Neska senegaldar bat izan da Otxandategi taldearen inspirazinoa 'Abby Potxola' diskoa sortzeko

Bizkaie! 2014-11-14 14:46   Musikea

Abby Potxola nobedadea izango da Durangoko 49. Azokan, eta Elkarren standean egongo da salgai. Lanaren zuzeneko lehenengo aurkezpena Ahotsenea gunean izango da, abenduaren 6an (barikuan). Saldutako kopia bakotxeko euro 1 bideratuko dau Otxandategik Jammu taldeko familientzat (hamabi lagunez osatutako familia senegaldar batek 600 eurogaz pasau leike urte osoa).

Otxandategi Abestaldeak, Berangoko herritar talde batek musika eta kultureagazko eban interesetik sortutako taldeak, Abby Potxola diskoa plazaratu dau; musika korala eta pop instrumentazinoa, istorio hunkigarri batean inspirauta. Protagonistea Abby da, gultzurrunetako gatxa eban Senegalgo neskatxu bat. Tratamendua jasoteko asmoz Euskadira etortekoa zan, baina, zoritxarrez, lehenago hil zan.

Albuma euskeraz grabau da, Urdulizko Tío Pepe estudioetan eta lanean Njobak (Abbyren aita eta Jammu taldeko kidea) parte hartu dau.

Otxandategi Abestaldea 28 ahots mistok eta zortzi musikarik osotzen dabe. 2012an, lehenengo albuma (Berango) autoeditau eben. Lan horretako abestiak bertako jente, ibai, mendi eta tradizino errotuenetan dagoz inspirauta, eta diskoaren 2.000 kopia inguru saldu zituen.

Jammu taldeagaz egindako kultur trukeko bidaia batean, taldekideek Abby txikia ezagutu eben, eta neskatxuaren berezko enkantuagaz liluratuta geratu ziran. Abbyk gultzurrunetako gatxa eukan, eta hori osatzeko tratamendu baten zain egoan luzaroan. Horregaitik, Iñaki Gonzalezek, Otxandategiko zuzendariak, Abby Euskadira ekarteko gestinoak hasi zituan. Bitartean, Abbyren aita eta ganerako musikariak Berangoko taldeak eskaintzen zituan ikuskizunetan parte hartzen hasi ziran. Baina bidaia baino aste bi lehenago, Abbyk krisia izan eban, eta ezin izan eban gainditu, izan be, euren herritxutik uriburura, Dakarrera, 200 kilometro dagoz, eta gurasoek ez eben dirurik lekuz aldatzeko. 2013ko martian 17 hilebete zituala hil zan.

Ezbehar horrek Abbyren omenezko proiektua abiarazo eban. Diskoak musika koralaren eremura daroaz Euskal Herriko eta nazinoarteko abestiak, barritasun bategaz: pop eta rock estiloen berezko musika tresnakaz (bateria, baxua, teklatua eta gitarra elektrikoak) eta nazinoarteko folkloreko instrumentuakaz (perkusino afrikarra, gitarroia eta charango boliviarra) interpretau dira. Lana osotzen daben 13 abestietatik (gehienak euskeraz)  bat diskoko abesti esangurutsuena da, eta izen bera dauka: Abby Potxola; abestian, Njobak, Abbyren aitak, euskeraz abesten dau. Abestiak bideoklip bat be badauka, eta dagoeneko ikusgai dago youtube plataforman.


Aitzindariak Bizkaian


Otxandategi Abestaldea Berangoko Simón Otxandategi Jantza Taldearen barruan dago. 1943an sortu zan (2018an 75. urteurrena ospatuko dau), horregaitik, gure folkloreko talde aitzindarietako bat da. Horrezaz gan, beste hainbat azpitalde hartzen ditu barruan: gaita-jotzaileak, txistulariak, joaldunak edo zanpantzarrak eta umeen jantza taldea. Euskal kulturea, oro har, eta batez be Bizkaiko kulturea sustatzeko asmoz, Otxandategi taldeak hainbat diziplina batzen dituen ikuskizunak eskaintzen ditu. Horreekaz, Euskadin zehar ibili da, eta hainbat herrialdetako jaialdietan be izan da: Espainia, Polonia, Alemania, Austria, Holanda eta Senegal. Azken herrialde horregaz, folkloreari lotutako hartu-emon estuak ditu, Berango osoa hunkitu eban neskatxuaren omenez, bihotzagaz eta sentimentu guztiagaz egindako proiektu honen bitartez.

Abby Potxola nobedadea izango da Durangoko 49. Azokan, eta Elkarren standean egongo da salgai. Lanaren zuzeneko lehenengo aurkezpena Ahotsenea gunean izango da, abenduaren 6an (barikuan). Proiektuak helburu solidarioa be badauka, izan be, saldutako kopia bakotxeko euro 1 bideratuko dau Otxandategik Jammu taldeko familientzat (hamabi lagunez osatutako familia senegaldar batek 600 eurogaz pasau leike urte osoa).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu