'Berriz', Ezinean taldearen 3. diskoa plazan da

Bizkaie! 2014-03-21 11:23   Musikea

Hardcore erritmo azkarretan buru-belarri sartuta, baxu eta gitarra dibertigarriz jantzitako ahots eta koru melodiko ausartak gidaritzat hartuta bueltau da Ezinean, oraingo honetan Berriz izenburupeko diskoa besapean (Oihuka).

Hamalau kantuko bilduma bizia da Berriz, hardcore melodikoari eutsiz, doinu, letra eta instrumentazino aberatsez horniduta. Eurek grabau dabe diskoa, Urrestillako lokaletan, ondoren Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan nahastau eta Dr. Masterren masterizau eben. Emoitzea eskuetan ebela diskoetxeetako ateak joten hasi ziran: lehen bi diskoak kaleratutako Gor-ena eta Elkarren Oihukarena. Azken horreen lan egiteko modua egoki ikusita, diskoa eurekaz kaleratzea erabagi eben Ezineaneko kideek.

Azpeitiko Ezinean musika taldea 2001. urte inguruan sortu zan, Oihan Amezua (bateria), Oier Eceiza (gitarra eta koruak) eta Iban Amenabar (ahotsa eta baxua) partaide zitualarik. 2005. urtean maketa bat grabau eben euren lokalean Oihan Lizasoren gidaritzapean, eta azken hau, maketearen grabazinoaren ostean, laugarren taldekide izatera pasau zan (gitarra eta koruak).

2006. urtean lehenengo diskoa kaleratu eban Ezinean taldeak, Ezinean izenburupean (Gor). Taldearen bigarren diskoa 2008. urtean plazaratu eben, Zuretzat izenburupean (Gor).

2009. urteko Bilboko Aste Nagusiko kontzertuagaz Ezinean taldeak bigarren diskoa aurkezteko kontzertu birea amaitutzat emon eben. Ensaieteari nahiz kanta barriak sortzeari sekula itxi ez arren, bizitzako zenbait gorabeherak eraginda, Ezinean taldea kontzerturik emon barik nahiz diskorik kaleratu barik egon da ia lau urtetan. Zorionez, 2013. urtean eszenatokietara bueltau ziran, lehen diskoko partaide bardinakaz.

Dozena erdi bat kontzertu emon ondoren, 2014. urtean Ezinean taldeak bere hirugarren diskoa argitaratu dau. Hardcore erritmo azkarretan buru-belarri sartuta, baxu eta gitarra dibertigarriz jantzitako ahots eta koru melodiko ausartak gidaritzat hartuta bueltau da Ezinean, oraingo honetan Berriz izenburupeko diskoa besapean (Oihuka).

Berriz laukote bera, berriz ilusino bera, berriz indar bera, berriz Ezinean. Etxean, Azpeitian ekingo deutsie bihar, hilak 21, diskoa zuzenean aurkezteko bireari.


Ezinean zuzenean

2014-03-22 - Azpeitia (Gipuzkoa), San Agustin Kulturgunean.
2014-04-04 - Berriz (Bizkaia), Gaztetxean.
2014-04-12 - Zumarraga (Gipuzkoa), Gaztetxean.
2014-04-19 - Santurtzi (Bizkaia), La Kelo Gaztetxean.
2014-04-25 - Lizarra (Nafarroa), Katxetas tabernan.
2014-05-02 - Donostia (Gipuzkoa), Bukowski aretoan.
2014-05-10 - Olazti (Nafarroa), Gaztetxean.
2014-05-23 - Getaria (Gipuzkoa), Gaztetxean.
2014-05-24 - Anoeta (Gipuzkoa), Gaztetxean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu