Rock gordina dakar Aneika ara hirukote bizkaitarrak lehenengo diskoan

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-12-02 14:42   Musikea

Aneika ara, mila eratan, holan ulertzen dau Zigor Iturbe, Argibel Euba eta Alex Lopez hirukoteak musikea, eta modu horretan azaldu dabe izen bera ipini deutsien diskoan. Hamabi kanta daukaz Aneika ara (Gaztelupeko hotsak) lanak, rocka dau osogai nagusi, eta beste makina bat bere bai. Abenduaren 5ean, Durangoko Azokan joko dabe.

Aneika ara, mila eratan, holan ulertzen dau Zigor Iturbe, Argibel Euba eta Alex Lopez hirukoteak musikea, eta modu horretan azaldu dabe izen bera ipini deutsien diskoan. Hamabi kanta daukaz Aneika ara (Gaztelupeko hotsak) lanak, rocka dau osogai nagusi, eta beste makina bat bere bai.

Orain hiru bat urte hasi zan mamitzen Aneika ara proiektua. Euba eta Iturbek emon eutsien lehenengo bultzadea, ostean ailegau zan Lopez. Uda partean maketea grabau eta Gazteluperi aurkeztu eutsien. Bilboko Haceria aretoan egin eben grabazinoa, Iñigo Olabarri teknikariaren gidaritzapean. Labatik atera barri da diskoa, Durangoko Azokarako prest.

Rocka da diskoko hamabi kantak lotzen dituan haria, baina hori baino askoz gehiago topau daiteke Aneika ara-n. Popa, rock gordina, bluesa, folka... Gure izenak azaltzen dauen lez, era askotara ulertzen dogu musikea, azaldu dau Iturbek. Estiloa ezagutzeko, onena diskoa entzutea da, ganeratu dau Eubak. Kide bakotxak bere ekarpena egin deutso egitasmoari, aberastasuna hortik dator, dinoe.

Beharra nahiko aurreratuta egoala sartu zan taldean Lopez, gitarrea eta bateriaren arteko loturea eregi dau berak. Bien arteko espazioa bete dot nik, maila personalean bere bai, kar, kar, ganeratu dau. Hirukotea da Aneika ara, hori izan da euren erabagia: Nahiko biluzik, gordin egin nahi genduan.

Kanten berbak Iturbek idatzi ditu, Behatz puntetan zain kantearenak izan ezik, horren egilea Iker Yurrebaso da. Eguneroko bizipen personalen ganean idatzi dau, modu abstraktoan, entzuleak irakurketa bat baino gehiago egin daian. Akaso lehenengoan ez da ulertuko -argitu dau- entzuleak esanahia bilatu beharko dau. Ez dogu nahi zirkulu guztia itxita emotea. Abesteko modua nahiko lirikoa da, beste musika-tresna bat balitz lez entzuten da kantetan. Danak bat egiten ahalegindu gara, adierazo dabe.

Hamabi abestien artean bat aukeratzekotan, argi dauka hirukoteak: Erronka. Horrek azaltzen dau ondoen zer dan Aneika ara, taldearen aberastasuna, aniztasuna eta gordintasuna. Izan be, ropck hirukote arruntetik harago joaten ahalegindu dira. Ez dabe gauza karraturik egin gura izan, sakontasuna eta aberastasunaren bila ibili dira.

Diseinu berezia dauka diskoak, behin eta barriz agiri da hiru zenbakia argazkien osaketan. Sahatsa Jauregi eta Manu Uranganek landu dabe taldearen irudia. Eurak be aurkezpenean izan dira. Oso ondo pasau ei dabe, eta ikerketarako tartea be izan da. Iruditeria bat, giro bat sortu dogu, gordintasuna islatu, azaldu dabe. Une bakotxa eregi eta argazkia atera, ez dago osteko lanik, ez dago photosphik.

Daborduko zuzeneko bi ditu taldeak, lehenengoa Durangoko Azokan bertan, Ahotsenea gunean, abenduaren 5ean, 13:30ean. Eta hilaren 20an, Laudion joko dabe, Drumgorri aretoan, 23:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu