'Loreak' filma Oscarretako lehiatik kanpo geratu da

Bizkaie! 2015-12-18 09:21   Zinemea

Bart gauean hautagaien arteko aukeraketa bat egin dau Hollywoodeko epaimahaiak eta bederatzi film baino ez ditu itxi Ingelesez Besteko Film Onenaren kategoriako lehian. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filma ez dabe aukeratu eta, beraz, Oscarretako galan ez da egongo. Halandabe, Oscar saria irabaztetik hurren geratu dan euskerazko film luzea da Loreak.

Bart gauean hautagaien arteko aukeraketa bat egin dau Hollywoodeko epaimahaiak eta bederatzi film baino ez ditu itxi Ingelesez Besteko Film Onenaren kategoriako lehian. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filma ez dabe aukeratu eta, beraz, Oscarretako galan ez da egongo. Halandabe, Oscar saria irabaztetik hurren geratu dan euskerazko film luzea da Loreak.

Orain arte, 90 film egon dira atzerriko hizkuntzaren kategorian, 2016ko zezeilean Oscar saria irabazteko hautagaien moltsoan. Espainiak Loreak bialdu eban sarietara (hori lortzen dauen euskerazko lehenengo filma da) eta 90eko hasikerako taldetxu horretan sartzea lortu eban, ganera. Hartara, Estadu Batuetako zinema aretoetan emon dabe Loreak asteotan eta Garaño eta Goenaga zuzendariak Amerikan izan dira filma aurkezten.

Zezeilaren 28an Los Angelesen emongo diran sarietarako behin betiko bost hautagaiak aukeratzeko, langa bi gainditu behar dira oraindino. Eta lehenengo langan kanpoan itxi dabe Loreak, bart gauean Hollywoodeko Akademiak jakitera emon dauenez. 90 hautagaietatik bederatzik baino ez dabe aurrera egin oraingoan. Hurrengo aukeraketatik urtengo dabe bost finalistek.

Loreak, horrenbestez, ez da Oscar sarietako galan izango. Halandabe, bultzada handia emon deutso Oscarretako aurre-aukeraketan egon izanak: Urriaren 31n zinema areto komertzialetan estreinau ahal izan zan eta dagoeneko 50.000 lagun inguruk ikusi dabe. Ganera, Estadu Batuetako zinemetara heldu da Loreak.

Filmeko arduradunek, twitterreko euren kontuan (@loreakfilm), honako mezua zabaldu dabe, Hollywoodetik etorritako albistea jakin eta berehala: Iraun dauen bitartean polita izan da, baina amaitu da gure amesa. Loreakek ez dau Oscarra irabaziko. Barrua hustu...

Oscar sarien lehian aurrera egin daben bederatzi filmak honeek dira: Le tout Nouveau Testament (Belgikako ordezkaria), El abrazo de la serpiente (Kolonbia), A war (Danimarka), Miekkailija (Finlandia), Mustang (Frantzia), Im Labyrinth des Schweigens (Alemania), Saul fia (Hungaria), Viva (Irlanda) eta Theeb (Jordania). Behin betiko bost finalisten barri urtarrilaren 14an emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu