soldadu eta marinel lanetan ibili zan han. Ezpateagaz oso abila ei zan, baina halan da be zauri larri bat jaso eban eta emakumea zala deskubridu eben ingurukoek. Ospetsua egin zan eta bi urte emon behar izan zituan komentu batean preso. Gero Europara ekarri eben eta Felipe IV erregeak ohoreak eta errenta bat emon eutsozan. Urbano VIII Aita Santuak gizonezkoen jantziak erabilteko baimena emon eutson. Dana dala, berak Mexikora itzultzea erabagi eban eta han bizi izan zan hil arte.

Kontuak kontu, pastorala bagilaren 5ean estreinauko da Baionan, eta irailean Donostira helduko da. Muntaia handia izango da: ehun jokolaritik gora, 20 eszena, 220 bat bertso, musika, abesti eta jantza...

Aitatu alkarteak Eusko Jaurlaritzearen eta Akitaniako Kontseiluaren babesa izan dau, baita beste zenbait euskal erakundeena be. Bertan parte hartuko dabe aktore, musikari eta teknikari gehienek musutruk egingo dabe lan, baina halan da guztiz be hainbat gastu tekniko pagau behar dira eta horretarako, alkarteak diru-batze kanpainea jarri dau martxan. Inguruetako negozio eta enpresa askok bat egin dabe dagoeneko, baita zenbait euskal etxek be (orain  arte Paris, Pau eta Suitzakoek). Alkarteak Diasporako ganerako euskal etxeei eta lagundu nahi dauen edonori be zabaldu nahi deutse pastoral berezi honetan parte hartzeko deia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu