X. Haizetara berezia izango da bere lehen bederatzi irabazleakaz
2015-05-20 15:51 MusikeaBagilaren 19tik 21era, Amorebieta-Etxanoko X. Kaleko Musikearen Nazioarteko Jaialdian, aurreko ekitaldietan lez, aurten be alkarren arteko lehian ibiliko dira banda parte-hartzaileak. Halan da be, hamargarren edizinoa izanik, jaialdiari ikutu berezia emon gura izan deutsie antolatzaileek, eta aurreko urteetan irabazle izandako bandek hartuko dabe parte aurten.
Bagilaren 19tik 21era, Amorebieta-Etxanoko X. Kaleko Musikearen Nazioarteko Jaialdian, aurreko ekitaldietan lez, aurten be alkarren arteko lehian ibiliko dira banda parte-hartzaileak. Halan da be, hamargarren edizinoa izanik, jaialdiari ikutu berezia emon gura izan deutsie antolatzaileek, eta aurreko urteetan irabazle izandako bandek hartuko dabe parte aurten.
Aurten ez da taldeek izena emoteko deialdi edegirik egin. Horren ordez, konbita bialdu jake aurreko bederatzi edizinoetan irabazle izan diran bandei, eta guztiek onartu daben arren, esan behar da La Fanfare en petard banda frantziarrak, jatorria Strasbourg urian dauenak, ez dauela 2009ko garaipena errepetiduteko aukerarik izango, izan be, azken aspaldi honetan eszenatoki gaineko ikuskizunak, besterik ez ditualako eskaintzen. Halan da be, euren haize, ahots eta elektronikearen nahasteez gozau ahal izango da jaialdiaren aperitibo lez, lehiaketatik kanpo; hitzordua eguenean, bagilak 18, Andra Mari plazan eszenatoki gainean eskainiko daben emonaldiari esker. Eguraldiak lagundu ezean, Zubiondo plazako garagardotegian izango da kontzertua.
Haizetara jaialdia orain hamar urte sortu zan Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik, eta San Juan jaietatik hurren dagoan astegoienean ospatzen da. Kaleko musika-banden eta kaleko musika-taldeen lehiaketea da. Udalerriko artxibo historikoetan batuta dagoanaren arabera, sarritan izaten ziran kaleko musika-kontuak San Juan jaietan. Holan, XX. mendearen hasiera aldean, 1913. urte inguruan puntu gorena lorturik, San Juan suak eta musikea buztartuz ospatzen zituen jaiak berreskuratzea izan zan Udalaren asmoa Haizetara jaialdiaren bidez. Herritarrak batzeko deia zabaldu ez eze, musika alorragazko loturea daben guztiak be erakarri nahi ditu, mundu zabalean kaleko musikearen arloan barrienak eta barritzaileenak diran jokerak ezagutzeko aukerea eskainiz.
Aurtengo edizinoan parte hartuko daben bederatzi bandak:
LA BANDA DE LA MARIA (2006) (Sevilla). Sevillako banda maitagarria, jaialdiaren lehenengo edizinoaren irabazlea, 2006. urtean. Orain 20 urte sortu zan taldea, kaleko musikea bultzatzeko asmoagaz eta brass band amerikarrak eta Europako fanfarreak izan zituen inspirazio iturri. Hamarkada bi horreetan harro ikusi dabe zelan ugaldu diran taldeak eta jaialdiak. Barne-berreregite prozesuan dagoz sartuta gaur egun, eta beste egiteko bati ekin deutsie, hau be aurrekoa bezain utopikoa eta liluragarria: Jazza edota funka begien bistatik galdu barik, estilo jatorra finkatu nahi dabe, euren musika kaletarraren tradizinoetatik abiatuta. Horretan dabilz gaur egun, eta lan barria: A Bombo y Platillo horren erakusgarri da.
NO WATER PLEASE (2007) (Frantzia). Bira luzeetan, Europan barrena 600 kontzertutik gora eskaini ondoren, bosgarren diskoa aurkeztu dau Haizetara 2007an bandarik onena izan zan taldeak. Kalerako propio eginda dagozan 12 abesti barri dakarrez, edozein taberna, kaleko jaialdi edo kontzertu areto su eta gar jarteko gaitasunagaz.
Jatorria New-Orleansen dauen inspirazinoari eutsiz, ska, punk, afro eta jazz musikak ditue oinarri, cocktail zoroa eskainiz.
MAGICABOOLA BRASS BAND (2008) (Italia). Magicaboola Brass Band banda basatia dogu, tronpeta, saxofoi, tuba, tanbor eta perkusinoa oinarri hartuta. Marching band klasikoetatik urrun, New Orleansen eta Italiako folk banden musika legatuaren berrirakurketa modernizatua egiten dau taldeak hainbat estilo nahastau eat buztartuz: Funka, Jazza, Bluesa eta mueta guztietako herri musikea. Banda honen ikuskizunean mobimentua eta koreografiak be deigarriak dira, eta ikusle-entzuleen partaidetzea bilatzen da saio guztietan. Entzuteko eta ikusteko musikea da, bai, eta jantzan egitekoa be bai. 2008ko edizinoan izan ziran irabazle.
THE WHAT CHEER? BRIGADE (2010) (AEB). 18 musikarik osOtuta dagoAn punk brass bandea da, (Providence, Rhode Island, AEB). Erritmo balkanikoak, Bollywood estiloa, samba, metala eta beste hainbeste elementu buztartzen ditue. Bai publikoa eta bai epaimahaikideak liluraturik geratu ziran 2010eko Haizetara jaialdian.
FUNKY STYLE BRASS (2011) (Frantzia). 2011ko irabazleek 2005ean ekin eutsien ibilbideari, Frantziako Tolosa uriko konserbatorioan, euren gozamenerako kaleko musika taldea sortu eban bandea izanik abiapuntua. Nazinoarte mailan ospetsu diran hainbat musikari izan ditue lagun urteotan: Sargento Gracía, Emir Kusturica edota Manu Chao besteak beste, eta Europa osoan ibili dira batera eta bestera: Frantzia, Ingalaterra, Eskozia, Finlandia, Suitza, Bulgaria…
OOMPAH BRASS (2012) (Inglaterra). Bost musikarigaz taldea 2006an sortu zan Londresen, eta Oom-Pop izeneko estiloa asmau eben: pop klasiko, soul eta rock estiloen abestien bersinoak, ikutu bavariarra emonez. Nazinoarte mailan upealako arrakastea lortu dabe, eta Abu Dhabi, Montreux, Amsterdam, Dublin, Espainia, Bermudak, Jersey, Edinburgo, Cardiff bisitau ditue.
LE BUS ROUGE (2013) (Frantzia). Le Bus Rouge, Lyonetik (Frantzia) dato 10 musikari honeek; orain hamar urte taldea sortu ebenetik, kaleko arteak eta Languedoc herrialdeko musika tradizionala buztartuz, oso proiektu bitxia aurrera atera guran dabilz. Landa Odak izena dauen azken lanean, 4 ekitaldiko kaleko artzain operea aurkeztu dabe, 9 musikari eta aktore baten eskutik. 2013an eskuratu eben saria jaialdian.
PERHAPS CONTRAPTION (2014) (Inglaterra). Perhaps Contraption, Haizetara jaialdiaren azken edizinoko (2014) talde irabazlea, Londreseko banda miresgarria da, abesbatza zati batean eta ganbera orkestra beste batean. Brass progresibo eta ibiltaria, benetako musika esperientzia sorrarazoten dauena, jazz, oompah bizi, pop eta post-minimalismoaren elementuak nahastauta.
Banda honen energia maila eta ikuskizun alkarreragileak koru-harmonia joriez, koreografiez eta erritmo nahaspilatuez blai dagoz.
Nazinoarte mailako biratan ibilten da 2011tik, eta hainbat jaialditan parte hartzen, Glastonburyn (UK), Honk! jaialdian (AEB) besteak beste, eta Amanda Palmerregaz be ibilten dira tourrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!