Xosé María Díaz Castroren 'Nimbos / Argi-koroak', galego-euskera edizino elebidunean

Bizkaie! 2014-12-17 10:37   Kulturea

Eusko Jaurlaritzearen eta Galiziako Xuntaren arteko alkarlanari esker, Xosé María Díaz Castro poeta galiziarraren Nimbos / Argi-koroak liburua irakurgai dago gaurdanik euskal irakurleentzat be, galizieraz eta euskeraz argitaratu dan edizino elebidunean.

Eusko Jaurlaritzearen eta Galiziako Xuntaren arteko alkarlanari esker, Xosé María Díaz Castro poeta galiziarraren Nimbos / Argi-koroak liburua irakurgai dago gaurdanik euskal irakurleentzat be, galizieraz eta euskeraz argitaratu dan edizino elebidunean.

Donostian egindako ekitaldian aurkeztu dabe argitalpena Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Valentín García Gómez Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak. Bi arduradunek Espainiako Gobernuari eskatu deutse abian jarri daizala edizino eleanitzak (euskera-galiziera-katalana-gaztelania) argitaratzeko ekimenak. Ekitaldian, Euskadigaz lotura estua izan eban idazlearen semeetako bat be izan da: Jose Maria Díaz Zubizarreta.

1961ean argitaratu eban Xosé María Díaz Castro (1914-1990) olerkari galiziarrak Nimbos poesia liburua. Bere liburu bakarra izanagaitik be, Galiziako literaturan arrasto handia itxi dauen idazlea izan da, erreferentea herrialde horretako poesiagintzan.

Baztarrikak Euskadigaz izan zituan harreman eta loturak hartu ditu berbagai. Xosé María Díaz Castro Urretxun ezkondu zan, bertako Teresa Zubizarreta Bengoetxeagaz, 1954an, zehaztu dau. Urretxuarrak dira, era berean, bikoteak izan zituan hiru seme-alabak. Horrezaz gan, poetak anaia bat be izan eban Sestaon, 1954an hil jakona, gaineratu dau.

Bestalde, Nimobs poema bilduma zubi bat dala azpimarratu dau, idazlearen eta irakurleen arteko zubia, lehenik eta behin, baina baita Europako kostalde atlantikoan alkarrengandik ez oso urrun bizi eta etenbarik aurrera egin nahi daben bi hizkuntzen eta bi hiztun komunidadeen arteko zubia be. Euskeraren eta galegoaren arteko zubia. Euskeraz eta galegoz irakurle diranen arteko zubia, nabarmendu dau.

Era berean, edizino elebiduna lankidetzearen emoitzea dala be azpimarratu dau Baztarrikak. Lankidetzea da berba gakoa, hizkuntzen sustapenaz berba egiten dogunean, batez be, galegoa eta euskerea lako hizkuntzen arteko hartu-emonen berba egiten dogunean. Lan asko eginda gagoz alkarregaz geure hizkuntzen sustapenerako Espainiar Estaduko eta Europako instituzinoen aurrean, adierazo dau.

Beste alde batetik, Valentín Garcíak Díaz Castroren olerkigintzeak Galiziako letretan izan dauen garrantzia nabarmendu dau eta, lan ugaririk ez izan arren, kritiko eta adituen ustez, Galiziako diskurso poetikoak sekula izan dauen erreferenterik funtsezkoena da. Idazle honek Galiziako Letren Errepublikan izan dauen loria, 'Nimbos' lan honi zor deutso, gaineratu dau.

Eusko Jaurlaritzearen eta Galiziako Xuntaren arteko alkarlan hau, idazleari zor jakon eta ondo merezidutako argitalpena dala azaldu dau Garcíak, harek Euskadigaz izan zituan lotura estuak dirala eta.

Gerardo Markuletak ekarri ditu euskerara Nimbos / Argi-koroak laneko olerkiak. Liburuaren berbaurrea Xesús Alonso Montero Galizierearen Errege Akademiako presidenteak idatzi dau, Díaz Castroren bizitzaz eta obraz saiakera oparoa. Berbaurrea, barriz, Euskaditik idatzia da, baina bertan aspaldi errotutako galiziar baten eskutik: Xosé Estévez Deustuko Unibersidadeko irakasleak hartu dau lan hori.


Xosé María Díaz Castro

Xosé María Díaz Castro 1914an jaio zan Lugoko Os Vilares herrixkan (Guitirizeko kontzejuan), nekazaritza familia dirudunean. Mondoñedoko seminarioan egin zituan ikasketak, 1936ko gerrak eten baeban be hango egonaldia. Gerrea amaitutakoan seminariora itzuli arren, berehala itxi eban eleizbidea. Irakasle jardun eban gerra ostean Vilagarcía de Arousan, baina Madrilen itzultzaile oposaketak gainditurik, lanbide horretan jardun eban zenbait erakunde ofizialetan. 14 hizkuntza be baekizan.

1954an, Teresa Zubizarreta Bengoetxea urretxuarragaz ezkondu zan, Urretxun bertan, eta bikotearen hiru seme-alabak be herri horretan jaio ziran. Gerra garaiko harreman epistolarraren bidez ezagutu eban emazte izango ebana. Gerrako amabitxi zan Teresa: gutunak idazten eutsezan soldaduei, euren adorea pizteko asmoan.

1961ean argitaratu eban Nimbos, bere liburu bakarra; 32 poema jasoten ditu, zazpi ataletan banatuak: Atarikoa, Gaua, Argia, Esperantza, Miraria, Ametsa eta Zauria. Jakituria klasikoaren erakusle dira Nimbos laneko bertsoak, baina arima galiziarraren sustraietan barruratzen dan sakontasun filosofikoa, edo natura eta gauza txikiakazko amodioa be islatzen ditu.

Esperantza izeneko laugarren atalak jasoten dau Diaz Castroren poemarik ezagunena eta gorena: Penelope. Galiziaren eta pertsonaia mitologiko horren arteko paralelismoak eregiten ditu olerkariak poema horretan.


Gobernuari eskaerea

Eusko Jaurlaritzeak, Galiziako Xuntak eta Kataluniako Generalitateak proposamena egin deutsie Espainiako Gobernuari, edizino eleanitzak argitaratzeko ekimena abian jarri daian (euskara-galiziera-katalana-gaztelania), hizkuntza horreetan idatzitako literatur lan esanguratsuakaz.

Proposamena litzateke, euskeraz, galizieraz edo katalanez sortutako lanen aukeraketa bat jatorrizko bersinoa eta ganerako hizkuntza guztietarako itzulpenak -gaztelania barne- jasoko leukezan edizinoan argitaratzea. Patxi Baztarrika sailburuordeak eta Galiziako bere kide Valentín Garcíak aurkeztu dabe proposamena, liburuaren aurkezpen ekitaldian.

Espainiako Estadua estatu eleanitza da, baina elebakarra balitx moduan jarduten dauena, ganerako hizkuntzen zabalkunderako jarrera aktiborik erakutsi barik, azaldu dau Baztarrikak, eta ekimen honen asmoa zein dan azaldu dau: Espainiako Gobernuak hartu daiala konpromiso aktiboa Estaduko aniztasun linguistikoa ikustarazoten eta zabaltzen, Estaduaren lurralde guztian.
 
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu