Practice Your Music softwarea, musikea praktiketako atxakiarik ez

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-12-10 14:50   Musikea

Oskorri taldeagaz joten ikastea ez da aukera makala. Aitor Altzibarrek, Unai Gonzalezek eta Asier Ercillak sortutako Practice Your Music softwareak aukera hori eskaintzen dau, eta gehiago be bai. Edozein lekutan, edozein momentutan, musikea praktikau daiteke aplikazino barri honi esker. Abenduaren 21ean egingo dan The Pub Ibiltaria kontzertuaren barri be emon dabe.

Oskorri taldeagaz joten ikastea ez da aukera makala. Aitor Altzibarrek, Unai Gonzalezek eta Asier Ercillak sortutako Practice Your Music softwareak aukera hori eskaintzen dau, eta gehiago be bai. Edozein lekutan, edozein momentutan, musikea praktikau daiteke aplikazino barri honi esker.

Aitor Altzibar PYMren kudeatzailea eta Oskorrriko Natxo de Felipe eta Anton Latxa izan dira aurkezpenean, Bilboko BBK Salan. Bertan aretoan egingo dabe The Pub Ibiltariaren kontzertua aurten be, abenduaren 21ean, 19:00etan. Eta egun horretan, goizean hasi eta arrastira arte, Oskorriren kantakaz PYM Livegaz praktiketako aukerea izango da.

Orain hiru bat urte hasi ziran Altzibar, Gonzalez eta Ercilla musikea praktiketako softwarea garatzen. Musika eskoletan irakasle ibilitakoak dira, eskolan kasu egiten deutsue, baina etxean ez dabe behar dan beste praktiketan. Beharrizan horrek abiatu eban proiektua. Aplikazino honegaz, ikasleek etxean, edo gura daben lekuan, ahalko dabe jo.

Musikari, irakasle eta musikearen munduko profesionalek hartu dabe parte egitasmoan. Jazz estiloko piezak, berbarako, Iñaki Salvador musikari ezagunak aukeratu eta atondu ditu. PYMren liburutegian makina bat kanta dagoz aukeran, halako bat hartu, eta norberaren gaitasunaren arabera joten hasi daiteke. Abiadurea aldatu daiteke, musika-tresnak aukeratu, taldeko kide bakotxa bakarka entzun, bolumena aldatu eta abar.

Oskorrik pozarren jaso eban PYM aplikazinoan parte hartzeko aukerea. Programa bikaina eta oso egokia begitantzen jako Natxo de Feliperi. The Pub Ibiltariaren 25 kanta sartu ditue Practice Your Musicen, tartean, Gure aitak amari, Antoni Anton, Antxiketan potxiketan, Ixil ixilik, Aldapeko eta Pello Joxepe. Oskorrik The Pub Ibiltariaren hamahiru disko ditu argitaratuta, danetara 230 kanta. PYMeko arduradunek aukeraketea egin eben, eta horretxek grabau ditu taldeak.

Grabazinoa bitxia izan da, De Feliperen esanetan. Oskorriko kideek oinarrizko grabazinoa egin eben lehenengo, eta ganean banan-banan grabau dabe musika-tresna bakotxa eta ahotsa. Berezia izan da, ezin genduan danok alkarregaz jo, gogoratu dau kantariak.

Aurrera begira, musika jaialdi, kultur etxe eta aretotara eroango dabe PYM Live, jenteak bertatik bertara ezagutu daian aplikazinoa. Edozein PC eta Macintosh ordenagailutan erabili daiteke, eta nabigaitzaile garrantzitsuenetarako bersinoak (Chrome, Firefox eta Explorer) prestau ditue.

European Medea Awards, heziketa arloko barrikuntza teknologikoaren arloko sariketan finalistea da PYM. 300 proiektu aurkeztu ziran, eta bederatzi finalisten artean dago. Eguenean jakinarazoko dabe irabazlea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu