David R. L. irundarraren 'La noche del raton' filmaren estreinaldia eskainiko dau Fant 21 zinemaldiak

Bizkaie! 2015-03-25 14:41   Zinemea

Joan dan zezeilean Santa Barbara SBIFF (Los Angeles) Jaialdian estreinau ondoren, La noche del ratón Bilbon ikusi ahal izango da Espainian lehen aldiz, Fant 21 zinemaldiaren barruan, maiatzaren 21ean (gaueko 22:00etan), talde osoaren presentziagaz. David R. L. irundarrak zuzendu eta Asier Vázquezek produzidu dauen filmaren protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza antzezleak dira.

Maiatzaren 8tik 15era izango dan Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak – Fant 21ek, David R.L. zuzendari irundarraren La noche del ratón (2014) euskal produkzino lanaren estadu mailako estreinaldia eskainiko dau lehiaketatik kanpo dagoan Panorama Fantastikoa sailean, Sail Ofizialerako aukeratu ez diran baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezidu daben filmak erakusteko sailean, hain zuzen be. Holan, programearen barruan, orain denpora gitxi egindako beste bost lan be jasoten dira: The Afterglow, La Cosecha, Crumbs, Queridos Monstruos eta La Parte Ausente.

Joan dan zezeilean Santa Barbara SBIFF (Los Angeles) Jaialdian estreinau ondoren, La noche del ratón Bilbon ikusi ahal izango da Espainian lehen aldiz, Fant 21 zinemaldiaren barruan, maiatzaren 21ean (gaueko 22:00etan), talde osoaren presentziagaz. David R. L. irundarrak zuzendu eta Asier Vázquezek produzidu dauen filmaren protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza antzezleak dira. Azken hori oso ezaguna da ETBko Vaya Semanita telesaioan egin dauen lanagaitik edo, azken aldian Gym Tony saioan (Cuatro) egiten dauenagaitik.

Film luzea 6.000 euroko aurrekontuagaz egin eben, eta Irun, Hondarribia eta Donostia artean filmau eben. Filmaketa lana 2012an egin zan arren, postprodukzinoa urtebete eta erdi baino gehiago luzatu zan. Filmak harrera ona izan dau AEBetan. Laneko bilera batera doazenean, bide erdian erabat ezustekoa dan egoereak harrapatzen dituan bi lankideren gorabeherak kontetan ditu, bildurrez inguratutako giroan. Bilbotik igaro aurretik, La noche del ratón lana Nanteseko zinemaldian, Moskuko Detective Fest izenekoan eta Liejako Polizia Zinemaldian egongo da.

Lehiaketatik kanpo dagoan ziklo horren barruan beste bost titulu be eskainiko dira, lau estaduan produzidutakoak, eta bestea Argentinan. Yolanda Torres eta Joan Álvarez katalanen The Afterglow (2014) ingelesez filmautako pelikulea da, eta hainbat zinemalditatik igaro da, Sitgesekotik, adibidez; Roberto Santiago zuzendari ospetsuak filmau dauen La Cosecha (2014) lanari jagokonez, maiatzaren 11n eskainiko da eta zuzendaria emonaldian egongo da.

Panorama Fantastikoa sailean, Miguel Llansóren zinema esperimentaleko Crumbs (2015) filma be jasoko da. Apokalipsiaren ondorengo film hori, zuzendariaren ohiko bizilekua dan Etiopiako paisaje malkartsuetan filmau da. Llansóren lehenengo film luzea da, Mundu osoko nazinoarteko zinemaldi nagusietatik Chigger Ale (2013) –hori be Etiopian filmauta– lako film laburrakaz igaro ondoren.

Programea osotzeko, La parte ausente (2014) eta Prada anaien azken lana dan Queridos monstruos (2014) ikusi ahal izango doguz. Azken lan hori, zinema espainiarrak emon dituan zenbait munstro, Jess Franco lako figurak, adibidez, gogorarazoten dituan dokumentala da. Emonaldi guztiak gaueko 22:00etan izango dira, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.


Epaimahaia

Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak datorren edizino honetarako epaimahaia ezagutarazo dau; Dominique Pinon antzezle frantses beteranoak, Aina Clotet antzezleak eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariaren zuzendariak osotuko dabe.

Dominique Pinonek (Frantzia 1955) antzerkian eta zinema egin dau lan, eta ezaguna da, batez be, Jean – Pierre Jeuneten (Delicatessen, Amelie edo Largo domingo de noviazgo) lanetan izan dauen partaidetzeagaitik. Antzerkian Gildas Bourdeten, Jorge Lavelliren edo Valère Novarinaren lanetan hartu dau parte. Horrezaz gan, Johannes Roberts zuzendari britainiarraren bildurrezko hiru filmetan eta Álex de la Iglesiaren Los crímenes de Oxford lanean be parte hartu dau.

Aina Cloteti jagokonez, 1982an Bartzelonan jaiotako antzezlea da, Marc Clotet antzezlearen arrebea. Zineman, antzerkian eta telebistan egin dau lan, medio horretan Kataluniako TV3 telebista katearen produkzino lanetan batez be. Horrezaz gan, 2007. urtean, Positivos filmaren gidoia idatzi eban telebistarako Alex Mañasegaz, eta 2005ean MO-DI-FÍ-CA-TE film laburra zuzendu eban. 2015ean, Gaudí Sarietarako izendapena jaso dau, María Ripollen Rastros de Sándalo filman egin dauen lanagaitik. 2013an, Sitgeseko Fantasiazko Zinemaldiko sail ofizialeko epaimahaiko kide izan zan.

Carlos Marañónek, barriz, 2008ko apirilean hartu eban Cinemanía aldizkariaren zuzendaritza lana, ordura arte Luis Martínezek betetako lekua, hain zuzen be. Zuzenbidean lizentziatua da Bartzelonako Unibersidadean eta Kazetaritzan Nafarroako Unibersidadean, eta ikasketa horreei UNEDen egindako Historia ikasketak gehitu eutsozan. Bere ibilbide profesionala Asturiaseko La Nueva España egunkariaren Gijongo erredakzinoan hasi eban, eta handik Cinemanía aldizkarira joan zan, hasieran erredaktore lanak egiteko eta ondoren erredaktore buru eta zinema kritikari legez. Horrezaz gan, beste hainbat komunikabidetan be ibili da, El País eta La Vanguardia egunkarietan eta Radio 3 (RNE) irratian, adibidez. Fútbol y Cine. El balompié en la gran pantalla liburua idatzi eban. Eta zutabeak be idazten ditu AS egunkarian eta laguntzaile lez ibilten da hainbat saiotan: Tentaciones (Canal+), La Ventana eta Hoy por Hoy (Cadena Ser), Rolling Stone, Gentleman, Don Balón aldizkarietan eta La Nueva España egunkarian.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu