Bilboko euskaldunen topagune izango da Berbagunea eguenean

Dabi Piedra 2016-01-18 13:24   Euskerea berbagai

Euskeraz berba egiteko batuko dira era guztietako euskaldunak Bilboko Azkuna Zentroan, eguenean, hilak 21. Euskerea kalera atarateko eta euskereak edozertaz berba egiteko balio dauela erakusteko antolatu dabe laugarrenez Bilboko Berbagunea. Lau txandatan banatuta, 1.600 lagun inguru batzea da aurreikuspena.

Euskeraz berba egiteko batuko dira era guztietako euskaldunak Bilboko Azkuna Zentroan, eguenean, hilak 21. Euskerea kalera atarateko eta euskereak edozertaz berba egiteko balio dauela erakusteko antolatu dabe laugarrenez Bilboko Berbagunea. Lau txandatan banatuta, 1.600 lagun inguru batzea da aurreikuspena.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dabe Berbagunea, Bilboko euskaltegien sareagaz batera. Era berean, eragile askoren laguntzinoa euki dabe. Hori dala eta, Ana de Castro Foru Aldundiko Euskera zuzendariak nabarmendu dau alkarlanaren emoitzea dala Berbagunea. Aitziber Olabarrieta ekitaldiaren koordinatzaileak adierazo dauenez, sendotuz doan ekimena da, eragile askoren babesari esker.

Egueneko ekitaldia ordu eta erdiko lau txandatan banatu dabe. Goizeko 9:30etan hasiko da lehenengoa, 11:00etan bigarrena eta 12:30etan hirugarrena. Arratsaldean izango da azkena, 16:30etan. Txanda bakotxeko parte-hartzaileak mahai ugaritan banatuko ditue eta moderatzaile baten bultzadaz, hainbat gairen inguruan berba egingo dabe taldeka, euskeraz.

Euskeraz berba egiteko gauza dan edonork parte hartu leike, euskaldun osoa izan zein ikasten ibili. Izan be, asmoa da Bilboko euskaldunen alkargunea sortzea, euskeraz berba egiteko aukerea emotea. Danon erronkea da, bakotxak bere neurrian emon behar dau, De Castroren ustez. Oihan Vegak aurkeztuko dau ekitaldia eta trikitilariak egongo dira giroa alaitzen. Kulturearen, kirolaren eta politikearen munduko persona ezagunak egongo dira mahaietan, adibidez Mikel Martinez, Miren Agur Meabe eta Juanra Madariaga.

Erabileran eragitea da Berbagunearen helburuetako bat. Kalean euskerea entzutea, gure hizkuntzea konpartidutea nahi dogu, dino Olabarrietak. Izan be, Ana de Castrok honako gogoetea egin dau: Erabileran jokatzen da euskerearen partidua. Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza zinegotziak gogoratu eragin dauenez, euskaldunen kopuruak gora egin dau urteotan eta euskaldun barriek euskerea aberastu eta bizibarritu dabe. Horren erakusle izango da berbagunea, dino Narbaizak, euskerea gure kulturearen eta egunerokoaren parte izatea nahi dogu.

Parte hartzea doban da, baina komenidu da aurretiaz izena emotea, helbide elektroniko honetan: berbagunea@gmail.com. Bestela, telefono zenbaki honetan be apuntau leiteke: 94-416 24 72.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu