'Posiblea da eta merezidu dau', AEK-k 2014-2015 ikasturteko matrikulazino kanpainea aurkeztu dau
2014-09-04 15:06 Euskerea berbagaiEuskerea ikasteko hainbat motibazino eta helburu egonik, posiblea dala eta merezidu dauela azpimarratu dabe AEK-ko arduradunek, nor bere arrazoiakaz, bere helburuakaz, nor bere mailatik abiatuta. Euskerea nahi izate hori norberaren esku dago, norberaren gogo eta beharren barruan.
Posiblea da eta merezidu dau Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak datorren ikasturterako matrikulazio kanpainea aurkeztu dau, Euskara praktikoa lelopean. AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta Artezkaritza Kontseiluko kideek (Asier Amondo, Helios del Santo, Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, Bixente Claverie) emon dabe AEKren eskaintzearen barri.
Euskara praktikoa kanpainak ikasleak ditu protagonista, igaz euskaltegiak bete eta udan barnetegi eta ikastaro trinkoetan euskerea ikasten jardun daben milaka ikasleak; eta ikasturte barrian euskerea ikastera etorriko diran lagun guztiak, Mugikaren esanetan. Horregaitik aukeratu dabe Sara Cozar aktorea kanpainearen irudia izateko (Cozarrek EGA titulua eskuratu barri dau, pasa dan ikasturtean Donostiako AEKn ikasle izanda). Era berean, beste lau ikasleren testigantzea be erakutsi dabe, horreekaz grabautako bideo baten bidez.
Kontuak kontu, euskerea ikasteko hainbat motibazino eta helburu egonik, posiblea dala eta merezidu dauela azpimarratu dabe AEK-ko arduradunek, nor bere arrazoiakaz, bere helburuakaz, nor bere mailatik abiatuta. Euskerea nahi izate hori norberaren esku dago, norberaren gogo eta beharren barruan. Ganerako guztia AEK-k jarten dauela berretsi dau Mugikak: Euskaltegiak Euskal Herri osoan, urte osoan zehar zabaldutako barnetegia Foruan, irakasle talde prestu, prestatu eta eskarmentuduna, egunean bi orduko euskalduntze ikastaroak, ikastaro trinkoak, titulu homologatuak lortzeko aukera maila guztietan, 3. maila/EGA eta 4.a barne, auto-ikaskuntzea, on-line ikastaroak www.egela.aek.org gunean, mintzamena lantzeko praktika jarduerak, lan mundua euskalduntzeko egitasmoak, itzulpen zerbitzua, irakur zaletasuna sustatzeko AIZU! aldizkaria....
Gainera, diru-laguntzinoak be badirala gogorarazo dabe. Alde batetik, udal askok emoten dituenak. Eta bestetik, Eusko Jaurlaritzeak HABEren hizkuntz eskakizunak gainditzeagaitik eskaintzen dituanak.
Bestalde, prentsaurreko hau erabili dau AEK-k Bixente Claverie aurkezteko, bera izango baita aurrerantzean Iparraldeko ordezkaria AEKren Artezkaritza Kontseiluan, Jakes Bortairuren lekuan. 2015eko martian egingo dan 19. Korrikaren aurkezpena, barriz, udagoienerako itxi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!