ArtFutura 2015 jaialdiak Euskadin eskainiko dituan proiekzinoen egoitza izango da Artium

Bizkaie! 2015-11-05 12:40   Zinemea

Adimen kolektiboa kontzeptu globala goiburu hartuta ospatuko da aurten XVI. ArtFutura, eta Artium izango da jaialdiaren egoitza bakarra Euskadin. 

Animazino digital eta hiru dimensinokoaren, ikus-entzunezko barrien, bideo-jokoen eta diseinu interaktiboaren azken nobedadeek hitzordua dabe aurten Artiumen, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan, zemendiaren 6tik aurrera, ArtFutura 2015 jaialdiaren (kultura eta sorkuntza digitalaren nazinoarteko jaialdiaren) programa desbardinen proiekzinoen barruan. Aurten jaialdi horren XVI. edizioa ospatuko da, adimen kolektiboa kontzeptu globala goiburu hartuta, eta Artium izango da jaialdiaren egoitza bakarra Euskadin. ArtFuturak Bartzelonan dauka jatorrizko egoitzea, baina jaialdiaren aurkezpen-ekitaldia munduko 22 uritan egingo da aldi berean: Buenos Aires, Mexiko DF. Berlin, Londres edo Bangkoken, besteak beste. Baita Gasteizen be. Aritumeko proiekzinoak datorren astegoienean izango dira, 19:00 orduetatik aurrera, eta sarrerea librea izango da. Dana dala, datorren maiatzera arte, proiekzinoak pantaila txikian ikusi ahal izango dira Museoko sarreran.

ArtFutura nazinoarteko jaialdia 1990an jaio zan eta ordutik ikus-entzunezko barrien, interakzino diseinuaren, bideo-jokoen eta animazino digitalaren nazinoarteko panoraman sortzen diran proiektu nagusiak jorratzen jardun dau. Artiumek behin baino gehiagotan hartu ditu alorreko urteko nobedade garrantzitsuenen proiekzinoak bere egoitzan, eta 2015an bera izango da proiekzino horreek eskainiko dituan egoitza bakarra Euskadin.

Aurten, jaialdiaren gai nagusia adimen partekatua izango da, guztiz interkonektauta dagoan mundu baten ideatik abiatuta. Teknologia barriek komunikazino globaleko sare trinkoak sortu ditue, azkarrak eta kostu gitxikoak, banakako adimenen arteko interakzinoa ahalbidetzen dabenak. Horrek, Pierre Levy filosofoak dinoan lez, ondokoa dakar beragaz: adimen banatu unibersal bat, etenbarik hobetua, denpora errealean koordinauta eta gure ahalmen guztien mobilizazino eraginkorraren emoitzea dana… Inork ez daki dana, mundu guztiak daki zeozer.

Esangura horretan, Adimen Kolektiboaren kontzeptuak bere barruan hartzen ditu bai komunidade epistemikoak (espezializazino maila jakin bateko hizkuntza kodetu bera darabilten banako-taldeak), bai informatika soziala (sare sozialak, adibidez), smart mobs dalakoak (talde adimendunak, informazino eta komunikazinoen teknologia barrien bidez sortzen eta egituratzen dan antolakuntza sozial barri bat), crowd wisdoma (jakinduria kolektiboa), wikinomicsa (paradigma ekonomiko barria, lankidetza masiboan eta kode edegian oinarritua)...

Aurten, ArtFuturak jokera barri horreek aztertzen ditu, bai eta joerok sorkuntzan daben eragina be. Horretarako, sareko jaialdi legez eratu da eta jaialdian parte hartzen daben 22 uriek gai bera eta programa audiobisual bera konpartiduko dabe. Hauxe da proiekzinoen programea:

ArtFutura 2015 Programea

- Liberatum-en Artistry / Technology film laburrak.  Pablo Ganguli eta Tomas Auksasek zuzenduak, munduko persona irudikorrenetako batzuk ditu partaideen artean, besteak beste, David Hockney, Francis Ford Coppola, Frank Gehry, Susan Sarandon, Francesco Vezzoli, MIA, Marc Quinn, Miranda July, Kehinde Wiley, Daniel Arsham, Brett Ratner, Jonas Akerlund, Marcel Wanders eta Simon de Pury. Filmak gure garaiko buru sortzaileenetako batzuetan sakontzen dau.


- 3D Futura Show. Urteak joan urteak etorri, 3DFutura Showk ordenagailu bidezko nazinoarteko animazino lanik aitagarrienak hartzen ditu barne, eta sormenaren adierazpide barri horren bilakaerea erakusten dau, bai teknikaeren aldetik, bai edukien aldetik. Iraupena: Ordu bat.

- FuturaGraphics. Animazino digitalak eta animazinotik haragokoak: film laburrak, biralak, bideoklipak eta bestelakoak estetika eta hizkuntza barrien bila.

- Artworks. New media instalazinoei eta horreen bideo-formatu bidezko ondoreei eskainitako atal barri bat. Grabazino eta edizino-sistema barriak, gero eta sofistikatuagoak, obrak dokumentetako aukera barriak eskaintzen ditue, eta are, batzuetan, kontenplazino hutsaren esperientziatik harago joteko be.

- Feeding the Web. Zuzenean sarerako produzidutako mezuak eta ikus-entzunezko obrak lantzen dituan programa honen emonaldi barri bat da hau. Material barri bat eskaintzen dau, online ikusia izateko pentsau eta egina.

- Trailing the Games. Bideo-jokoetako introak interakzinoaren kulturearen eta hizkuntza zinematografikoaren alkargune dira. Eta ikus-entzunezko barri horreen ahalmen grafikoak ze handiak diran erakusten deuskue. Bideo-jokoen munduko intro onenen hautaketa bat da, arreta berezia jarten dauena sormenean eta diseinuan.

- Dramas & Landscapes. Drama eta paisajeak. Ezezagunak izan arren, oinarrizkoak eta irudi birtualaren bilakaeran mugarri izan diran animazino digitalen atzera begirakoa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu