XI. Kameratoia, abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azokan

Bizkaie! 2015-11-12 10:50   Zinemea

Euskaltzaleen Topaguneak aurten be Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu dau Durangoko Azokako Irudienea plazearen barruan, 11. edizinoa. Ohikoa dan legez, erispide batzuk jarraituz, parte-hartzaileek, 50 ordu izango ditue euren film laburrak sortzeko. Izen-emotea zemendiaren 30era arte izango da zabalik eta plaza kopuru mugatua dago.

Euskaltzaleen Topaguneak aurten be Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu dau Durangoko Azokako Irudienea plazearen barruan. Ohikoa dan legez, erispide batzuk jarraituz, parte-hartzaileek, 50 ordu izango ditue euren film laburrak sortzeko. Ekimen honetan parte-hartzeko, izena emoten daben lagunek 18 eta 35 urte artean izan beharko ditue eta aurten, 48 ordu izan beharrean, gazteek 50 ordu izango ditue euskerazko film laburrak sortzeko, Azokearen 50. urteurrenari keinu eginez. Izen-emotea zemendiaren 30era arte izango da zabalik eta plaza kopuru mugatua dago.

Kontuak kontu, abenduaren 5ean emongo jako hasierea aurtengo edizinoari; egun horretan goizeko 11:00etan jakinarazoko jakez parte-hartzaileei lanen gaiak eta ezaugarriak, Irudienean egingo dan ekitaldian, eta abenduaren 7ko 14:00ak arteko tartea izango dabe lanak aurkezteko. Aurten sortzaileek 50 ordu izango ditue, gehienez sei minutuko iraupena izango dauen film labur baten gidoia osotu, grabazino zein edizino lanak egiteko. Baliabide teknikoei jagokenez, taldeek euren ekipo teknikoa erabili beharko dabe. Esandako moduan, parte hartzeko epea zemendiaren 30ean amaituko da, eta izen-emote fitxea beteten daben lehen 30 taldeek baino ez dabe izango bermatua parte hartzeko aukerea; ganerakoak itxaron zerrendan sartuko dira.

Kameratoiaren helburuetako bat parte-hartzaileen produkzino artistikoa gizarteratzea da. Horregaitik, lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Autortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabilteko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezela, sormen lanen zabalkundea errazten dau, baimena emoten dauelako edukiok zabaldu, berrerabili eta horreetan oinarrituta lan barriak sortzeko, beti be jatorrizko egileak aitatzeko eta sortutako lan barriak baldintza bardinetan konpartiduteko betebeharragaz.

Epai-mahaia artea eta kultura munduko profesional eta ordezkariek osotuko dabe, eta 600, 900 eta 1.200 euroko sariak banatuko ditue. Irabazleak abenduaren 8an egingo dan sari banaketan jakinarazoko dira. Talde saridunaren lanak Laburbira film laburren zirkuituan zabalduko dira, eta presentzia berezia izango dabe Tokikom osotzen daben euskerazko tokiko hedabideen artean.

2005 urtean antolatu eban lehen aldiz Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya, gazte euskaldunen sormena bultzatu eta euskerazko produkzino artistikoa zabaltzeko helburuagaz. Lehen urteetan lehiaketa ibiltaria izan bazan be, 2013tik, Durangoko Azokako Irudienea Ikus-entzunezko plazan finkatu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu