Ray Fernandez kubatarraren bizipoza gurean izango da
2015-02-25 10:50 MusikeaRayren abestien letrak bereziak dira, haren ahotsa apartekoa da eta abesterakoan erakusten dauen indarra ahaztu ezinekoa. Gainera, Ray Fernándezegaz musikari onak datoz, haren erritmo bizi eta inprobisazino senera ondo ohituriko Miguel Alejandro Valdés baxua, Roylan Carballosa perkusionistea eta Lorenzo Molina tronpeta jolea.
Gitarrea eskuan, Ray Fernández, errealidadeari buruz hausnatzen eta ondo pasetan konbidetan gaituen kubatar trobadorea da. Islaren erdialdeko Villa Clara aldekoa sortzez, Habanako sortaldean dagoan Alamar auzoan hazi zan, ostera. Sukaldaria ikasbidez, Ray Alamarren bertan eta gauetako Malekoian hezi zan abeslari moduan.
Abeslaria eta poetea aldi berean, Kubako kantagintza zahar eta barriaren jaube, eta kanpoko soinugintza guztia irunsten dauena; Rayk egunero pasetan dana kontauko dau, kronika soziopolitiko hori umorez eta berehalakotasunez azaltzeko. Kaleko berbakeraz eta erreferentzia kultuakaz, inguruaren ganean berba egiten dau: eskasia ekonomikoa, errealidade sozialak, bortxa politiko eta gizajentearen hobekuntzarako zailtasunak...
Oso ezaguna da Lucha tu yuca (zeure uruna) izeneko abestia; abesti horretan, gaur eguneko kubatarraren eta antxinako indigenen arteko analogia proponiduten dau, gaur egun irlan bizi diran zailtasunak azaltzeko: Que la jugada está apretá/ todo el caney lo sabe,/ que no abunda el taparrabo/ y no alcanza el casabe/ que está cara la magia y más la medicina,/ ¡ay, que se nos prostituyen las taínas!. Abesti hau irlan aspalditik daben eskasia ekonomiko eta perspektiba falteari buruzkoa da, jakina. Pero tú, errepetiduten dau Rayk, tú lucha tu yuca, taíno, lucha tu yuca. Alegoria mingarri eta aldi berean barregarri hori proponiduten deutse Rayk bere aberkideek ulertu deien eurek eregi beharko dabela euren etorkizuna, ez deutselako inongo botere absolutuak zoriona ekarriko.
Kronika sozial asko egin ditu Rayk, langileez eta gerenteez, abere-hiltzaileez eta emigranteez. Haren abestiak entzunez, Kuban zer pasetan dan hango eta hemengo telebista ikusiz baino gehiago ikas daiteke. Baina Rayren gaiak bestelakoak be badira, amodioak eta desamodioak ezin isilean gorde Karibeko arratsaldetan. Poema ederrak be abesten ditu, José Lezama Limari eskaini eutson El son de José abestia tartean.
Rayren abestien letrak bereziak dira, haren ahotsa apartekoa da eta abesterakoan erakusten dauen indarra ahaztu ezinekoa. Gainera, Ray Fernándezegaz musikari onak datoz, haren erritmo bizi eta inprobisazino senera ondo ohituriko Miguel Alejandro Valdés baxua, Roylan Carballosa perkusionistea eta Lorenzo Molina tronpeta jolea.
Habanan bizi diran euskaldunek Ray-ren adiskidetasunaz gozetako subertea dabe aspalditik. Aberri Egunetan parte hartzen dau eta Diablo Tun-Tunen dago eguenero. Baina Habanaraino joan ezin diranak, Ray Euskal Herrian ikusteko eta haren abestiez gozetako aukera ezin hobea dabe orain, zezeilaren 28tik aurrera (Oñatiko Gaztelekuan). Ganerako kontzertuen barri alboan erantsitako kartelean topauko dozue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!