Zeanurin zehar, aurten be errotarik errota

Jon Urutxurtu 2014-04-29 17:47

Maitzaren 4rako prestau dabe Joko Alaik eta Ipizki Taldeak 2014ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten bederatzigarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek. Urteeera goizeko bederatzietan izango da, herriko plazan.

Maitzaren 4rako prestau dabe Joko Alaik eta Ipizki Taldeak 2014ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten bederatzigarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez, helburuak hasierako berberak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea.

Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan -Ibargutxin eta Olabarrin- sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.


Ibilbide bi: luzea eta laburra

Bi ibilbide atondu ditue antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa, 12 kilometrokoa, umeentzako edo ondo prestauta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana.

Urteerea herriko plazan izango da, 9:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrota aurkituko dabe, Beretxikora errekatxuaren ertzean.

Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jatsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica enpreseak.

Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibarko erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak zaharbarritua—, eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.

Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko dauela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.


Ibilaldiari buruzko zehaztasunak:

- Eguna: maiatzaren 4a, domekea.
- Izena emotea: 8:30etik aurrera, herriko plazan. 4 €
- Urteerea: 9:00etan.
- Ibilbidea: 18 kilometro inguru; umeentzako ibilbide laburra: 12 kilometro.
- Jan-edana: Alkiberren jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábricak.
- Errotak lanean: ibilaldiaren hasieran Ibargutxiko errotan eta amaieran Olabarrikoan sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe ibiltariek.
- Antolatzaileak: Ipizki Taldea eta Joko Alai Alkartea.
- Laguntzaileak: Gastronomía Cantábrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Zeanuriko Jubilatuen Tabernea eta Arratiako Gurutze Gorria.

Informazino gehiago: www.ipizki.com edo telefono honetan: 653016117

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu