Txistulari Egunaren 60. urteurrena ospatuko da Durangon

Bizkaie! 2015-03-13 09:55   Musikea

Aurten, Jaizale-Durangaldeko Txistulari Alkarteak Durango aukeratu dau egun hori ospatzeko eta 60. urteurrena danez, hiru egunetan ospatzea erabagi dabe, barikuan hasi eta domekara bitartean, hain zuzen.

Aurten 60 urte beteko dira Durangaldeko txistulariek eskualdeko herrietan kontzertuak eskaintzen hasi ziranetik. Urtero, San Jose egunean batu izan dira huts egin barik Txistulari Eguna ospatzeko, 1971tik 1978ra izan ezik baimenik ezagaitik. Lehenengotan txistulariak bakarrik batzen ziran, mezatan joten eben eta bazkari bategaz amaitutzat emoten eben eguna. Gaur egun, kontzertuetan, txistulariez gan, abeslariak eta jantzariak izaten dira tartean. Aurten, Jaizale-Durangaldeko Txistulari Alkarteak Durango aukeratu dau egun hori ospatzeko eta 60. urteurrena danez, hiru egunetan ospatzea erabagi dabe, barikuan hasi eta domekara bitartean, hain zuzen.

Kontuak kontu, gaur, hilak 13, hasiko da Txistulari Egunaren egitaraua; iluntzeko 19:00etan, Durangaldeko Txistulariek kalejira baten bidez iragarriko dabe jaiaren hasierea. Ordubete geroago, Kurutzasantu Museoan Arozena anai gipuzkoarrek -Aitor (txistua), Xanet (gitarra) eta Urko (perkusinoa)- Arozenatarren Ttunttuna ikuskizuna eskainiko dabe.

Beste alde batetik, ospakizunaren ibilbidea gogoratzeko, argazki erakusketa bat antolatu dabe Andra Mari eleizpean zapatuan, goizeko 11:00etatik iluntzeko 20:00ak arte. Danetara, bederatzi panel izango dira eta irudi, datu istoriko eta partitura ugari eskainiko dira bertan.

Egun handia domekea izango da. Hasteko, goizeko 9:30ean hiru talde kalejiran ibiliko dira herri guztian zehar. Kontzertu nagusia eguerdiko 13:00ean hasiko da Andra Mari eleizpean eta ehun bat partaide egongo dira, musikari, abeslari eta jantzarien artean. Hain zuzen be, berrogei txistulari, Durangoko Orfeoia, dultzainajoleak, alboka eta pandero joleak eta Durangoko jantzariak izango dira tartean.

Carlos Sánchez zaldibartarrak moldatutako Durangoko Alkate Soiñuagaz hasiko da emonaldia. Jarraian Baltsen potpourria, Herrimin, Federico Corto durangarrak konposatutako Baltsa bariazioekin, Martxa baten lehen notak, Bizkaia maite, Kalejiren potpourria eta Leonena lanak eskainiko ditue. Durangoko sortzaileen lanak izango dira kontzertu amaierako protagonistak, izan be, ekitaldia Eusebio Bilbaok sortu eta Andres Granadosek moldatutako Herri maite obreagaz eta Granadosek berak konposatu eta Marisa Barrenak idatzitako berbak batzen dituan Kaixo Durango doinuak eskainiko ditue. Zuzendaritza lanak, barriz, Fernando Urainek eta Eleder Iturrietak egingo ditue.

Kontzertu denporan, omenaldi bat egingo jako Amaia Aroma txistulari durangarrari, bera izan zalako Bizkaiko eta Euskal Herriko aitzindarietako bat, eta gaur egun herrian dagoan txistularirik nagusiena da. Jaia amaitzeko, Xabier Etxeitak eta Miriam Uriak Durangaldeko Erregalak eskainiz jantzan egingo dabe, eleizpean bertan, Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinuagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu