Umorea eta giro ederra nagusi Bardoen lehen astegoienean
2016-01-25 14:51 BertsolaritzeaJoandako barikuan Lizarran, Donamarian, Beran eta Barañainen antolatutako saioakaz emon jakon hasierea ekimenari eta zapatuan, barriz, Altsasun izan zan hitzordua. Puntu irabazleak oro har oso banatuta geratu dira, talde bisitari zein etxekoen artean.
Joandako barikuan Lizarran, Donamarian, Beran eta Barañainen antolatutako saioakaz emon jakon hasierea ekimenari eta zapatuan, barriz, Altsasun izan zan hitzordua. Puntu irabazleak oro har oso banatuta geratu dira, talde bisitari zein etxekoen artean.
Lizarrako Gure Hizkuntza alkartean izan zan lehen saioa, bertakoek bikain lagunduta. Lagun arteko giroan Lizarrako kardoek (Aitor Irazustabarrena, Pello Etxaniz, Cesar Etxeberria, Mikel Pinillos, Ander Aranburu eta Egoitz Galarzak) Bardoetan lehen parte-hartzea izan eben eta Barañain/Berriozarko Hiru garabardo eta pintxo bat talde gazteagaz batera (Sarai Robles, Manex Mailharin, Mikel Lasarte eta Ainara Ieregi) umoretsu osotu eben saioa. Azkenean, talde bisitariak lortu eban puntu irabazlea.
Donamariako herriko ostatuan bere, saio bizi eta umoretsua izan zan eta bertaratutako 60 bertsozaleek gogotik egin eben barre. Hasierako agur antzeztuen ondoren, bertsolariek saioa polito osotu eben eta azkenean etxeko Iluminatiums taldeak (Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo) eroan eban puntua. Eurekaz batera kantuan ibilitako Pirini Bardó taldeko kideentzat (Aitor Zazpe, Ibai Carballo, Karine Etxeberri eta Fernando Ziganda) debuta izan zan eta ariketaz ariketa hasibarrien freskureagaz txukun ibili ziran.
Bortzirietara salto eginez, Berako Kataku ostatuan 40 entzule inguru batu ziran bertako Larungo antenak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru) eta (Larraun da Araitz) Bi dozena (Joana Ziganda, Luis Mari Larreta eta Juan Mari Irastortza) taldeak ikustera. Afari-meriendaren ondoren ekin jakon saioari eta hemen be umorea nagusi, bertsoaldirik gehienak oso txalotuak izan ziran. Puntu irabazlea beratarrek jaso eben.
Iruñerrian, Barañaingo Haizea alkartean jokatu zan eguneko azken saioa. 60 bertsozale batuta, Barañaingo Barañetek (Ander Baiano, Mintxo Astiz, Iñigo Aranguren eta Sahats Aleman) zein Lesakako Tantirubertso taldeko kideek (Eneko Fernandez, Maddalen Lopez eta Ioar Tainta) hasierako agurrakaz giro ezin hobea sortu eben publikoaren eta bertsolarien artean. Azkenean, lesakarrentzat izan zan puntu irabazlea.
Zapatuan, barriz, Altsasuko Gure Etxean ibili ziran Bardoak. Herriko Bota lasai taldeko kide gehienek (Joxema Leitza, Idoia Granizo, Aitziber Grados eta Ekain Alegre) oso gazteak izanik, txapelketan debuta egin eben, ariketa oso txukunak eskainiz eta eurekaz batera, Iruñeko Xirristi Drimtim taldekideak izan ziran kantuan (Unai Uberetagoena, Xabier Zarraluki eta Migel Anjel Ortiz de Guzman). Saioa motel xamar atera bazan bere, 40 entzulek adi jarraitu zituen bertsolariak eta Altsasu bertako kideak kantuan izatea aspaldiko urteetako nobedadea izan zan.
Asteburuan jarraipena izango dau Bardoak ekimenak, beste sei saiogaz. Iruñerrian hiru saio jokatuko dira; Berriozarren ostiralean eta Iruñean bariku zein domekan. Horreekaz batera, Leitzan barikuan eta Lesakan domekan bi saio egingo dira.
Txapelketearen ganeko informazino guztia (argazkiak, albisteak, bideoetarako loturak…) www.bertsozale.eus atarian ikusgai dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!