Enrike Solinísen Euskal Barrokensenble Jordi Savallen zigiluagaz CD bat argitaratzen dauen kanpoko lehen taldea da

Bizkaie! 2015-06-10 13:54   Musikea

Enrike Solinísen Euskal Barrokensemble, Alia Vox zigiluak osotzen dauen musika historizismoaren Olinpoan sartzeko ohorea dauen lehenengo taldea da, eta hori oso aurrerapausu garrantzitsua da bere ibilbidean. Euskel Antiqva-El Legado musical del País Vasco izenburuko diskoak 23 pieza jasoten ditu, gehienak XV. eta XVI. mendeetakoak.

Euskal Barrokensemble, Enrike Solinís gitarra jotzaileak zuzentzen dauen eta antxinako musikan espezializauta dagoan taldeak, euskal musika tradizinoa berreskuratzeko lanean eredu dan diskoa argitaratu barri dau, argitaratu barik egozan Errenazimenduko eta Barrokoko musika piezakaz. Argitalpen zaindua da, oso dokumentatua, eta Euskel Antiqva izenburupean, XV. eta XVI. mendeetako Euskal Herriko musika ondarea ezagutarazoten laguntzen dau. Lanak Jordi Savallen, gizateriaren musika ondarea berreskuratzeko lanean lau hamarkada baino gehiago daroazan antxinako musikako mundu mailako etxe garrantzitsuenetakoaren babesa dauka.
 
Alia Vox da Jordi Savallek sortutako zigilu diskografikoa, eta 1997an sortu zanetik, funtsezko erreferentzia da musika mueta horretan, nazinoarte mailan. Savall (Igualada-Bartzelona, 1941) musikologo eta orkestra zuzendaria da eta, horrezaz gan, ganba biolea lako antxinako musika-tresna batean espezializautako musika jotzaile handia. 25 urte baino gehiagoko ibilbidea daroa Europako pieza klasikoak errebindikatuz, aintzatespenak jaso ditu hainbat herrialdetan, eta bere diskografiak ehun grabazino baino gehiago ditu. Grabazino horreen ondorioz nazinoarteko 50 sari baino gehiago jaso ditu.
 
Orain arte, Savallek bere grabazinoak edo berak zuzendutako taldeek egindakoak baino ez ditu argitaratu. Euskal Barrokensemble taldeagaz etapa barriari ekin deutso, talentu handia izateaz gan, errepertorio klasikoak berreskuratzeko eta tradizinoa eta lanak konposatu ziran garaian nagusi zan musikea interpretetako modu berezia errespetetako filosofia bera daben musikarien, Enrike Solinísen, besteak beste, egitasmo diskografikoek lekua izango daben bildumea.
 
Izan be, Euskel Antiqva, Alia Vox Diversa izena dauen bilduma barriko lehenengo CDa da. Bilduma horretan, talentu handiko bakarlariek edo taldeek argitaratu bako grabazinoak aurkeztuko ditue, musika interesaren, errepertorioaren garrantziaren edo proposamenaren orijinaltasunaren araberako erispide zorrotzetan oinarrituz. Eta Enrike Solinísen eta bere Euskal Barrokensemble taldearen esku dagoan lehenengo lan honetan emozinoa eta sormena presente dagoz, biziz betetako musikako harribitxiz osotutako bilduman.
 
 
Lehenengoak Alia Vox zigiluaren Olinpoan

Enrike Solinísen Euskal Barrokensemble, Alia Vox zigiluak osotzen dauen musika historizismoaren Olinpoan sartzeko ohorea dauen lehenengo taldea da, eta hori oso aurrerapausu garrantzitsua da bere ibilbidean. Euskel Antiqva-El Legado musical del País Vasco izenburuko diskoak 23 pieza jasoten ditu, gehienak XV. eta XVI. mendeetakoak. Euskerearen lurralde guztietatik jasotako melodia herrikoiak dira batez be, baina lan horreetan eragin mozarabiarra, judutarra, andaluziarra eta baita persiarra be atzemon daitekez.
 
Holan, Euskel Antiqva lanak, berbearen modu arkaikoa adierazoten dauen izenburua, Juan Perez de Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribuan agertzen dan lez, Euskal Herria kosmopolitearen tradizinoa aldarrikatzen dau, Donejakue Bidearen eraginari esker momentu bakotxean Europan nagusi ziran kultur korronte nagusiei edegia. Diskoan jasoten diran lanetako batzuk, Erdi Arotik aurrera kontinente zaharrean nagusi izandako estiloen eta gaien –erlijinoagaz lotutakoak, batez be– euskal moldaketak dira.
 
Enrique Solinís arduratu da lanak batzeaz, bere emazteagaz, Miren Zeberio biolin jotzaileagaz batera.

