'Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen' proposamena da ikasleak euskalduntzeko biderik egokiena

Bizkaie! 2014-05-16 15:18   Euskerea berbagai

Kontseiluaren barruan batzen diran hezkuntza alorreko eragileek, Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamenagaz lanean dabilz. 2008an osotu eben proposamenaren inplementazinoagaz jarraitzeko helburuagaz, Gaur egungo irakastereduak aztergai dokumentala (laburpena) egin dabe proposamena ezagutzera emoteko asmoz.

Kontseiluaren barruan batzen diran hezkuntza alorreko eragileek, Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamenagaz lanean dabilz. 2008an osotu eben proposamenaren inplementazinoagaz jarraitzeko helburuagaz, Gaur egungo irakastereduak aztergai dokumentala (laburpena) egin dabe proposamena ezagutzera emoteko asmoz. Gaur egun hezkuntzearen alorrean bizi dogun egoeran, LOMCE legea indarrean sartzear dagoala kontuan hartuz, ikasleak euskaldunduko dituan proposamena indarrean jarteak are behar handiagoa jarten deusku mahai gainean. Abagunea aintzat hartuta, ikasle guztiak euskalduntzea helburu dauen aitatutako proposamenaren lanketan beste pausu bat emotea erabagi dabe.

Euskerearen normalizazinoan hezkuntzearen alorra lehentasunezkoa da. Hizkuntza bat normalizetako bete behar dan helburuetako bat hiztun barriak sortzea da. Hezkuntzeak nahitaezko funtzinoa beteten dau hizkuntza baten berreskurapen-prozesuan. Bertan etorkizuneko belaunaldia dago, etorkizuneko jendartea hazur mamituko eta gidatuko dauena, hain zuzen. Gainera, hainbat ikerketak erakusten dabe gazte-garaian finkatzen eta izaten dirala hizkuntza erabilera nagusienak, hau da, hizkuntza batean edo bestean biziteko erabagia gazte garaian hartzen dala. Ikasle guztiak euskaldundu daitezen ikasketa prozesua amaitzean Kontseiluaren lehentasunetako bat izan da eta da gaur egun be.

Ereduen sistemea sortu zanetik, ez da lortu ikasle guztiak euskalduntzea. Ikerketek agirian itxi daben moduan, gaur egun indarrean dagozan ereduetatik bakar batek ez ditu ikasleak bere osoan euskalduntzen, nahiz eta D eredua dan hortik hurren dagoana; urrun gagoz, beraz, ikasle guztiak euskalduntzetik. Hori aintzat hartuta, Kontseilua osotzen daben hezkuntza sektoreko bazkideek (Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Kristau Eskolak, Sortzen eta Hik Hasi) alkarlanean Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena sortu eben 2008an.

Gaur egun hezkuntzearen alorrean bizi dogun egoeran, oraindino be garrantzia handiagoa hartzen dau murgiltze eredu orokortua ziurtatuko dauen hezkuntza sistemea indarrean izateak. Hego Euskal Herrian LOMCEren aplikazinoagaz hastear dagozala eta, honi aurre egiteko modurik egokiena ikasle guztiak euskaldunduko dituan proposamena apliketea da, duda barik. Hau, ez da esperimentuetarako momentua. Ezagutzen dogu ikasleak euskalduntzeko zein dan modurik eraginkorrena, hau da, euskerazko murgiltze eredua.

Euskaldunduko dauen eredu hori orokortu eta ikasle guztiak euskaldundu daiguzan. Momentu honetan, orain dala sei urte sortutako proiektuaren aplikazino bat jarri da honezkero bi ikastetxetan, Aitor Ikastolan eta Dimako eskolan, hain zuzen. Horreek abiapuntu izan dira, baina gure helburua ikasleak euskaldunduko dituan aitatutako proposamena ahalik eta gehien zabaltzea da, izan be, ez da ahaztu behar, murgiltze eredua dala gaur egun gizarte kohesinoa ziurtatzen dauen bakarra. Hego Euskal Herrian ezarritako ereduen sistemeak, kohesinorako baino bereizketarako bide emon dauen bitartean, guk hori gaindituko dauen proposamena egiten dogu. Katalunia da horren eredu. Ezin dogu ahaztu, Estadu espainiarrak, bere lege erreformeagaz, horren kontra egitea izan dauela helburu.

Proiektua bera ezagutzera emoteko, ordu erdiko dokumentala produzidu dogu, sektoreko adituen eretxiakaz osotutakoa. Gure helburua, gure proposamena hezkuntza alorrean lanean dabilzan profesionalei zein gurasoei ahalik eta modu pedagogikoenean azaltzea da eta horregaitik erabili dogu formatu hori. Bideoaren zabalkundea ikastetxeetan egingo da epe laburrean. Bateren batek bere ikastetxean edo herrian zuzenean honen barri jaso nahi izatekotan, Kontseiluagaz harremanetan jar daiteke kontseilua@kontseilua.org helbidera idatziz. Bideoa interneten ikusteko aukerea be izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu