Bilboko Udal Musika Bandeak udabarriko kontzertu denporaldiari ekingo deutso maiatzaren 22an
2015-05-20 11:55 MusikeaAtrilean txandaka jardungo dabe zuzendariek; José Rafael Pascual Vilaplana Bandako zuzendari titularrak (maiatzaren 29an eta bagilarten 19an), lehenengo aldiz zuzenduko dau Bandea Arenaleko Kioskoan; Iñaki Urkizu zuzendariordeak (maiatzaren 22an eta bagilaren 12an) eta Miguel Romea zuzendari konbidauak (bagilaren 5ean). Maila handiko hiru batuta, Bilboko Bandea osotzen daben 45 musika-jotzaile baino gehiago zuzentzeko.
Barikuan, maiatzak 22, Bilboko Udal Musika Bandeak hasierea emongo deutso Arenalean udabarriko kontzertu denporaldiari. Kioskoa atrilez eta musika-tresnez beteko da barriro be, bandako kideak be tarteko dirala, aire libreko ingurune horretarako konposizinorik egokienez osotutako era askotako programa alai eta atseginak eskaintzeko asmoz. Barikuro, maiatzaren 22tik bagilaren19ra bitartean, arratsaldeko 19:30ean izango dira hitzorduak.
Atrilean txandaka jardungo dabe zuzendariek; José Rafael Pascual Vilaplana Bandako zuzendari titularrak (maiatzaren 29an eta bagilarten 19an), lehenengo aldiz zuzenduko dau Bandea Arenaleko Kioskoan; Iñaki Urkizu zuzendariordeak (maiatzaren 22an eta bagilaren 12an) eta Miguel Romea zuzendari konbidauak (bagilaren 5ean). Maila handiko hiru batuta, Bilboko Bandea osotzen daben 45 musika-jotzaile baino gehiago zuzentzeko.
Udabarriko kontzertuetarako aukeratutako programek beti be herri izaereari eutsi nahi deutsie, Bandearen errepertorio klasikoagaz. Esangura horretan, bariku honetan, maiatzaren 22an, Arenalean eskainiko dauen urteko lehen kontzertua, José María Martínen Peña taurina vitoriana konposizinoagaz eta Ambroise Thomasen Raymond obrako obertureagaz abiatuko da, eta horren ondoren, Pablo Luna y Carneren Una noche en Calatayud eta Pascal Devroyeren Tony´s favourite cartoons eskainiko ditue. Denporan atzera eginez, Ganne musikagilearen Marcha lorenesa entzun ahal izango da. Amaitzeko, Josef Hastreiter Dancing show.
Zuzendariak:
Iñaki Urkizu, Bilboko Bandako zuzendariaordea (Maiatzak 22 eta bagilak12). 2007tik Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea da. Zortzi urtegaz hasi zan tronpetea joten etxeko ohitureari jarraituz. Donostiako konserbatorioan egin zituan ikasketak eta jarraian Tolosako Udal Bandako kide egin eta bakarlari ibili zan hamarkada batez. Ondoren, zenbait musika eskoletako irakasle izan da (Beasain, Tolosa eta Arrasate Musical), zenbait bandetako kolaboratzailea, –Bilboko Orkestra Sinfonikoa edo gipuzkoar uriburuko Konjunto Barrokoa, Araba Brass Taldea eta Gasteizko Big Band, besteak beste- eta moldaketa, transkripzinogile eta musika bildumagile lanetan bere ibilbidea landu dauena da. 1998an, Ertzaintzako Musika bandako zuzendari izentau eben; 800 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu eta zenbait diskoren grabaketetan parte hartu dau bere karrera osoan.
Jose Rafael Pascual Vilaplana, Bilboko Musika Bandearen zuzendari titularra (Maiatzak 29 eta bagilak 12). 1971n, Muron (Alacant) jaioa, José Rafael Pascual-Vilaplana, ospe handiko musikagile, irakasle eta zuzendaria da. Joan dan urtarrilaren 15roztik, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra da, eta kargu horretan jarraituko dau ondorengo 3 urteotan, kontratua luzatzeko aukereagaz. Musika ikasketak bonbardinoagaz eta pianoagaz hasi zituan Muroko Musika Batasuneko Musika Eskolan, eta gero, Alcoi eta Valentziako konserbatorioetan ikasi eban. Jan Cober (Holanda), Eugene Corporon (AEB), Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) eta Georges Pehlivanian (Eslovenia) maisuen eskutik, Banda eta Orkestra Zuzendaritzan trebatu zan. Hainbat talde sinfonikoren eta Bandaren zuzendari konbidadua izan da.
2009tik hona, Istituto Musicale G.A. Fano de Spilimbergo (Italia) erakundeko ikastaroen Zuzendari Artistikoa da, eta irakasle konbidau dabil Trentoko (Italia) ISEBen eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren Bizikidetzarako Musika Plan Nazionalean. Ganberako lanak, lan sinfonikoak, koralak eta antzerkirako musikea konposatu ditu, baita Balansiyyà musika ikuskizuna be. Batuta del Mtro. Tomás Boufartigue saria emon eutsien (Habana, 1991). Lehen saria irabazi eban Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997 eta Ingalaterra, 2000). 2004an, Valentziako Komunidadeko Alkarte Musikalen Federazinoaren Euterpe saria eskuratu eban Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizinoa kategorietan. 2010ean, Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak emoten dauen Ignacio Morales Nieva Musikako Sari Nazionala jaso eban.
Miguel Romea, zuzendari konbidaua (bagilak 5). Miguel Romea Chicote zuzendari madrildarrak igaz lehen aldiz zuzendu eban Bilboko Musika Bandea. 2010etik, Verum Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titularra da. Hauxe da Gaztela-Mantxan sortutako lehenengo orkestra sinfoniko profesionala, denporaldi egonkorra eskaintzen dauena. Espainiako musikari-belaunaldi barriko gazte talentudunez osotutako orkestra hau benetako erreferentzia bihurtu da, orkestra handirako XIX. eta XX. mendeetako errepertoriaz egindako interpretazinoakaitik.
Madrilen jaioa, klarinete-irakaslearen goi-titulua eskuratu eta Karrera Amaierako Ohorezko Saria irabazi eban Madrilgo Errege Goi-Konserbatorioan. Graduondoko ikasketak Rotterdams Conservatoriumen eta Salzburgoko Universität für Musik Mozarteumen egin zituan. Zuzendari konbidau lez, honako talde honeekaz lan egin dau: Madrilgo Autonomia Erkidegoko Orkestra eta Korua, Kordobako Orkestrea, Extremadurako Orkestrea, Espainiako Gazte-Orkestra Nazionala edota Orfeoi Donostiarra. Gainera, 2004an sortu zanetik, Extremadurako Gazte-Orkestrako Zuzendari Titularra izan da. Talde horregaz, Europa osoko jaialdietan parte hartu izan dau. Aurretik, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gazte-Orkestrako Zuzendari Laguntzailea zanean, Jose Zarateren Cántico espiritual lanaren erabateko estreinaldian parte hartu eta zenbait kontzertu bira eskaini ditu Espainian eta Italian zehar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!