Diskoko pieza gehienek letrea dabe, eta letrarik ez daben jatorrizko melodien kasuan, Euskal Barrokensemblek mueta guztietako jatorri historikoko eta literarioko testuez laguntzea erabagi dau: 1680ko sorginkeriaren kontrako prozesu adierazpena, 2004an Madrilen topautako XVI. mendeko euskera arabarrean idatzitako eskuizkribua edo Bernat Etxepareren bertso klasikoak.

22 musikarik hartu dabe parte Euskal Barrokensembleren disko barrian. Solinísek, zuzendaritza lanak egiteaz gan, vihuela, lavta, lautea, teorba eta gitarrea jo ditu. Ahotsak Maika Etxekopar, Leire Berasaluze, Mikel Etxekopar, Daniele Carnovich (baxua), David Sagastume (kontratenorea) eta Jesus García Arejula (baritonoa) dira, Miguel Zeberiok, Jose Luis Ferrok eta Pedro Aginagak osotzen daben abesbatzagaz batera. Errezitaldien arduradunak Asier Hernández Landa, Teresa López de Muniain eta Vicente Gavira dira, eta musika-tresnak honeek darabiltez: Mikel Zeberio (biolina), Sabin Bikandi (alboka eta txistua), Kiya Tabassian (setarra), Rami Alqhai (ganba biolea), Pablo Martin Caminero (biolina), Daniel Oyarzabal (organoa) eta Daniel Garay, Xabier Leturia eta David Chupeete (perkusinoa).
 
Euskal Barrokensemble Enrike Solinís gitarra sortzaileak sortu eban 2006an, eta ia hamar urtean hainbat herrialdetako musikariz osotutako zenbait talde izan ditu. Birak egin ditu Europan (Espainia, Italia, Frantzia, Belgika, Alemania, Suitza, Austria, Txekia, Polonia, Irlanda), Amerikan (Kanada, EE BB, Mexiko, Kuba, Kosta Rika, Nikaragua, Argentina) eta Hurreko Ekialdean (Israel).
 
Horrezaz gan, Euskal Barrokensemblek ikus-entzuleen eta kritikearen txaloak jaso ditu, eta nazinoarteko hainbat ekitalditan hartu dau parte, Montrealgo Jaialdi Barrokoan (Kanada) edo Pragako Udabarriko Jaialdian, Hanburgoko Festival for Alte Musik izenekoan, Holandako Flamenko Biurtekoan, La Habanako Musika Jaialdian edo Madrilgo Auditorio Nacional izenekoan, besteak beste. Euskal Herrian, Ziortzako Antxinako Musika Jaialdian, Donostiako Musika Hamabostaldian edo Bilbao 700 Fundazinoak antolatzen dauen Musika-Música jaialdian hartu dau parte.
 

Enrike Solinís

Enrike Solinís taldearen sortzailea eta zuzendaria, beste batzuen artean Paco de Lucía, Narciso Yepes, Lutosławski, Steve Vai, Tinariwen edo Los Panchos lako eragin anitzak dituan bilbotarra da. Konposizino eta gitarrarako goi mailako ikasketak egin zituan Bilboko J. C. Arriaga Konserbatorioan, antxinako musikako goi ikasketak Bartzelonako ESMUCen eta, aldi berean, Bartzelonako Escola Luthier eskolan José Tomás maisuaren Cum Laude Kontzertu emoile gradu-ostekoa lortu eban.
 
Nazinoarteko hainbat gitarra lehiaketetan jaso ditu sariak, eta kultura askotako musiken aldeko interesa erakutsi dau. Horrezaz gan, musikari bakarlari eta kontinuista lez ibilten da talde askogaz, Jordi Savallek zuzendutako Hesperion XXI, Le Concert de Nations eta la Capella Reial de Catalunya; René Jacobsek zuzendutako Concerto Vocale eta Akademie für Alte Musik; Emmanuelle Haimek zuzendutako Le Concert D´astrée, Manfredo Kraemerrek zuzendutako Baroque 21 Lab, The Rare Fruits Council, etab.
 
Europako eta Ameriketako nazinoarteko jaialdi eta areto garrantzitsuenetan hartu dau parte sarritan, New Yorkeko Carnegie Hall, Berlingo Konzerthaus, Pariseko Champs Elysées, Theater an der Wien, Mexikoko Culiacán Internacional Festival, Londoneko Barbican Center, Mexikoko DFko Sala Nezahualcoyotl, La Habanako Festival Leo Brouwer…

Datorren bagilaren 12an, Solinís gitarra jotzaile bakarlari lez izango da, oraingo honetan etxean, Bilboko Orkestra Sinfonikoak lagunduta, Bizkaiko uriburuko BBK Aretoan.

Beste alde batetik, Euskel Antiqva lanaren ikus-entzuleen aurreko mundu mailako estreinaldia datorren garagarrilaren 18an izango da, Fontfroideko abadiako tenpluan, Languedocen dagoan uri frantses historikoan. Emonaldia, Festival Musique et Histoire izenekoaren hamargarren edizinoaren barruan dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu