Getxoko 39. Jazzaldia Avishai Cohen tronpeta-jotzaileagaz hasiko da
2015-07-01 10:21 MusikeaGetxoko Jazzaldiaren 39. ekitaldia garagarrilaren 1ean, eguaztenean, hasiko da artista handiz eta talde gaztez beteriko programeagaz. Lehenengo egunean Avishai Cohen tronpeta-jotzailea izango da protagonista nagusia (Biotz Alai plazan, 22:00etan).
Getxoko Jazzaldiaren 39. ekitaldia garagarrilaren 1ean, eguaztenean, hasiko da artista handiz eta talde gaztez beteriko programeagaz. Lehenengo egunean Avishai Cohen tronpeta-jotzailea izango da protagonista nagusia (Biotz Alai plazan, 22:00etan) eta beste bi saio be egongo dira. Talde Lehiaketan Federico Nathan Quintet taldeak joko dau (Biotz Alai plaza, 21:00etan) eta Juan Ortiz Qt. Hirugarren Milurtekoa atalean (Algortako Geltokia plaza, 19:00etan).
Avishai Cohen (1978, Tel Aviv, Israel) bere belaunaldiko tronpeta-jotzaile onenetako bat da. Hasiera batean bebop eta post-bop estiloei lotuago agiri bazan be, Cohenen estiloa norabide barrietarantz doa, inprobisatzaile eta musikagile legez. 10 urtegaz hasi zn joten. Israelgo Gazteen Orkestra Filarmonikoagaz ibili zen mundu osoan, eta estudioko tronpeta-jotzaile gogokoena bihurtu zan jazz, rock edo pop proiektu askotarako. Beka bat jaso eban Bostongo Berklee College of Music akademiara joateko, eta 1997an hirugarren gelditu zan Thelonious Monk Jazz lehiaketa ospetsuan.
New Yorkeko Small’s jazz klub enblematikoko uzta oparoko kide izaten hazi zan jazz eszenan, bere ikuspegi artistikoa garatu ebalako lagunen ondoan, esate baterako, Jason Lindner piano-jotzailearen eta Omer Avital baxu-jotzailearen ondoan. Jazz garaikideari bizitasun eta aparteko garrantzia ekarri deutso. 2010. urtearen hasieratik, Cohen SF Jazz Collective ospetsuko kidea da, eta 2011n, Tea For 3 proiektuko kidea izan zan, Dave Douglas eta Enrico Ravagaz. Ganera, sarritan ibilten da Keren Ann abeslariagaz, eta Anat eta Yuval anaiakaz, 3 Cohens proiektuan.
Talde Lehiaketeari jagokonez, barriz, Federico Nathan Quintet uruguaitar-alemaniar taldeak joko dau lehenengo egunean. Boskotea Montevideon sortu zan 2008. urtean eta euren konposizinoek eratzen dabe gehienbat errepertorioa. Tinbre bilaketea, kontrastea, jazzaren harmoniakazko interesa eta zenbait estiloren fusinoa dira talde honek estilo personala, originala eta freskoa izatea ekarten daben elementuetako batzuk.
Azkenik, Hirugarren Milurtekoa atalean Jazzing Band taldea izango da protagonistea. Proiektua 2012an abiatu zan eta sentimenduak, dotoretasuna eta sensualtasuna ditu ardatz. Artista ospetsuen Jazz-estandarren hautaketa zorrotz bat egin dabe, besteak beste, Frank Sinatra, Ella Fitzgerald eta Chet Bakerren kantak. Beraz, giro beroa eta abegikorra sortzen dabe. Klasiko horreeez gan, errepertorioan egungo abestiak sartu ditue. Euren bersino oso personala egiten dabe, berbarako, Rolling in the Deep eta Valiererena. Alhauríngo El Portón del Jazz jaialdian, taldeen lehiaketako lehen saria irabazi eban joan dan urtean Jazzing Bandek.
Erakusketea
Jazzaldiaren harian, garagarrilaren 23ra arte Antonio Porcar Canoren Phocuzz jazz argazkien erakusketea izango da ikusgai Algortako Torrene Aretoan. Artista ospetsuen zuri-baltzeko 25 argazki batu ditue, esaterako, Bruce Barth, Scott Hamilton eta Benny Golsonenak, eta baita jazzaren giro garbienetik ateratako eszenenak be.
Getxoko XXXIX. Nazinoarteko Jazzaldiaren egitaraua eta informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!