San Justoko karobia barriro ketan ipiniko dabe zapatuan, abuztuaren 2an

Jon Urutxurtu 2014-07-30 12:56

Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, Forum Iberico de la Cal (FICAL) alkarteko ordezkariak -Mallorca eta Madriletik etorritakoak- izetuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 2an, zapatuan, 11:00etan. Ipizki taldeak antolatuta, urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurixkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.

Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, Forum Iberico de la Cal (FICAL) alkarteko ordezkariak -Mallorca eta Madriletik etorritakoak- izetuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 2an, zapatuan, 11:00etan. Ipizki taldeak antolatuta, urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurixkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.

Orain dala hemeretzi urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan San Justoko karobia, eta ordutik hona, hutsik egin barik, urtero, abuztuaren lehenengo astegoienean martxan ipinten dabe. Igaz, Moron de la Fronterako (Sevilla) Karearen Museotik etorritako ordezkaritzeak biztu baeban kare-labea, aurten Mallorcatik eta Madrildik Zeanurira etorriko dan Forum Ibérico de la Cal (FICAL) alkarteko sei bat lagunek osotutako ordezkaritzeak izango dau protagonismo berezia karobia sutan ipinteko ekitaldian, Juan eta Julian Aranagaz batera.

FICAL alkarteak kareagaz zerikusia daben profesionalak (produktoreak, zaharbarritzaileak, eregitzaileak, unibersidadeko irakasleak...) batzen ditu, material honen inguruko ezagutzak partekatzeko. Bere helburu nagusia honako hau da: karearen produkzinoa eta erabilerearen ikerketea, formakuntzea eta hedapena bultzatzea.

Karobia izetuu ostean, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat: urdaia, pamitxea eta ardao.14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justuko harexpean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu leike, aurretik izena emonda.

Hurrengo egunean, abuztuaren 3an, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:00etan mezea izango da. Mezearen ostean maiordomoak barauskarria —ardao zuria eta galletak— banatuko ditu jentearen artean eta jarraian paella txapelketea izango da.

Eguraldia lagun eta ohiturea segiduz, asko izango dira bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian, 17:30etik aurrera, bola eta mus txapelketetan parte hartzeko aukerea izango dabe.

Juan eta Julian Arana, maisuak

Karobia martxan ipinteko Ipizkikoak 1950ean toki berean azkenengoz karea egin eben Juan eta Julian Aranagaz harremanetan ipini ziran, eta euren zuzendaritzapean konponketa eta zaharbarritze beharrei ekin behar izan eutsien hilabete bian, kare labea ketan jarri aurretik. Ordutik, urtero, abuztuaren lehenengo astegoienean martxan ipinten dabe.

Otzerinmendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik, eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziran 1950ean leku horretan azken aldiz lan egin ebenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziran bitartean, Julian eta Kandidok, idi pare bategaz, Atxebeiko beheko errekatik —San Justo goiko aldean— kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekarten eben. Soroetan ongarri moduan erabili ziran 2.000 kintal (100.000 kilo) kare produzidu zituen guztira.

Ipizkiko Igor Intxaurragak dinoenez, Juan eta Julian Aranaren gidaritza barik ezinezkoa izango jakun karobia berreskuratzea eta martxan ipintea, eurak izan ziran 1950ean toki berean azken aldiz karea egin ebenetako bi eta eurak dira gure maisuak. Ganera, urtero erantzuten deutsie karobia martxan ipinteko ekitaldiari eta aurten be hor egongo dira. Felix Goikuria zana be, ezinduta egon arren, urtero etorten zan San Justora bere aholkuak emoteko.


San Justokoa, karobi frantsesa

San Justokoa karobi frantsesa esaten jakona da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauz eregitakoa. Apurka-apurka estutzen dan zulo bat da, 4 metroko sakonerea daukana, eta 150 zentimetroko zabalerea goiko aldean eta 40koa behekoan.

Kare labe frantsesak era honetan egiten dabe lan: erregai funtzinoa jokatzen dauen egurrez beteten dira, gero, ganean, kareharri ipinten da eta sua emoten jake. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egurrez eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregaitik hirulau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.


San Justo jaietako egitaraua

Zapatua, abuztuak 2
- 11:00etan, Karobia biztu.
- Ostean, hamaiketakoa.
- 14:30ean, auzo-bazkaria

Domekea, abuztuak 3
- 12:00etan, mezea
- Ostean, barauskarria
- 13:30ean, paellen aurkezpena
- 17:30ean, Bola eta Mus txapelketea

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu