Izarran abiatu da Arabako Bertso-Kuadrilla artekoa

Bizkaie! 2016-01-25 17:04   Bertsolaritzea

Legutioko Bostibaietak, Aramaioko Elexpuru ta 4-k eta Ez jatzu gustau bier taldeek, Zuiako Lau oinetan poto-k eta Urkabustaizko Bertsolahariak txahalak taldeak, ariketaz ariketa, ederto girotu ditue barruak eta kanpoak.

Astegoienean, Gorbeialdeko bertso eskola guztiek, bost taldek hartu dabe parte Arabako Bertso Kuadrillartekoaren lehenengo saioan. Bertsoa, bertsoa eta bertsoa: besterik ez da entzun Izarran, zapatuan, goiz eta arratsalde.

Zer dan auzolana. Bertsolalahariak latxak taldeak (Izarra) txokoa jarten dau, eta Elexpuru eta 4 (Aramaio) taldeak sukalde-lanak egiten ditu. Gorbeialdeko punta batetik besterako giro ederra igarri da goizeko lehen orduetatik hasita, Izarran. Horixe baita aurtengo kuadrillartekoaren helburu nagusietako bat: taldea egitea, bertsoa modu kolektiboan biziteko aukerak zabaltzea. Asmo horrek paella eta okela gisadu usaina hartu dau goizean goizetik.

Behin oinarrizko azpiegiturea prest, ahotsak berotzen hasi dira. Tabernaz taberna, atletarik onenen neurriko lanak egin behar izan ditue bertsolariek: 100 metro bertsotan, oztopo-lasterketea, maratoia… Kirol-formatua atxakia ederra izan da taldeen arteko erronka-giroa erakusteko. Legutioko Bostibaietak, Aramaioko Elexpuru ta 4-k eta Ez jatzu gustau bier taldeek, Zuiako Lau oinetan poto-k eta Urkabustaizko Bertsolahariak txahalak taldeak, ariketaz ariketa, ederto girotu ditue barruak eta kanpoak.

Bazkarirako deiak bazkaria ekarri dau, eta bertso-festak deskantsua hartu dau tarte batez. Halan da be, ez da luzerako izan: bazkalosteko patxada ederrean, talde bakotxak bertso-erronka bat proponidu deutse ganerako taldeei. Danetik egon da: errima-matxakea, bertso-marrazkia, personai izkutua, artopotoa eta bertso-arrautzea. Danek izan dabe bertsoa eta jolasa ardatz, eta barre-algara galantak entzun behar izan ditue Behekoiturri alkartearen inguruan bizi diran urkabustaiztarrek.

Eguzkia sartzeagaz batera amaitu da Gorbeialdeko topaketea, Zelaietaren kontzertuagaz. Bakotxa bere herrira eta etxera joan da, bertso-zapore gozoa ezin kenduta. Eta airean zurrumurru bat: hau berriz egin behar dogu, honek jarraitu egin behar dau.

Topaketearen informazino guztia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu