Zeanurin, errotarik errota maiatzaren 3an

Jon Urutxurtu 2015-04-29 12:02

Maitzaren 3rako antolatu dabe Joko Alai eta Ipizki Taldeak 2015eko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten X. edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez helburuak hasierako berberak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea.

Maitzaren 3rako antolatu dabe Joko Alai eta Ipizki Taldeak 2015eko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamargarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez helburuak hasierako berberak dira: 'alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea'. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.

Bi ibilbide atondu ditue antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana.

Goizeko 08:30etik aurrera, herriko plazan izena emon behar da (4€) eta urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrota topauko dabe, Beretxikora errekatxuaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajatuko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroan sartuko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak zaharbarritua—, eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.


Zeanuriko errotak

Ander Manterolak bere Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). I. Molinos harineros ikerketa lanean dinoanez, XIX. gizaldiaren amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hamazortzi errota egozan. Ordutik hona jarduera biak indarra galduz joan dira, holan burdinolen krisiak lantegi horreen desagerpena ekarri eban XIX. gizaldiaren bigarren zatian. Gainbehera horren ondorioz, jente asko labrantzara itzuli zan; nekazaritzarako lur gehiago zuzentzeak eta, aldi berean, gora egin eben laboreen uztak eihotzeko premineak erroten ugalketea ekarri eban. Ondorioz, burdinola batzuk errota bihurtu ziran, hori gertatu zan Lanbreabegaz, Ibargutxigaz, Altzibergaz eta Olabarrigaz.

Bestalde, erroten agonia XX. mendearen erdialderantz larriagotu egin zan. Orain dala 45 urte Zeanurin 11 errota lanean baegozan, 1979an, 3k bakarrik eihotzen eben, euretako bik etxerako; gaur egun, batek bakarrik egiten dau lan eta berak era testimonialean, Olabarriko erroteak hain zuzen be; beste bat, Ibargutxikoa, noizean behin jarten dabe martxan.

Zeanurin ezagutu diran errota guztiak hidraulikoak izan dira eta udalerriko lau erreka nagusien inguruan eregi ziran:

- Arratia errekea: Lanbreabe, Ibargutxi, Alkiber, Errotabarri, Altziber eta Olabarri.

- Beretxikortakorrekea: Goikoerrota, Erdikoerrota, Barrengoerrota eta Undurraga.

- Uribeko errekea: Atxiti, Intxaurbe, Axpe eta Zulaibar.

- Asterriko errekea: Ibarre, Landaburu, Akeuri eta Uribiarte.

Hamazortzi errota horreetatik lau burdinola izan ziran: Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarri. Beste bi ola be egon ziran: Olazar eta Undurragako Olabarri.


Ibilbideko errotak banan-banan

1.- Altziber: Otsemendiko kofradian dago. Lehenengo burdinola izan zan eta 1868ra arte egin eban lan. Gero, errotea izateko egokitu eben eta lau harri euki zituan. Altzibergo torretxearen jabetzea izan zan. 1965ean presea apurtu egin jakon eta zarratu egin eben. Azken errotaria Jesus Agirrezabala izan zan.


2.- Errotabarri: Otsemendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Lehenago, ibaiaren beste aldean egoan. Hiru harri daukaz eta errotearen mekanismoak ondo funtzionetan dau. Gainera, aurten jaubeek zaharbarritu egin dabe. 1975ean zarratu eben. Azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan.

3.- Barrengoerrota: Altzusteko kofradian dago. Kofradiako hamaika kiderena da; hamaika horreetatik zazpik parte bana daukie eta lauk erdia. 1974an zarratu eben. Errotarriak kokatzen diran aldea hondatuta dago. Azken errotaria Rosalia Caballero izan zan.

4.- Ibargutxi: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harri hori garagarra eta pentsuak eihotzeko erabilten zan, eta Ibargutxiko etxea eta beste harri biak dagozan eraikinaren behealdean kokatzen zan, bi errotarri horreek mobiduarazoten zituan ura aprobetxetako. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari.

1945ean, errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea.

Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz, eta oraindino, noizean behin etxerako garia edo artoa eihotzen dabe jaubeek; horrez ganera, generadorearen bitartez etxerako argindarra be produziduten dabe.

Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan. Gaur egun Bitoriano, Satur eta Mª Jesus bere seme-alabak dira jaubeak, eta errotea zaharbarritzeaz eta ingurua txukun-txukun mantentzeaz arduratzen diranak.

5.- Lanbreabe: Ipiñaburuko kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan. Gaur egun bi harri badaukaz be, lehenago hiru harrigaz egin eban behar. 1920an, Joanes Egiluzek, orduko jaubeak, generadore elektrikoa egokitu eutson eta orduan itxi eutson hirugarren harriak eihotzeari. Lanbreabek etxerako zein errentadoreak ziran beste hiru baserrietarako produzidu eban argindarra, 1952an Mendizabal zentral elektrikoa martxan jarri zan arte. Azken errotaria Julian Egiluz izan zan.

6.- Intxaurbe: Uribe kofradian dago. XIX. gizaldian itxi eutson lan egiteari. Errotea egoan inguruan dagoan etxea gaur egun Intxaurbeko errotea izenaz ezagutzen bada be, inoiz ez da izan errotea. Dirudienez, errotea etxearen ganeko aldean egoan.

7.- Axpe: Uribeko kofradian dago. Gaur egun presearen eta kaltzearen arrastoak bakarrik ikusi daitekez. Orain dala gizaldi bat baino gehiago zarratu eben. Errota hau Axpeko jauregiarena izan zan.

8.- Zulaibar: Uribeko kofradian dago. 1976an zarratu eben. 2006an etxebizitzarako egokitu eben. Azken errotaria Jose Barrenetxea Jose Errotea izan zan.

9.- Olabarri: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jabetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte. XX. gizaldiaren erdirantz Benigno Pujanak —Isidroren semeak— errotea erosi egin eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei heldu eutsen eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz.

Olabarriko erroteak hiru harri daukaz eta, gehienbat arrazoi sentimentalakaitik bada be, betiko bezeroen eskariari erantzuteko martxan dagoan Zeanuriko errota bakarra da. Benigno Pujana —herriko azken errotari profesionala— hildakoan, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu dauena, azken ehun eta hamazazpi urteetan familiaren ogibidea izan dan ofizioari eusteko. Errotagintzearen ganeko gorabeherak ezagutu gura dituenek Olabarrira hurreratzea baino ez daukie, Pujana familiak bisita gidatuak antolatzen ditue eta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu