Hemen da EHUren XV. Zientzia Astea

Bizkaie! 2015-11-04 09:59   Kulturea

EHUren hamabosgarren Zientzia Astea, Zientziaren, Teknologiaren eta Barrikuntzearen Asteak gaur zabaldu ditu ateak. Ekimen hau zemendiaren 4tik 8ra bitartean egingo da Bilbon, eta 5etik 7ra, Donostian eta Gasteizen.

Gaur, zemendiak 4, goizeko 11:00etan, Bizkaia Aretoko sarrera nagusian (Abandoibarra 3, Bilbo), EHUren hamabosgarren Zientzia Astea, Zientziaren, Teknologiaren eta Barrikuntzearen Astea inaugurauko da. Ekimen hau zemendiaren 4tik 8ra bitartean egingo da Bilbon, eta 5etik 7ra, Donostian eta Gasteizen.

Zientzia Astea izaera ludikoa eta pedagogikoa dauen eta edade guztietako jenteari zabalik dagoan jaialdia da eta bere helburua, euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartea da, eta aldi berean euren jakinmina piztea. Zientzia entzun, probau, ikusi, usaindu, ikutu, eta sentiduteko aukera ezin hobea da, eta hain zuzen be, horretan egunero lan egiten daben irakasle eta ikertzaileen eskutik.

Kontuak kontu, Zientzia Asteak eskaintza zabala atondu dau, izan be, stand zientifikoen azokea, tailerrak, txangoak, zientzia-ikuskizunak, lehiaketak eta Zientzia Clubeko bakarrizketen emonaldiak izango dira aukeran egunotan Bilbon. Tailer eta txangoetan parte hartu nahi izan ezkero, behar-beharrezkoa da izena emotea, webgunean bertan. Oraindino lekua dago zenbait jardueratan, eta danak doan dira.

Hilaren 4tik aurrera Bizkaia osoko 4.000 ikasle inguruk Zientzia Asteko standak bisitauko ditue, taldeetan banatuta. Publiko orokorrak be bisitau leikez.

Bizkaia Aretoak, zemendiaren 4tik 8ra, danetara 19 stand zientifiko hartuko ditu, zientzia eta ezagutzearen hamaika arlogaz lotutakoak, esaterako, matematikeagaz, robotikeagaz, injinerutzeagaz, fisioterapiagaz, ekosistemen osasuna eta biodibersidadeagaz, biologiagaz eta kimikeagaz.

Horrezaz gan, makina bat tailer izango dira, arkeologiara, estatistikearen aplikazinoetara edo matematiken magiara hurreratuko gaituenak. Tranbia eta lasterketetako autoak gidatzen ikasiko dogu simulagailuetan, hazurrek gure arbasoei buruz kontetako daben guztia deskubriduko dogu, Bilboko itsasadarrak bizi izandako aldaketak bertatik bertara ezagutuko doguz itsasontzian goazela, papiroflexia lanak eginez matematikako kontzeptu eta teoremak ulertuko doguz, urrutiko planeta eta izarrak behatzeko aukerea izango dogu, eta gaileta bat -195,8ºC-tan sartu ezkero zer pasetan jakon ikusiko dogu.

Zientzia Astea Donostiako San Telmo Museoan eta Gasteizko Bibat Museoan be egingo da, zemendiaren 5etik 7ra bitartean. Aurten, Donostian, 12 standetan banatuta, besteak beste, robotika, nanoteknologia, psikobiologia, energia barriztagarriak, kimika eta beste makina bat gairi buruzko jarduera, joko eta erakustaldiak izango dira. Tailerretan aukera ugari izango da, dronak gidatzen ikasteko, gure inguruko kutsadura akustikoaren barri izateko edo landareen biomimetikea aztertzeko, eta txango geologikoak egingo dira Donostian zehar, eta Aquariuma be bisitauko da.

Gasteizen, ostera, 14 stand atondu ditue, esaterako, genetika eta kirola, historiaurrea edo gaixotasun zeliakoaren ingurukoak. Ganera, fisika, elikadura, farmakologia, geomatika edo 3D inprimagailuakaz loturea daben tailerrak atondu ditue, baita ebaluatzaile sentsorialek gidatutako gaztai, orio, ardo eta gatz dastaketak be. Txangoei jagokenez, upategi eta dolare bana bisitauko dira, baita Añanako Gatz Harana edo Sorginaren Txabola trikuharria, eta Gasteizko kale eta plazen sekretu geologikoak hurretik ezagutuko doguz.

Bestalde, Zientzia Astearen egitarauan, hiru uriburuetan eskainiko dan zientzia ikuskizuna eta lehiaketa bi dagoz, VII. Argazki Geologikoen Lehiaketea eta I. Erretratu Alfabetikoen Lehiaketea. Eta Zientzia Club, bakarrizketa zientifikoen emonaldi berezia, UPV/EHUko ikertzaile eta The Big Van Theory taldeko kideen eskutik. Igazko arrakastearen ostean, umorez, musikaz eta zientziaz osotutako barriketaldi laburrak egingo ditue aurten be, hori da-eta Zientzia Clubaren formula berezia. Hiru emonaldi izango dira Zientzia Clubean: eguenean, hilak 5, Gasteizko Artiumen; barikuan, hilak 6, Bilboko Bizkaia Aretoan; eta, zemendiaren 7an, Donostiako San Telmo Museoan. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerea librea da leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu